Betidanik izan du literaturarekin harremana Josu Goikoetxeak, eta literaturarekin bezalaxe, baita bertsolaritzarekin ere. 14 urte zituela Jon Lopategi bertsolariak sartu zuen bertso munduan, eta hari lotuta egon da hainbat urtez. Gai jartzaile lanetan ibili zen 25 urtez, 2018an uztea erabaki zuen arte. Orduan ekin zion buru-belarri literaturari; poesiarekin hasi zen. Bi mundu horiek —literaturarena eta bertsogintzarena— estuki lotuta daude Goikoetxearentzat: «Bertsolaritzak eman dit euskararekiko sena; euskaraz adierazteko gaitasuna». Gaitasun horri tiraka, narraziora salto egin du idazleak, eta Lakioa ipuin liburua kaleratu du. Elkar argitaletxearekin plazaratu du, eta gaur aurkeztu dute, Donostian.
Iazko Joseba Jaka beka irabazi zuen Goikoetxeak. Irati Majuelo literatura ikerlari eta kritikariak, Itziar Ugarte idazle eta BERRIAko kazetariak eta Iban Zaldua idazleak osatutako epaimahaiak aho batez hartu zuen erabakia, aurkeztutako ipuin laginaren kalitatea ikusita. «Ipuin liburu batek, horrelako lehiaketa batean, agian zailago du bere burua saltzeko, baina lortu zuen», aipatu du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak. 2019an idatzi zuen egileak liburuko lehen ipuina —Hiltzailea—, eta pare bat gehiago idatzi zituen gero. Ipuin horiek aurkeztu zituen beka deialdira.Â
Guztira bederatzi ipuinez osatuta dago Lakioa. Goikoetxeak aipatu duenez, mantso idatzi du lana. Poesia idaztera ohituta dago, eta, nahiz eta gero fintzeko edo lantzeko aukera dagoen, «berehalakoagoa» iruditzen zaio. Prosak, ordea, pausatuago lan egitera behartu du: «Paragrafo bakoitza ondu samar izan arte ez nintzen mugitzen. Batzuetan kostata, beste batzuetan plaustadan etorri dira hitzak». Idazketa prozesuan zehar egileak ez dio inolako plani jarraitu, eta ipuinak sortu dituen hurrenkera berean daude liburuan jasota.Â
Abiapuntu desberdinak
Aspalditik buruan zituen istorioak dira ipuinetako batzuk, beste batzuk, ordea, «zerotik» sortu behar izan ditu. Batzuetan esaldi jakin batetik abiatu du idatzia, eta, beste batzuetan, pertsonaia bat izan du abiapuntu. Ipuin bakoitza sortzeko prozesua oso desberdina izan dela azaldu du Lakioa-ren egileak. Bizitzak ematen dituen bueltei aurre egiteko gai diren edo ez erakutsiko duten pertsonak dira kontakizunen ardatzak. «Bidegurutzeetan daude», kontatu du Goikoetxeak. Hainbat urtez gai jartzaile lanetan aritzeak idazteko erraztasuna eman diola ere gaineratu du, barre artean: «25 urtez egon naiz egoerak asmatzen».
«Ez dakit zenbat denboraz idatzi ahal izango dudan, horregatik, ondo pasa nahi dut, eta nahi dudana egin nahi dut»
JOSU GOIKOETXEA Idazlea
Familia harremanak, euskararen iraupena eta galera, maitasuna, klase sozialak... hainbat gai lantzen dira liburuan. Goikoetxea: «Egoera aldrebesetan daude pertsonaia batzuk, eta beldur nintzen ez ote nuen zinismoz jokatuko». Idazleak bere pertsonaiak bizi dituela azaldu du, eta irakurleek ere hala bizitzea espero duela. Liburua irakurri duen lagun batek aipatu dio nolabaiteko maitasuna sentitzen duela pertsonaiekiko, eta hori da, hain zuzen, lortu nahi zuena.
Ipuinak Euskal Herriko hainbat txokotan girotuta daude; Bizkaian, esaterako. Istorioak ahalik eta ondoen girotzeko, «landa lana» egin du idazleak. Adibidez, Bizkaiko zubira joan zen behin, pertsonaietako batek hura gurutzatzean sentitzen zuena jasotzeko; «Bertako giroa jaso nuen, bertan lan egiten zuten langileak...». Kontakizunetako tokietako batzuk, irakurleentzat arrotzak izan daitezkeen arren, egilearen memorian daudenak dira, izan haurtzarotik edo bestelako garaietatik.
Izenburuak
Izenburu egoki bat topatzea da idazteko garaian Goikoetxeari gehien kostatzen zaion gauzetako bat, eta kasu honetan ere hala izan da. Walt Withmanen poema batzuk Munduko Poesia Kaierak bildumarako (Susa) euskaratu zuenean izan zuen lakioaren berri, ordura arte ez baitzekien zer zen —soka batekin egiten den tranpa bat da, animalia txikiak ehizatzeko erabiltzen dena—, eta izen egokia iruditu zitzaion ipuinetako baterako. Baina ipuin hori azkenean kanpoan geratu zen, eta ipuin bildumaren izenbururako erabiltzea erabaki zuen. «Pertsonok badauzkagu lakio emozionalak, iraganekoak edota sorterriarekikoak; batzuetan estu daude, eta beste batzuetan lasaiago», gaineratu du.Â
Bere lan idatziak kaleratzen berandu hasi zen Lakioa-ren egilea, eta, horrexegatik, lizentzia batzuk eman dizkio bere buruari: «Ez dakit zenbat denboraz idatzi ahal izango dudan, horregatik, ondo pasa nahi dut, eta nahi dudana egin nahi dut». «Zergatik ez bertsoak sartu?», galdetu zion bere buruari Goikoetxeak; esan eta egin. Lan txukun bat egitea izan da une oro idazlearen helburua; «hortik aurrerako guztia opari bat da», kontatu du.Â