Literatura

Perfekzioa

Vincenzo Latronico idazle eta itzultzaile italiarraren 'Le perfezioni' nobelak Berlinen bizi den bikote bat du protagonista. Haiena bizitza erreala eta digitala da aldi berean. Georges Perecen 'Gauzak' eleberria omendu eta gaur egunera ekartzen du lanak.

Sophie Hughes itzultzailea eta Vincenzo Latronico idazlea, International Booker Prize sariak banatzeko ekitaldian, iaz, Londresen. TOLGA AKMEN / EFE
Sophie Hughes itzultzailea eta Vincenzo Latronico idazlea, International Booker Prize sariak banatzeko ekitaldian, iaz, Londresen. TOLGA AKMEN / EFE
2026ko ekainaren 14a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Karl Marxek definitu zuen merkantzien fetitxismoa: haren arabera, kontsumitzaileok objektuekin eta haien prezioekin dugu harremana, eta ez azpian dauden ekoizpen-prozesu esplotatzaileekin. Deskribatutako harreman ez-material eta ia magiko hori kontakizun bilakatzen da Georges Perec idazle frantsesaren Gauzak eleberrian —Les Choses jatorrizkoan, Itziar Diez de Ultzurrunek euskaratu eta Igelak 2014an argitaratua—. Jeromek eta Sylviek osatutako bikote gaztearentzat, 1960ko hamarkadako Parisen, hazkunde ekonomiko betean, bizitza onaren artea dirutzan eta objektu-bilduma jakin batean datza; alegia, biziki desiratzen dituzten gauzak garaiko gustuaren arabera edertzat jotzen direnak dira.

Perecen nobelaren begirada soziologikoak trebeki irudikatzen du Pierre Bourdieuren gustuaren teoria; izan ere, gauzen hautaketak bikotearen estatus soziala adierazten du. Bikote frantsesaren desira kontsumismoak bahitu du, eta, gauzak amestuz, haien bidez beste bizitza bat —hobea eta ederragoa— desiratzen dute.

Vincenzo Latronico idazle eta itzultzaile italiarrak (Erroma, 1984) Gauzak omendu eta gure garaira eguneratzen du 2022an argitaratutako Le perfezioni nobelan. 2025ean International Booker Prize sari entzutetsurako hautagai izan zen liburua, Sophie Hughesen itzulpen ederrean.

Begirada soziologiko eguneratua

Latronicoren eleberrian, Annak eta Tomek osatutako bikotea Berlinen bizi da. Ez dute alemana menderatzen, ezta horren beharrik ere, nomada digital autonomoak baitira. Auzo gentrifikatu batean bizi dira; narratzaileak ironikoki dio gentrifikazio hitza auzoak gentrifikatzen dituztenek bakarrik erabiltzen dutela. Ez dira etorkin arruntak —haien auzoan bizi diren turkiarrak ez bezala—, inork ez baitie leporatuko ez integratzea hizkuntza behar bezala ez jakiteagatik. Ingelesez esaten den bezala, expat-ak dira: atzerriratuak, baina inoiz ez etorkinak.

Berlinen bizi den nazioarteko komunitatearekin ingelesez mintzatzen dira, eta modu digitalean eraikitzen dituzte adiskidetasun berriak; adibidez, Facebooken iragarritako arte-erakusketen inaugurazioetan ezagutu dituzte lagun berriak. Web diseinatzaile gisa egiten dute lan, eta, Perecen nobelan bezala, bikotekideek ogibide bera dute. Bezeroei estetika alternatiboa —edo benetakotasun itxura duen estetika— eskaintzen diete; azken finean, desberdintasuna saltzen dute, denak berdintsu bihurtzeko. Gauzen ordez, Latronicoren pertsonaiek irudiak desiratzen dituzte, eta irudien ehizaren emaitza estetika homogeneizatua da. Ez dira etorkinak, ezta bohemioak ere; autonomo gisa, beren burua eta bizitza merkantilizatzen baitituzte.

