Picasso, Bacon, Miro eta Warholen lanak ikusgai daude Miarritzen

Belleveu aretoan bildu dituzte obrak, Pilar Citoler bildumagileak utzitakoak gehienak.Irailaren 20ra arte egongo da ikusteko aukera

Joan Miroren obretako bat zintzilikatu dute aretoan. BOB EDME.
Eneko Etxegarai Urain.
Miarritze
2015eko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Una pasión privada erakusketa ikusgai egongo da Miarritzeko Bellevue aretoan, heldu den irailaren 20ra arte. Pilar Citoler bildumagileak utzitakoak dira obra gehienak —arte garaikideko bildumagile nagusienetako bat da Espainian—, eta 1960tik egun arte nazioartean nagusi izan diren ildo artistikoen zantzuak biltzen dituzte.

Artista famatuen lanak ekarri dituzte Miarritzera; besteak beste, Le Corbusierrenak, Alexander Calderrenak, Francis Baconenak, Pablo Picassorenak, Joan Mirorenak... Baita XX. mendeko bigarren parteko artista ezagunenak ere —Andy Warhol, Roy Lichtenstein, Armand Fernandez Arman..., eta Takashi Suzuki eta Sofa Teshigararenak, 1950eko hamarkadan ekialdean arte abstraktuan nabarmendutakoenak. Erakusketan ez daude margolanak soilik. Izan ere, eskulturak, zizelkadurak eta bideoak ere ikusgai daude Bellevue aretoan; besteak beste, Daniel Canogar, Jose Manuel Ballester, Richard Billingham eta Per Barcklarenak.

Hiru alderditan banatu dute aretoa: batean, erretratua landu dute; bigarrena abstrakzioari buruzko begirada bat da, eta paisaia eta arkitekturaren arteko harremana aztertzen du hirugarrenak. Florence Guionneau-Joie erakusketako arduradunaren hitzetan, «alderdi bakoitzak XX. eta XXI. mendeko aldaketa artistikoak erakutsi nahi ditu». Haren ustez, erakusketako artelanek ideia garaikidearen «higadura» erakusten dute, eta ezohiko hainbat materialen erabileraren eta teknologia berrien txertatzearen berri ematen dute, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.