Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. Sail Ofiziala

«Pertsonaien 'thriller' bat», bortxaz eta komunikaziorik ezaz hitz egiteko

Saileko hiltzaile baten atzetik dabiltzan bi polizia kontrajarri dira Rodrigo Sorogoyenen 'Que Dios nos perdone' filmeko protagonistak. Madrilen girotu du kontakizuna zuzendariak, 2011ko udan

Roberto Alamo, Isabel Peña, Rodrigo Sorogoyen, Maria Ballesteros eta Antonio de la Torre. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko irailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adineko emakumeak bortxatzen eta hiltzen dabil saileko hiltzaile bat Madrilen, 2011ko udan. M-15 mugimenduaren osteko egunak dira, eta aita santuaren bisitaldiak eragindako kaosaren erdian, hiltzailea harrapatu nahian jardungo dute bi poliziak: isila eta langilea da Velarde inspektorea (Antonio de la Torre), eta haserraldietan bortxara ez jotzeko arazo larriak ditu, aldiz, Alfaro agenteak (Roberto Alamo). Bien bidez garatzen da Que Dios nos perdone filmaren kontakizuna, Rodrigo Sorogoyen zuzendariak nabarmendu zuenez: «Guretzat, trama polizialak eta pertsonaienak, biek zuten garrantzi bera; beti esaten dugu hau pertsonaien thriller bat dela, eta, hortaz, tramatik harago bizitza eman behar genien». Sail Ofizialeko lehiara aurkeztu zuen filma atzo zinemagile espainiarrak, eta harrera ona izan zuen.

Bi aktore nagusien lana nabarmentzekoa da. Haien pertsonaiak oso ezberdinak dira, eta kontrapuntua jartzen diote elkarri. Bat datoz, halere, hainbat ezaugarritan: nagusia, besteekiko harremanetarako dituzten zailtasunetan. Hitz totela da Velarde, eta De la Torrek totelen elkarte batera jo zuen pertsonaia landu ahal izateko laguntza eske: «Komunikatzeko zailtasun handi hori adierazi nahi nuen; gainerakoa ia anekdotikoa da», azaldu zuen aktoreak. Zuzendariaren hitzetan, «bakartia da Velarde; erlazionatzeko zailtasun handiak ditu, eta bidaia bat egingo du maitasunerantz eta ulermenerantz, eta, beste pertsonaia guztiek bezala, baita barkamenerantz ere». Maria Ballesterosek antzeztu duen pertsonaia izango du bidelagun: Rosario.

Proposamena jaso eta gidoia irakurri zuenean, Alfaroren pertsonaia jokatzeko ez zuela batere beldurrik sentitu azaldu zuen Roberto Alamok, asko «kitzikatu» zuela. «Gidoi, zuzendari eta aktore onez inguratuta egonda, erabat inplikatu, eta gurpil horretan sartzea besterik ez nuen egin behar, eta gurpilari makilarik ez jarri».

Indarkeria

Indarkeria handia agertzen da filmeko eszena askotan. Gehienetan, emakumeen aurkakoa da indarkeria hori, eta poliziek ere erakusten dituzte bortxazko jarrerak. Dena den, lanak indarkeriaz modu orokorrago batean hitz egiten duela adierazi zuen zuzendariak. «Ez zen gure asmoa poliziaren indarkeriaz hitz egitea, ez eta gizonenean zentratzea ere; egungo gizartean dagoen bortxa izan nahi genuen hizpide, nola gizakia gai den gauza ederrak egiteko, eta baita gauza izugarriak ere».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA