'Pilotarhitza'-tik Etiopiara

Pilota oinarrian duen ikuskizunak eta Etenesh Wassieren ahotsak Errobiko Festibalera hurbildutakoak harritu dituzte, bigarren egunean. Jaialdia gaur amaituko da.

Mizel Theret dantzaria, oholtzan etzanda, joan den ostiralean Itsasun egindako Pilotarhitza ikuskizuneko une batean. JUAN GOROSTIDI.
Juan Gorostidi Berrondo.
Itsasu
2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Goizean goizik abiatzen dira ekitaldiak festibalean, Elizaldeko zuhaitz ederren magalean egiten diren solasaldiekin. Joan den ostiralekoan, Mixel Etxekopar, Nicole Lougarot, Patrick Keheille eta Jean Pierre Rekalt zuberotarren eskutik egin zen mintzaldia pastoralaren izaeraz, gorabeherez, bilakaeraz eta etorkizunaz. Luze eta zabal mintzatu ziren. Junnes Casenaveren hitzak aipatu ziren: «Pastoralean aktorea ez da ibiltzen, ezta ere mintzatzen. Kantatu egiten du mintzatzeko, eta dantza ibiltzeko». Hainbat kontu jorratuak izan ziren: gaien bilakaera, emakumeen lekua edo forma eta fondoen arteko dialektika, besteak beste. Amaitzeko, Beñat Axiari moderatzaileari galdetu zitzaion Gerezien sasoia hiri pastorala egitasmoaren xehetasunez. 1980ko hamarkadan Baionako burnigintzan izandako langile borrokari eta horrek eragindako elkartasunari buruzkoa da, eta prestatzen ari dira.

Atzo, berriz, Elizaldeko saioan, transmisioaren gaia hartu zen aintzat, hainbat langile-sindikalista, Amnesty International, Emaus eta gisako erakundeetako ordezkariekin: Nola belaunaldiz belaunaldi pasarazten ahal diren herri, populu baten historia eta bere baloreak zen gaia.

Bretoi urbanoak

Nola jaso antzinako musika molde bat —gerlariak inarrosteko, marinelak agurtzeko, artzain-nekazarien ospakizun eta dantzetarako garatutakoa—, eta, beren hondo sakona mantenduz, jende deserrotua, langile baztertua edo autopistetako ez-lekuetan iraunarazi? Horrexek dirudi Keravek anaien zeregina. Bere emanaldi laburrean, gaita eta bonbarden indar salbaia eta tinbre bortitzak, orekatu/goxatu egin beharrean, areagotu egiten dituzte, sonoritate berriak, ustekabeko erresoluzioak aurkituz. Hortxe daude Britainiako antzinako dantza eta melodiak, espazio zabaletarako begiratuak eta sentimendu goxoen adierak, baina bere ekina guztiz garaikidea bilakatzen da. Lezio bat herri musikarientzat.

Bizitzaren alegoria

Bi bertsolarien elkarrizketa (Maddiane Txoperena eta Mixel Etxekopar) eta musika inprobisatua; Baztan, Zuberoa eta Lapurdiko ahaire eta dantzak tentsio dramatiko eutsian… Gaia, dantzari-pilotariak ipinia; gaia, pilota jokotik bizitzaren nahigabe, amets eta saihestu ezinezko porrotaren alegoriak sortutako hitz eta irudiek emana… Horra laburbildu liteke Pilotarhitza, Mixel Etxekoparrek (flautak, klarinetea, kontrabaxua, kantua), Jean Christian Irigoienek (soinua), Pierre Thibaultek (bateria, perkusioa) eta Mizel Theretek (dantza) Maddiane Txoperenaren bertsoekin eskainitako emanaldia. Haria, pilotaren esanahi sakonak eta agerikoak, pilotariaren mugimenduak eta bizipenak azalarazten dutena Theret dantzari bikainak modu harrigarrian barneratu dituenak. Pilotaren izaera seinalatzen digu lehen, pilotariak egin beharreko ahalegin eta barne borrokak gero, borroka horien handitasun eta hutsalkeria ezinbestean agerian uzteko, finean.

Ordubeteko ikuskizunak erreferentzia argiz eusten dio narrazioari: Etxaun Iruriren Laida Pilotaria ezaguna («…zer litzateke Euskal Herria pilotarik gabe?») edo Zuberoako maskaradako godelet dantza egin eta parodiatua; Baztango mutil dantza edo Goizian goizik-en melodia apartarekin jositako kantu berria… Azkenean Pilotari eroriaren eresia-tzat har litekeen itxiera. «Hogeita bina berdindu, nork du irabazi?» edo «…nekeak ez dio uzten sortzen pilotaren hitza», «txalo artean amets bihurtu pilotariaren bizitza» ostiralean emandako bertsoen zenbait hitz.

Pilotarhitza-n, lehen aldiz osagarri hauekin, emanaldi garaikide ausart bat osatu da.

Mezularia

Wassie-rena beste munduetan sortutako ahotsa da. Tinbre hori ez dugu barneratua, ahots modulazio eta indar horren iturriak ez dira hemengoak, beste horren oldarrak ikaratu gaitzake, txunditu… edo eraman bere uholdean inoraino.

Sentipen hori gailendu zen, hain zuzen, herenegun gauean Itsasun, eta Planoetako tigreak Tolosako (Okzitania) laukotea (M. Demereau eta P. Pepinen tronpeta, fliskorno eta saxoen metalezko indarrez, alde batetik; eta M. Sourisseau eta F. Duscomb baxu akustiko eta perkusio jotzaileek bestetik) izan zen urrutiko presentzia gorpuztu hori eta bertan bildu ginenen bitartekaria.

Amaierako, lortu zuten ikusleak dantzan erotzea eta Etiopiatik etorritako teseta-k (oroimina, bluesa) bihotzak ukiturik gauean barreiatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.