Literatura

Pertsona askeak helburu

Leire Azkargortak Nadezhda Krupskaiaren ‘Herriaren hezkuntza eta demokrazia’ euskaratu du, eta Katakrak argitaletxearekin plazaratu.

Aitor Garagarza eta Leire Azkargorta. GORKA RUBIO / FOKU
Aitor Garagarza eta Leire Azkargorta. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2024ko apirilaren 6a
05:55
Entzun

Itzal luzea du Nadezhda Krupskaia iraultzaile eta pedagogo errusiarraren (1869-1939) liburuak, eta, halere, aurkezpen errazik ez du. Katakrak argitaletxeko editore Hedoi Etxarteren arabera, liburu horrek bere barnean dituen liburu guztiak azaltzea erronka bat da bere horretan: «1915ean idatzitakoa da, eta hezkuntzaren historiaren gaineko liburu bat ere bada, baina, gainera, hezkuntzan egon diren gaien inguruko eztabaida ugari ere badakartza». Bestela esanda, filosofo eta pedagogo ezagun askoren gogoetak ere batzen ditu, eta badu irakurketa politikorik ere: «Ezagun du asko irakurtzen zuen pertsona batek idatzia dela, mosaiko bat osatzen baitu garai hartan boladan zeuden pentsalarien esanekin, batzuetan alde, beste batzuetan soilik puntu bateraino, eta beste zenbaitetan aurka agertuz», esan du Etxartek.

Idazketa lana amaitu eta bi urte geroago inprimatu zen Herriaren hezkuntza eta demokrazia, hau da, sobietar iraultza gertatu zen urtean. Hain zuzen ere, iraultzak ekarritako hezkuntza sistema berria diseinatu zuten hamarnaka lagunen artetik nabarmenena izan zen Krupskaia. Liburu honek haren ikuspegia dakar, baina iraultza osteko lehen urteetako erabakigune garrantzitsuetan egon aurreko ikuspegia da.

«1915ean idatzitakoa da, eta hezkuntzaren historiaren gaineko liburu bat ere bada, baina, gainera, hezkuntzan egon diren gaien inguruko eztabaida ugari ere badakartza».

HEDOI ETXARTEKatakrak argitaletxeko editorea

Krupskaia nor zen ulertzeko ahaleginean, harekin elkartzen zen taldearen erudizioa hartu du hizpide Etxartek: «XIX. mendearen amaieran bildu zen lagun talde hura, gizateriaren historia baldintzatuko zuen prozesu bat abian jarri zuen talde hura bera; hau da, Lenin, Krupskaia eta enparauak, funtsean, irakurle talde bat ziren», esan du, hain zuzen, irakurtzeko eta irakurritakoaren gainean eztabaidatzeko elkartzen zirelako, klandestinoki.

Mende beteko jauzia egin eta egungo Euskal Herrira etorrita, hezkuntzaz gogoeta egin nahi duen edo kritikoa den edonork aldean izan lezakeen liburua dela uste du Etxartek; besteak beste, «hezkuntzak beti dituen erronkak jorratzen direlako, hala nola zer harreman izan behar duen intelektualen munduarekin, lanarekin eta urte gutxiren buruan heldu bilakatuko diren horiekin».

Historiak ahantzia

Aitor Garagarza Hezkuntza Zientzietan doktore eta EHUko irakasleari zor zaio liburua euskaratzeko asmoa. Bilboko Hezkuntza Fakultatean deskubritu zuen nor zen Krupskaia, lankide batek zeukan posterrari begira. «Gerora, Hezkuntzaren Historia sailean hasi nintzenean, konturatu nintzen Krupskaiak liburuan aipatzen dituen autoreak aztertzen direla, baina Krupskaia bera ez dela aipatzen», esan du Garagarzak, eta, hortaz, euskarara ekarri izanaren balioa nabarmendu du: «Liburu honi esker, merezi duen tokia har dezake Krupskaiak».

«Liburu honi esker merezi duen tokia har dezake Krupskaiak».

AITOR GARAGARZAHezkuntza Zientzietan doktorea

Ekonomian gertatzen dena Hezkuntzan ere gertatzen dela iruditzen zaio Garagarzari: «Ez gara gauza bestelako eredurik asmatzeko». Liburuak, hain zuzen, garai hartakoen «anbizioa» agerian jartzen du, haren hitzetan: «Gauzak beste modu batera pentsatzeko eta aurrera eramateko gaitasuna erakutsi zuten». Orduko eztabaida askori gaurkotasun osoa aitortzen die Garagarzak: «Pertsona askeak nola sortu, edota lan intelektualak zer pisu izan behar duen langile sektoreetan, besteak beste».

Baina iraultzak ekar ditzakeen kontraesanez ere badihardu Krupskaiak, eta horrek interes handia du, Garagarzaren aburuz, orokorra baita gauza guztien konponbidea hezkuntza dela pentsatzeko joera: «Uste dugu hezkuntza ideala izanez gero jendarte ideala izango dugula, baina kontraesanak beti egongo dira, eta kontraesan horietatik jarraitu behar da aurrera».

Bilaketa etengabea

Leire Azkargorta itzultzaileak errusieratik zuzenean ekarri du euskarara. Haatik, talde lana izan dela azpimarratu du, orain dela ehun urteko errusiera baita Krupskaiarena, eta etengabean aritu baita kontsultan. Estiloa fintzen lagundu dionik ere izan du, baita adituen aholkurik ere, esate baterako errusiar kimikari batena.

Zailtasunen artean, izen propio asko zirilikotik transliteratu beharra aipatu du batetik, eta hiztegia bera bestetik: «Termino batzuk garaiari oso lotuak dira, eta, esate baterako, gaurko errusiar askok ere ez lukete jakingo zer den irakaskuntza eskola». Alde horretatik, kontzeptuak argitzeko bilaketa lana etengabea izan dela aitortu du.

«Errusieratik euskaratu den arren, hizkuntza asko dago liburuan, lan bibliografiko handia baitu».

LEIRE AZKARGORTAItzultzailea

1915ean, Krupskaiak liburua idatzi zuenean, zentsura indarrean zegoela ekarri du gogora Azkargortak, eta horrek ere itzulpenean eragin handia izan duela nabarmendu: «Esate baterako langile klasea ezabatu eta langile demokrazia idatzi behar izan zuen, Tsarren garaia zelako». Azkargortak esan duenez, edizio zentsuratutik ekarri du euskarara, eta Brasilen argitaratutako itzulpen portuges batean ageri diren oin oharrak erantsi dizkiote, «argigarriak» zirelakoan.  «Errusieratik euskaratu den arren, hizkuntza asko dago liburuan, lan bibliografiko handia baitu», erantsi du.

Etxartek eta Garagarzak bezala, ideia batez laburbildu du liburuaren ekarpena Azkargortak: «Oso aberatsa da, zentzu guztietan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.