Pirinioetatik Bardeetarako txokoak ikusi ahal izango dira Ekain galerian

Paisaietako txokoak margotu ditu Javier Valverdek. Abuztuaren 31ra arte egongo dira Donostiako aretoan

Javier Valverde, Ekain aretoan ikusgai dauden zenbait lan atzean dituela. GORKA RUBIO / ARGAZKIPRESS.
Donostia
2013ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Zelulosa eta kartoizko oinarrian margotutako pastelak, olioz egindako margolanak eta kaxak nahiz bestelako objektuak ere izango dira ikusgai Donostiako Ekain aretoan. Guztira, Javier Valverde margolariaren 32 lan erakutsiko dituzte abuztuaren 31ra arte.

Azken bi urteotan landutako lanak daude erakusgai. «Lehen, paisaiak bere osotasunean lantzen nituen; orain, berriz, horien txokoetan, ñabarduretan jarri dut begia», azaldu zuen Valverdek. Ez du, ordea, aldaketa horrentzako arrazoi garbirik. Argazkietan oinarritzen da margotzeko, baina ez ditu bereziki bilatzen. «Batzuk bai, baina beste batzuk oharkabean ateratzen ditut. Gertatu izan zait harri bat margotu eta gerora nonbait topatzea ere», adierazi du .

Margotzean jarraitzen duen prozesua ez da sistematikoa. Haren arabera, lan bakoitza modu ezberdinean hasten du. Margolan handiak ditu gustuko, baina lan gehien ematen diotenak ere badira.

Edorta Kortadi arte kritikoak errealismo magikoan kokatzen du Valverderen lana, errealismoaren eta surrealismoaren tartean, nolabait esateko. Inguratzen duen mundua jaso, eta bere bahetik igaro ostean ametsezko ukituak ezartzen dizkio, kritikoaren esanetan.

Valverderen iloba Isabel Guesen esanetan, koloreen arteko kontrastea eta kolore bizien erabilera da margolariaren lanen ezaugarrietako bat. «Gainera, nabarmentzekoak dira plano aldaketak haren margolanetan». Izan ere, zenbait pasteletan planoen banaketa margoaren bidez ez ezik, fisikoki ere egiten du, oinarri ezberdinak erabiliz. Lan guztietan ostertza agertzeak ere zerikusia izan dezake plano banaketarekin. «Zuhaitzen presentzia ere deigarria da; beharbada, egonkortasunaren adierazgarri dira», Guesen iritziz.

Bilakaera nabarmena

Erakusketan argi ikus daiteke zein eratan aldatu den Valverderen lana: bai margotzen dituen paisaiei dagokienez, bai erabiltzen dituen tekniketan eta baitapintura estiloari erreparatuz gero ere.

Irudikatzen dituen paisaietan, azken bolada honetan, bai aukeratzen dituen inguruak eta baita margoan islatzen duen ikuspuntua ere aldatuz joan dira. «Lehen Pirinioen gisako paisaia berdeak margotzen nituen; orain, berriz,Bardeen moduko ingurune lehorragoetarako joera piztu zait», jakinarazi du artistak. Hala ere, nabarmendu du Pirinioak, Artikutza eta Aralar inguruak ere oso gustuko dituela. Era berean, lehen paisaia osoak margotzen zituen, eta, orain, txoko zehatzetako xehetasunak (belarrak, orbelak...) irudikatzen ditu.

Baliatzen dituen tekniketan ere aldaketa nabari da. Lehen, oihal gainean olioz margotzen zuen, eta orain, berriz, geroz eta maizago zelulosa eta kartoizko oinarrian aritzen da pastelekin. «Zelulosan eta olioz margotu beharrean, azkarragoa, arinagoa eta merkeagoa da pastelak erabiliz margotzea. Hala ere, oihalean olioak denbora gehiago eskatzen badu ere, dudarik gabe bere xarma du. Oihala, oihala da», ziurtatu du Valverdek. Aldaketa, baina, ez da bat-batekoa izan, eta horrek badu haren obran isla, tartean bi teknika horiek batera erabiliz osatutako lanak baitaude.

Margotzeko teknikan izandako bilakaerak ere, bestalde, eragin dute haren lanen estiloan. Haren ilobaren aburuz, errealismo magiko deritzonetik abstrakziorantz jo du. «Azkenaldian, kolore biziagoak erabiltzen ditu», gaineratudu. Pastelak zelulosan sortzen duen efektua eta olioak oihalean sortzen duena guztiz ezberdinak dira. Olioak oihalean lauaren irudikapena sorrarazten du, ez hala zelulosazko oinarrian pastelak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.