Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko jaialdia heldu den martxoaren 5etik 10era izango dela iragarri du Ana Herrera Nafarroako Kultura kontseilariak. Berritasunen artean, Dokbizia saila nabarmendu du, zinema dokumentala egiten duten artisten eta bestelako arte lengoaien arteko harremana ahalbidetuko duelako.
Sail ofizialean lehiatzeko, 867 film aurkeztu direla jakinarazi du Garbiñe Ortegak. Orain, hautaketa lanetan daude murgilduta. Epe motzean, hautaketa amaituta izatea espero dutela adierazi du. Sariei dagokienean, aurreko aldietan bezala, aurten ere lau sari nagusi izango dira: film onenarena, zuzendari onenarena, film labur onenarena, ikuslearen sari berezia eta gazteen saria.
Martxotik aurrera egingo den jaialdiaren XI. aldian, hausnarketa eragiteko eta identitate "mistoa" eta "hibridoa" duten proposamenak erakutsi nahi dituztela azaldu du Ortegak. Hala, programazioa diseinatzerako orduan, pluraltasunaren eta izaera heterogeneoaren aldeko apustua egin nahi dute. Hala, hiru ezaugarri aldarrikatuko dituzte: biziduna, hibridoa eta izaera komuna.
Bestalde, aurten publiko “berria” erakartzeko ahalegin berezia egin nahi dute. Hala, Planetarioan haurrei eta gazteei zuzendutako filmak eskainiko dituzte. Izan ere, Ortegaren irudiko, "ezinbestekoa da etorkizunean Ikuspuntu jaialdiko ikusleak izango direnak, txikitatik erakartzen hastea".