Azken hilabeteetan, Euskal Herrian, Spotify streaming aplikazioaren aurkako boikot kanpaina bat abian da, Musikariak Palestinarekin deituriko plataformaren aldetik. Askok jakingo duzuen bezala, Spotify plataformako CEOa izandakoak, Daniel Ek-ek, Palestinaren aurka erabilitako armagintzan inbertitu zuela jakin zenetik piztu da eztabaida.
Debate honek musika proiektuek streaming plataforma suediarrarekiko duten dependentzia azaleratu du. Ibilbideak determinatu, eta horri uko egitekotan, norberaren proiektua desagerrarazi eta beste hainbat proiektu musikalek lurperatuko dutelako ustea guztiz orokortuta dago.
Dena den, gaurkoan streaming plataforma gehienek sortzen duten beste gaitz endemiko baten inguruan idaztera nator, playlisten inguruan hain zuzen ere. Playlistak, finean, katalogo zabal baten artean aukeratu eta nahi den moduan bildu daitezkeen abesti zerrendak dira. Kasu batzuetan plataformako argitaletxeak sortzen ditu, garai, estilo edo mood jakin batzuen arabera ere sailkatuz, baita «entzun beharreko abesti freskoez» osatuz, betiere, irizpide susmagarrien bidez, aukeraketa eta bazterketa bat eginda dagoela. Bistan da harpidetu bakoitzak, edo lagun talde batek, abesti kopuru amaigabe batez sortu ditzakeela nahi adina zerrenda ere, noski.
Musika guztia eskura izateak polita dirudien arren, auziari erreparatzeko, artista baten entzunaldi gehienak playlistetatik datozela jakin behar dugu. Are gehiago, artista baten entzule gehienak playlist ugaritan dauden abesti gutxi batzuetatik datoz, artistaren beste abesti guztiak desagertuz. Entzunaldien ehuneko txiki bat da musikariaren profilean sartu eta disko bateko abestiak jartzen dituena.
Horrek artisten musika argitaratzeko modua aldatzen du, inoiz baino single edo, askoz jota, EP gehiago argitaratuz. Singleei eskaintzen zaien arreta handiagoa da lan baten parte den abesti bati ematen zaiona baino; beraz, aukera gehiago ditu zerrendetan sartzeko. Gero eta gehiago, entzuleek sortzen dituzten abestiez osatutako playlistak bihurtzen dira disko, artistek egindako lan luzeak izan beharrean. Plataformek entzuleengan sortzen duten artisten pilaketak joera hori are eta gehiago ahalbidetzen du. Izan ere, musikariek presentzia izateko, edukia etengabe atera behar dute, eta argitalpenak gutxinaka ateraz gero, presentzia gehiago bermatzen da, disko luze bat egun bakarrean ateratzean baino.
Musikariek presentzia izateko, edukia etengabe atera behar dute, eta argitalpenak gutxinaka ateraz gero, presentzia gehiago bermatzen da, disko luze bat egun bakarrean ateratzean baino.
Musika zerrendak artistak baino gehiago entzuten direla ez da harritzekoa, musikaren jatorria despertsonalizatu, bere testuingurutik urrundu eta merkantzia huts bezala bukatuz. Musikari askoren aspirazio handiena, bere musika konposatu, taldekideen artean partekatu, moldatu, bukatu, grabatu, abestien ordena zehaztu eta fisikoki editatu ondotik ahalik eta playlist gehienetan sartzean bukatzen da, talde baten kreditu handiena plataformetan dagoen entzule kopurua baita. Hau ez da musikarienganako kritika inolaz ere, errealitate baten isla baizik. Spotify-ko zenbakitxoek musikariengan daukaten zama handia da, eta gero eta parametro gehiago neurtzen dira eta ikusgai daude. Testuinguru honetan, nola ez da ba garrantzitsua izango playlistetan sartzea?
Aipatutako guztia musikarien hautua izango balitz, eztabaida azkarrago bukatuko litzateke. Zoritxarrez, musikarien existitzearekin batera aurpegira botatzen zaizkien baldintza batzuk dira. Askatasun itxurako dependentzia. Katalogoan dagoen musika guztia ez genuke bizitza oso batean entzun ahal izango; beraz, eskerrak gure bizitza errazteko Summer chill vibes edo Euskal musika 2025 bezalako zerrendak ditugula. Hori bai, Spotify-ri buruz hitz egiterakoan, inbertsio kriminalez gain, ezin gara ahaztu musika sortu eta entzuteko moduak gutxinaka kamusten dabilen plataformaz ari garela.

Â