Latronicok emandako elkarrizketetan aipatu izan du narratzailea ez dagoela bikotearen gainetik, eta haren begirada enpatikoa dela. Idazleak bere burua testuinguru millennial horretan islatuta ikusten du, eta, era berean, irakurleak ere hala ikusiko du bere burua. Millennial-en bizitza bikoitza da: erreala eta digitala. Esate baterako, bikoteek maitasuna sare sozialetan performatzen dute; bestela, badirudi ez dela benetako maitasuna existitzen.

Komunitate digitala komunitatearen simulakroa da

Latronico bera hamabost urtez Berlinen bizi izan zen, eta Italian bizi da gaur egun. Liburua idaztea itzulera hori pentsatzeko modu gisa deskribatu du. Lehen komunitate sendoagoak zeuden —esaterako, eliza, alderdi politikoak edo langileen sindikatuak—, baina komunitate digitalek ordezkatu dituzte haietako asko. Latronicoren hausnarketaren arabera, ordea, komunitate digitalak ez dira benetako komunitateak, eta horrek ezinegona sortzen du.

Gauzak nobelan, bikoteak gauzak desiratzen ditu; Latronicoren nobelan, aldiz, bikoteak desira bera desiratzen du. Zer nahi duten ez jakitea arrisku existentzial moduko bat da. Nobelan ageri den gertakari esanguratsuenetako bat 2015ean piztutako errefuxiatuen krisia da, itsasertzean hildako haur errefuxiatuaren argazki lazgarriak sinbolizatua. Bikoteak aktibismoan parte hartu nahi du, baina ez da gai izango mundu digitaletik haragoko epe luzeko konpromisorik artikulatzeko.

Gizarte garaikidean, Platonen alegoriaren kobazuloan bezala hormetan ikusten diren sareetako ameskeriak bizi ditugu, errealitatea bera baino gehiago. Ben Lerner idazle estatubatuarraren Transcription azken nobelan bezala, teknologiak gure bizitzetan duen eragina kontatzen du Latronicok. Denon bizitzetan, gainera: inor ez dago salbu. Lernerrek begirada filosofikoa lehenesten badu, Latronicok, Perecek bezala, begirada soziologikoa lehenesten du. Eta horrek, bi nobeletan, hizkuntzaren erabilera jakin baten azterketa dakar.

Itzulpenaren balioa

Beñat Sarasolak duela gutxi esan zuen BERRIA egunkarian: «Ixiar Rozasi entzun diot berriki bere ustez bi literatura mota dagoela: idazleak idazten duen literatura eta hizkuntzak idazten duen literatura. Berea bigarrenean kokatzen du zentzu osoz, eta esatera ausartuko nintzateke, taxuzko literaturaz ari bagara behinik behin, hizkuntzak idazten duen literatura dela merezi duen bakarra, baita ni-az idazten duenean ere». Latronicoren literatura hizkuntzak idatzia dela esan liteke, eta hizkuntzaren erabilera horrek marrazten du errepresentazio soziologikoa.

Horri lotuta, deigarria da idazleak ingelesezko itzulpenarekin duen harremana. Berak esan izan du Sophie Hughesen itzulpena jatorrizkoa baino hobea dela. Itzultzailea editore modura deskribatzen du: eginkizun horretan, itzultzaileak idazlearen ahotsa intimoki ezagutzen du, eta, Latronicoren hitzetan, bentrilokismo moduko horretan Hughesek jatorrizko testua findu zuen. Horri gehitu behar zaio italieraz idatzitako nobelako protagonistak Berlinen ingelesez bizi direla, eta teknologiaren hizkuntza nagusia ere ingelesa dela.

Perecen nobelak amaieran Karl Marxen aipu bat dauka. Latronicok Gauzak zintzotasunez eguneratzen du, Marxen aipua izan ezik. Millennial-en belaunaldiak ez du federik; ez du egia absolutuetan sinesten. Marxek Kapitala oso gaixorik zegoela amaitu zuen. Gure etxeko ale batean, irakurle gazte batek idatzita utzi zuen Marxek azken hatsarekin idatzi zuela azken esaldia. Eta hori gogoratuta, Marxen mamua nobelaren amaieran sumatzen da; hala ere, narratzailearen azken hitzak Internetetik datoz. Azken esaldi hau idazten ari naizela, galdera bat etortzen zait burura: erreportaje hau sarean partekatzen ez bada, existituko al da?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA