Zinema. Estreinaldiak

Peter Parker institutura itzuli da

Zuzendaria eta protagonistak aldatu ostean, guztiz berrituta dator 'Spider-Man' saileko laugarren atala

Pertsonaiaren gaztaroan arakatu nahi izan du zuzendariak frankiziaren laugarren atalean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Erabateko akabera zela ematen zuen orain dela pare bat urte eskas. Buelta askoren ostean, ekoiztetxeak jakinarazi zuen Sam Raimi zuzendariak eta Tobey Maguire aktoreak ez zutela segitu behar Spider-Man-ekin. Hiru film arrakastatsu atzean utzita, ez zuten ikusten pertsonaiarekin nola segitu, edo, behintzat, hori izan zen Marvelek jakitera eman zuena.

Handik gutxira, baina, hasi ziren berriro zurrumurruak. Nonbait, zuzendari berri baten bila ari ziren frankiziarekin segitzeko. Egiaztapena berehala etorriko zen: Mark Webb zuzendaria izanen zen hurrengo Spider-Man-en gidaria.

Harridura nahikotxo eragin zuen aukeraketak; ordu arte pelikula bakarra zuen Webbek: (500) Days of Summer komedia erromantiko bikaina, akzio film batekin batere zerikusirik ez zuena.

Kasu honetan, zuzendaria ordezkatzea ez zen konturik korapilatsuena, gaitzagoa baitzirudien ordezko egokia aurkitzeak Peter Parkerena egin zuenari, Tobey Maguireri. Hori bilatzeko hautaproba sekretu erraldoia antolatu zuen Marvel etxeak, eta, azkenean, Andrew Garfield izan zen aukeratutakoa. The Social Network-en (David Fincher, 2010) egin zuen lanagatik hasi zen ezagun egiten Garfield gaztea.

Ez dira horiek The Amazing Spider-Man berrituak dituen nobedade bakarrak. Kirsten Dunstek egiten zuen Mary Jane Watson pertsonaia desagertu da film berrian, eta horren ordez neskalagun berria izanen du Peter Parkerrek, Gwen Stacy, Spider-Man-en lehenengo amodioa.

Aldaketa horrek arrazoi sinplea du: laugarren filmak atzera egin du denboran, eta Peter Parkeren jatorrira jo du; gaztarora, alegia. Iragan horretan, bereziki bere gurasoekin gertatu zen guztia argitu nahi izan du zuzendariak, orain arte sekula kontatu ez den pasadizoa.

Peter Parker institutuan dagoen ikasle arraro samarra da. Bere gurasoek txikitan abandonatu zuten, Ben eta May osaba-izebarekin bizi da. Baina normala denez, nor den jakin nahi du eta bere gurasoekin zer gertatu zen. Bilaketa horretan hasi eta aitarena izan zen maletatxo misteriotsu bat aurkituko du.

Horren bitartez, Oscorpera ailegatuko da eta Curt Connor doktorea ezagutuko du, aitaren sozio ohia. Hortik aurrera, muskerraren berri izanen du eta bere bizimodua guztiz aldatuko da. Botereak eskuratuko ditu eta super-heroi bat bihurtzeko urratsak ematen hasiko da. Bien bitartean, institutuan maitasuna zer den ezagutuko du.

The Amazing Spider-Man Stan Leek sortutako pertsonaiaren gaineko laugarren filma da. Orain dela hamar urte Sam Raimik zuzendu zuen sailaren lehen pelikula, Tobey Maguire eta Kirsten Dunst gazteak protagonista zituela. Filmak arrakasta handia izan zuen, eta horren ondorioz 2004an segida izan zuen, protagonista berarekin. Hark ere oihartzun handia izan zuen.

Lantalde horren azken fruitua 2007an etorri zen, Spider-Man 3 filmarekin. Hortik aurrera, ugariak izan ziren jarraipen baten inguruko zurrumurruak, baina azkenean Raimik zein Maguirek uko egin zioten frankiziarekin segitzeari.

'THE AMAZINGSPIDER-MAN'

Zuzendaria: Marc Webb.

Aktoreak: Andrew Garfield, Emma Stone, Rhys Ifans,Sally Field, Martin Sheen,Denis Leary.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2012.

Iraupena: 136 minutu.

Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian eta ostiralean, Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.