Pianoaz, barne bakearen bila

Mikel Azpirozek 'Pake Pieza' diskoa aurkeztuko du gaur, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 19:30ean. Bederatzi konposizio intimistek meditaziorako gonbita egiten dute

Mikel Azpirozek Karlos Aranzegirekin eta Fernando Neirarekin eskainiko du kontzertua. Pianoa, bateria eta kontrabaxua joko dute, hurrenez hurren. JON CAZENAVE.
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2023ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Gaua, Zuri eta Islak lanetan jorratutako bideari jarraitu dio Mikel Azpirozek (Donostia, 1971) Pake Pieza diskoa ontzeko, eta bertan bildu dituen bederatzi konposizio instrumentalen bidez, meditaziora eta introspekziora darama entzulea. Gaur aurkeztuko du diskoa,«oso maitea» duen tokian: Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoa. Karlos Aranzegi (bateria) eta Fernando Neira (kontrabaxua) izango ditu lagun, ez besterik: «ezta mikrorik ere». Zentzu horretan, esperientzia «gordina» gustatzen zaio Azpirozi. Alegia, entzulearengana «zuzenean eta batere filtrorik gabe» iristea.

Duela ia hamar urte ekin zion pianoz bakarkako ibilbideari, kide deneko Elkano Browning Cream taldearekin erritmo eta energia beharrak asetzen zituelakoan eta espektro lasaiagoa betetzeko asmoz. Konposizio intimistagoak egiten hasi, eta bi disko ondu zituen bere kasa eta bakarka. Hirugarren diskoan, Islak izenekoan, bateria eta kontrabaxua gehitu zitzaizkion hamar abestietatik bostetan. Gaur aurkeztuko duen diskoan, berriz, abesti bakarra utzi du Aranzegiren eta Neiraren ekarpenez osatu gabe, piano hutsez.

Bakarka jotzeko parametroak «askoz ere malguagoak» dira, Azpirozentzat, «ez dago puntu komunak bilatzen aritu beharrik», eta besteekin aritzean «denen gogoa betzeko oreka» bilatu behar dela dio. Alta, bi moldeak ditu gogoko. Kontzertuan biak nahasiko direla agindu du, pianoz bakarkako piezekin eta pasarte erritmikoagoekin «gidoi moduko bat»egin baitute Aranzegik, Neirak eta hirurek.

Pake Pieza diskoak dakarren musika egitean, «barnera begirako egoera horretara» gerturatzen dela dio Azpirozek, «pianoak berak baduelako sentipen sakonagoetan murgilarazteko gaitasuna». Bera ez ezik, entzulea ere aldarte horretara eramaten duela iruditzen zaio, jendea «hunkituta, edo bederen erreboluzioak apalduta eta lasaituta» ateratzen delako kontzertuetatik: «Pianoak sortzen duen zeremonia puntu edo giro jaso horregatik izan liteke». Gaurko bizimodu «azkar eta eroari ihes egiteko premiak» ere eragiten duelakoan dago.

Bederatzi abestietatik batek, besteen gainetik nagusitu, eta izenburua eman dio diskoari. «Ez da erraza horren azalpena ematea, musika instrumentala abstraktoa delako, baina bada intentzio bat», azaldu du. Hain zuzen, «introspektiboa eta intimista delako, eta bakera edo orekara hurreratzeko giroa sor dezakeelako» hautatu zuen, bai izenburu bihurtzeko, bai eta azalera eramateko ere.

Bigarren abestiak Urteakdu izenburua, eta denboraren joana adierazten du: «Badu obstinato moduko bat, behin eta berriz errepikatzen den motibo musikal batean baitago oinarrituta». Urteak ere zikloak direlako izendatu zuen horrela.

Zerrendan hirugarrena, Gadjo Dilo, Elkano Browning Cream taldearekin grabatu zuen estreinakoz, pianoa ragetime moduan joz. Disko berrian, ordea, beste klabe batean emana dator: «Naturarekiko konexioa adieraz lezake; konexio horrek gurekiko konexiora garamatza, era berean». Pirinioetan barrena egiten dituen ibilbideak ere ageri dira aldez edo moldez, abesti horretan: «Oso gogokoa dut mendia, pianoa jotzean sentitzen dudan sentsazioa senti nezake han».

Eskerrak Atte abestiaren bidez aitari egin dio gorazarre.

Elkartasun doinua du seigarrena, eta egiten duen musikaren xedea uzten du agerian horrek ere. Hots, «musikak zernahiri alde positiboa ateratzeko duen gaitasuna».

Berastegi abestiak haurtzaroarekin lotzen du Azpiroz. Aitaren familia Berastegikoa (Gipuzkoa) izaki, hein batean han hazia da, hain zuzen, Goienetxe baserrian, aitona-amonekin eta osaba-izebekin, eta «sekulako bizipenak» gogoratzen ditu, «garrantzi berezikoak» beretzat. Konposizioak «kutsu oroitarazlea» duela dio, han bizi izandako eszenak ekartzen dizkiolako gogora.

Sorkuntza bat-batekoa

Zortzigarren abestiak, Sahara Eusten, Juan Soroeta EHUko zuzenbide irakaslearekin eta Sahararen aldeko elkartasun mugimenduarekin du lotura. Abesti bilduma baterako pieza bat eskatu zion Soroetak, eta grabatu berri zuen pieza egokia iruditu zitzaion horretarako. Hortaz, Pake Pieza diskoan ez ezik, Sahararen aldeko elkartasunari ikusgarritasuna emateko disko-bilduman ere plazaratuko da aurki.

Azken abestiak, Gaueko Trena, «nostalgiaren ildoan» kokatu du Azpirozek. Haren aburuz, «trenez bakarrik joatean sor litekeen sentipena transmititzen du».

Sorkuntza ez da planifika litekeen zerbait, Azpirozen baitan: «Musika sortzean irizpide bezala daukat bat-batekoa izan dadila; ez daukat esaterik, adibidez, larunbatean bi abesti egingo ditut. Atera bedi atera behar duenean».

Nolanahi dela ere, musika da Azpirozen lengoaia nagusia, txikitandik garbi duenez: «Ez naiz hizlari ona, eta musikak ordezkatzen du hitzaz haragoko mundu hori, denok ere baduguna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.