Lan honekin zorte handia izan duela aitortu du Olivier Assayas zuzendari frantziarrak. Batetik, aukera eman diotelako istorio bera bi formatu diferentetan kontatzeko. Zinema aretoetan ikusiko da Carlos hau, baina hiru atal dituen telesail luzeago baten egokitzapena da. Baina Assayasek berak nabarmendu duenez, bi film diferente dira, berez bata ez da bestearen laburpen hutsa.
Eta, bigarrenik, askatasun handia izan duelako istorio konplikatu bat kontatu ahal izateko. Izan ere, Illich Ramirez Sanchez 70 eta 80eko hamarkadetako nazioarteko pertsonaiarik ezagunenetakoa izan zen. Hainbatentzat askatasunaren aldeko militante internazionalista eredugarria zen; beste askorentzat, berriz, diru truke terrorismoa erabiltzen zuen mertzenario hutsa.
Nolanahi ere, bere biografia estuki lotuta dago urte horietan izan ziren gertaera garrantzitsu askorekin: Vietnamgo gerra, gerra hotza, Pinocheten estatu kolpea, Afrikako askapen mugimendua, palestinarren kontrako etengabeko errepresioa... Hori guztia da Assayasek bere pelikulan bildu nahi izan duena.
Canneseko zinema jaialdian filmaren bertsio luzea aurkeztu zuten, etenik gabe, osotara 333 minutu. Askorentzat gehiegizkoa izan zen, baina ia denek goraipatu zuten Edgar Ramirez aktore venezuelarraren interpretazioa; The Bourne Ultimatum-eko lanarengatikzen ezaguna orain arte.
Gaur egun benetako Carlos preso dago Frantzian, bizi osorako espetxe zigorra du. Ahaleginak egin arren, ez du lortu pelikula gelditzea. Antza denez, ez zegoen batere konforme berari buruz eman behar zuten irudiarekin.
'CARLOS'
Zuzendaria: Olivier Assayas. Aktoreak: Edgar Ramirez, Alexander Beyer, Anna Thalbach, Susanne Wuest, Nora von Waldstatten, Julia Hummer.
Herrialdea: Frantzia.
Urtea: 2010.
Iraupena: 165 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Pertsonaia eta garai baten biografia
Illich Ramirez Sanchezen inguruko 'Carlos' filma eta telesaila zuzendu ditu Olivier Assayasek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu