HILBERRIA

Percy Sledge hil da, 'When a man loves a woman' kantatu zuena

Minbiziak jota, 73 urterekin zendu da musikari estatubatuarra.

Percy Sledge.
Kultura
2015eko apirilaren 14a
19:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Sledgek 1966an osatu zuen inoizko soul balada entzutetsuena, eta abesti hura segituan heldu zen AEBetako hit zerrenden puntaren puntara. Mintzo da beste gizonezko batengantik abandonatu duen emakume batez, eta benetakoa da abestian kontatzen dena, Sledgeri berari gertatu zitzaiolako.

[youtube]https://youtu.be/7lp7FtJXp7k[/youtube]

The Squires taldearekin batera grabatutako kantu hark gehiago osatzen jarraitzeko beharrezko bultzada eman zion egileari —ordura arte zaintzailea zen Alabamako ospitale batean—. Beraz, 1960eko hamarkadaren bukaeran eta 1970ekoaren hasieran Warm and Tender Love, It Tears Me Up, Out of Left Field  eta, besteak beste, Take Time to Know Her doinuak ondu zituen. Garai bertsuan kontzertu asko eman zituen, bai AEBen hegoaldean, eta baita  Alemanian, Herbehereetan eta Hegoafrikan ere.

Ia 20 urte pasatu zituen lan berririk sortu gabe, harik eta 1994an  Blue Night argitaratu zuen arte. Shining Through the Rain (2004) kaleratu hamar urte geroago, eta azkena orain bi urte: The Gospel of Percy Sledge. 2005ean Rock and Roll Hall of Fame sartu zen, urteetan egindako ekarpenagatik.

Baton Rougen (Louisiana, AEB) zendu zen atzo, eta urteetan haren agente izandakoak, Steve Greenek, zera adierazi zuen: "Nire lehendabiziko artistetako bat izan zen. Pertsona izugarria zen, eta hori ez da oso ohikoa negozio honetan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.