Zinema
'The Adjustment Bureau'
Zuzendaria: Georges Nolfi. Aktoreak: Matt Damon, Natalia Carter, Jon Stewart. Herrialdea: AEB. Iraupena: 106 minutu.
Goizeko zazpietan esnatu, iratzargailuarekin batera. Dutxa azkarra hartu. Gosaria ere igualtsu, beroegi dagoen kafea eta bezperako papur batzuk. Hiriaren beste muturrera joateko, nahitaez autoa hartu behar. Ohiko butxadura, gidari pare batekin liskarra. Lanera berandu ailegatu, telefonoa jo eta jo, korreoa spam-ez beterik. Ordubete itxaron behar lehen zigarreta erre ahal izateko... Ongi diseinatutako plan zehatz baten arabera gertatzen omen da gure bizitza, ezin zaio patua deitu berez horren perfektu planifikatuta dagoen arkitektura horri. Los Suaves taldeak aspaldian egin zuen hori abesti Siempre igual-en, eta orain zinemara ideia berbera eraman du George Nolfi zuzendariak. Ideia, berez Philip K. Dickena da.
Abiapuntua iradokitzailea da oso, ezin dugu markatutako bidetik atera; horretan saiatuz gero, zaindariek berriz artaldera eramanen gaituzte. Gure bizitza aurretik idatzia dago, plan nagusi baten atal txiki baina ezinbestekoa da. Makinak ezin du funtzionatu haren zatiek ez badute funtzionatzen. Gaurko ekonomiarekin eta hura sostengatzen duen gizartearekin gauza bera gertatzen da; bestela, akabo sistema.
Lehen minutuetan The Adjusment Bureau-k interesa pizten du. Egunerokoarekin lotutako zientzia fikzioa da. Senatari izan nahi duen protagonistaren bizimodu grisak primeran definitzen du zer den bihurgunerik gabeko bide bati kateatuta egotea. Besteek prestatuko diote dena: janzkera, mintzaldiak...
Baina programatuta ez dagoen zerbait agertuko da, amodioa. Protagonistaren etorkizuna desbideratuko da, eta harekin batera filmaren norabidea. Karta guztiak erakutsita, nekez mantentzen ahal du tentsioa, Nolfik istorioa txikle baten moduan luzatu baitu. Girotzea tristea da, pertsonaiek ez dute ñabardurarik, mekanikoak dira haien erreakzioak.
Plan baten arabera sorpresarik gabeko egitura deskribatu nahi, eta finean narrazio bera kontatu den hori baino zurrunago gertatzen da filma.
Planaren barruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu