Eduardo Txillidari zein Txillida Leku museoari buruz hitz egitean, gehienetan ez da Pilar Belzunzeren izena aipatzen, eta horrek ez dio «justiziarik egiten» hark egin zuen lanari; horixe aitortu du Mikel Txillidak, Zabalaga baserriaren aterpean. «Baina, zuzenean aipatzen ez badugu ere, hona gatozen bakoitzean hari buruz ere ari gara hizketan; hortxe dago harri bakoitzean, egur bakoitzean, obra bakoitzean eta erakusketa bakoitzean». Familiaren izenean nabarmendu duenez, Txillidak eta Belzunzek «talde bat, osotasun bat» osatzen baitzuten. Eta Belzunze jaio zeneko mendeurrenean, hari aitortza egiteko erakusketa ireki dute Hernaniko (Gipuzkoa) museoan: Pilar Belzunce. Erretratu intimoa. Datorren urteko urtarrilaren 31ra arte izango da ikusgai.
Txillida Lekuk Belzunzeri aitortza zor ziola adierazi du Mireia Massague museoko zuzendariak, eta haren izana nabarmentzeko modu ederra iruditu zaio erakusketa antolatzea. «Ezohiko emakume bat izan zen, eta hari fokua jartzeko eginbeharra genuen».
Belzunzeren hainbat alderdi agertu nahi izan dituzte erakusketan, eta, zortzi seme-alabaren ama eta Txillidaren bikotekidea ez ezik, «kultur kudeatzaile handia eta sortzailea» ere izan zela nabarmendu du Massagek. «Txillida Leku museoa ez litzateke gaur egun dena izango Pilar Belzunzeren irmotasunik, maitasunik eta konstantziarik gabe».
Museoaren bihotzean kokatu dute erakusketa, Zabalaga baserrian, goiko solairuko gela batean. Txillida-Belzunze familia osoak parte hartu du erakusketan, bai testuak idatziz, bai etxean gordetako obrak museora eramanez. Estela Solana museoko bildumen arduradunak koordinatu eta apailatu du erakusketa, eta «irudien hodei» gisa definitu du. Azaldu duenez, batetik, Txillidaren eta Belzunzeren «zortzi seme-alabetako bakoitzaren memoriak» jasotzen ditu erakusketak: «Haiengana jo dugu haien ama nolakoa zen ikusleei kontatzeko». Haietako bakoitzak idatzitako testuak tartekatu dituzte obren artean, eta etxean gordeak zituzten hainbat lan ere eraman dituzte erakusketara —horietako batzuk inoiz erakutsi gabeak dira—. Eduardo Txillidarenak dira gehienak, paper gainean egindako Belzunzeren zein seme-alaben erretratuak, baina ez bakarrak: Gonzalo Txillidaren beste erretratu bat, Eduardo eta Pedro Txillida Belzunze semeen lanak, eta Carlos Añibarro margolariaren tamaina handiko olio bat ere jarri dituzte ikusgai.

Baina Belzunzeren alderdi sortzaileari ere egin diote lekua aretoan, eta hark margo akrilikoz pintatutako hiru margolan koloretsu eta txamota lurrez egindako bost eskultura txiki ere bildu dituzte bertan. Loreak dira nagusi koadroetan, eta emakumeen figurak eskulturetan.
Belzunze pintatzen ageri den zenbait argazki ere badira, eta seme-alabekin, erakusketen inaugurazioetan nahiz oporretan erakusten dute beste batzuek; familiako album batetik atera eta aretoko hormetara eraman dituzte horiek denak. «Espero dugu bisitariak intimotasuna sumatzea aretora sartzean, eta etxean bezala sentitzea, eta, jakina, Pilar Belzunze pixka bat gehiago ezagutzea».
Erakusketaren osagarri, jarduera programa zabal bat ere prestatu du museoak. Besteak beste, marrazketa eta zeramika tailerrak eta bisita gidatuak egingo dituzte.
Paisaia opera bat udari ongi etorria emateko
Uda garairako programa zabala prestatu du Txillida Lekuk, eta udako solstizioa ospatzeko ekitaldiaren bidez emango dio hasiera egitarauari. Hilaren 20an, Proximity paisaia opera hartuko du museoak; Jeroen Strijbos eta Rob van Rijswijk konpositore herbeheretarrek leku horretarako moldatuko dute obra, eta «paisaiaren pertzepzioa aldatuko duten soinu inguratzaileekin beteko dituzte zelaiak», antolatzaileen hitzetan. Carolina Lukin eta Haizea Muñoz sopranoek eta Eñaut Elorrieta eta David Chalmin musikariek parte hartuko dute, besteak beste.
Horren ondotik, ekitaldi gehiago helduko dira, hala nola tailerrak eta zinema saioak. Donostiako Jazzaldiaren eta Musika Hamabostaldiaren hainbat emanaldi ere hartuko ditu guneak uztailean eta abuztuan.