Pepe Espaliu artistaren liburutegia Artelekutik Kordobara eramango dute

Donostian 20 urtez izan duen bezala, erabilera publikoa izango du artistaren izena duen arte zentroan ere

Manuel Espaliu, Pepe Espaliu zenaren anaia, atzo, Artelekun, liburutegiko materiala garraiatzeko prestatzen. J.L.Z.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Artelekuren izaera ireki eta librearen sinboloetako bat izan da 20 urtez Pepe Espaliu Liburutegia. Artistak berak hil aurretik hala nahi izan zuela eta, haren liburutegia osatzen duten dokumentuak —4.500 inguru guztira, liburu, katalogo, aldizkari eta bestelakoen artean— Donostiako Txomin Enea auzoko arte zentroan gorde dira 1994tik gaur arte, erabilera publikora bideratuta beti. Pepe Espaliu zenaren familiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailaren arduradunek hala adostuta, Kordobara (Espainia) eramango dituzte orain Pepe Espaliu Liburutegia osatzen duten funts horiek guztiak, Pepe Espaliu Arte eta Arkitektura Garaikideko Zentro Dokumentalera, han ere, Donostian 20 urtez izan duten bezala, erabilera publikoa izan dezaten.

Artelekuren egungo eraikina hustua eta eraitsia izateko prest izango da hilaren amaieran, eta arte zentroaren mediateka Tabakalerako mediatekaren parte izango da aurrerantzean. Erabaki horrek aldaketa nabarmenak eragingo ditu Pepe Espaliu Liburutegiko funtsak Artelekun uztea ahalbidetu zuen akordioan, eta aldaketa horien berri eman zieten Artelekuren arduradunek Pepe Espaliuren oinordekoei. Haiek orduan jakinarazi zieten Pepe Espaliu ardatz nagusi duen arte zentroa zegoela zabalik 2010eko urriaz geroztik Kordoban eta egokia izan zitekeela artistaren liburutegiko funtsak hara eramatea.

Liburutegia Kordobara eramateko akordioa sinatzeak «pena» ematen diola aitortu zuen atzo, Artelekun, Garazi Lopez Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, Pepe Espaliu Liburutegiak oso ondo «osatzen eta azaltzen» duelako Artelekuko mediatekaren eskaintza globala; izan ere, Artelekuko mediatekako funtsak bertatik pasatutako artisten ekinbideen ondorio dira, Espaliuren liburutegikoak bezalaxe. «Baina aldi berean kontentu ere bagaude», azaldu zuen Lopez Etxezarretak, «seguru asko funts honentzat lekurik egokiena izango delako Kordobako zentroa».

Artelekutik eramandako liburutegiak nabarmen «aberastuko» du Kordobako Pepe Espaliu Arte eta Arkitektura Garaikideko Zentro Dokumentala, artistaren anaia Manuel Espaliuren ustez. Esker oneko hitzak esan zituen atzo, familiaren izenean, Manuel Espaliuk, Artelekun. «Ez nuen uste liburutegia Kordobara itzuliko zenik, hemen oso ondo zainduta eta kudeatuta zegoelako», adierazi zuen. «Oso harro nago anaiak hemen horren espazio garrantzitsua izan duelako. Hemen egon beharrean Kordoban egon balira, kutxetan sartuta emanik izango zituzketen azken 20 urteak liburu eta dokumentu guztiek. Duela 20 urteko Kordoba ez zen Donostiaren parekoa; han ez zegoen garai hartan Artelekuren antzeko zerbait izango zenik pentsatzerik ere».

Pepe Espaliuren izena duen arte zentroak gauzak aldatu egin direla erakusten du, Manuel Espaliuren ustez. Kordobako zentroan Artelekun egon diren bezalaxe ezarriko dituzte liburu eta dokumentu guztiak, funtsen antolaketa «hobetu ezina» delako.

Donostiarekin oso lotua

Pepe Espaliuk (Kordoba, 1955) 1989an ezagutu zuen Arteleku, Juan Muñozek zuzendutako tailer batean parte hartu zuenean. 1992an La voluntad residual: parábolas del desenlace tailerra zuzendu zuen berak, Espaliuk, Artelekun, eta urte horretako irailean, Donostiako Zinemaldiaren egunetan, The Carrying performancea gauzatu zuen hainbatetan: bi lagunek eskuetan hartu eta Maria Kristina hoteletik Alderdi Eder parkeraino eramaten zuten artista, aulki batean balihoa bezala, oinutsik, lurra ukitu gabe. Ordurako hies gaitza nahiko aurreratua zuen, eta gaitz hori zutenak baztertzea eragiten eta bultzatzen zuten aurreiritziak borrokatu nahi izan zituen performance haren bitartez. Espaliuk arrasto sakona utzi zuen Artelekun ezagutu zuten artistengan, eta, gisa berean, Espaliu Artelekurekin eta Artelekuko artistekin oso estu lotuta sentitu zen.

1993ko azaroan hil zen, hiesaren ondorioz. Aurretik Artelekuri emana zion bere liburutegia, eta Artelekuk liburutegia mantendu eta erabilera publikora bideratzeko konpromisoa hartu zuen. 20 urtez Pepe Espaliuren liburutegia zabalik izan da publikoarentzat, eta 2003 eta 2004an funtsaren katalogazioa egin eta sarean kontsultatzeko moduan jarri zuen Artelekuk.

Artearen eta filosofiaren inguruko liburuak dira nagusi Pepe Espaliu Liburutegia osatzen duen funtsen artean. Liburuen egileetako batzuk dira Homero, Virgilio, Platon, Descartes, Voltaire, Nietzsche, Kant, Wittgenstein, Derrida, Levi-Strauss, Freud, Lacan eta Foucault. Artearen arloari dagokionez, arte garaikidearen inguruan ez ezik beste garai askotako artearen inguruan ere interes handia izan zuen artistak, haren liburutegiak erakusten duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.