Perlarik ederrenaren bila munduan barrena ibili zen merkatariaren parabola baliatu du Lierni Azkargortak (Lazkao, Gipuzkoa, 1979) Anatomia bertikalak poema liburuaren nondik norakoak azaltzeko. Perlarik ederrena aurkitu zuelarik, merkatariak bere ondasun guztiak eman omen zituen haren ordainetan, txintik atera gabe. Ostrarekin parekatu du bere burua Azkargortak: «Liburu honen bidez, jaso ezazue nire gaixotasunaren bidean oraindik ere sortzen ari naizen perlaren zati bat. Nakarrezko poesia artean, inork entzun nahi ez dituen minak eta bidean kolpatu nauten bertikalitateak jaso baititut». Balea Zuria argitaletxearekin plazaratu du liburua.
Egun batetik bestera gaitzitu omen zen Azkargorta. Lanean ari zela konturatu omen zen: «2020ko martxoko asteazken batean, erizain izatetik ezintasun handiko gaixo izatera pasatu nintzen; uniformea janztetik, gaixoaren kamisoia soinean eramatera». Abiapuntu horretatik laburbildu du poetak Anatomia bertikalak liburuaren muina: «Pertsona zaurgarri bihurtzen den momentuan, gizarteak pertsona horri ematen dion erantzun erabat arrotzaz ari dela esango nuke». Eta honako hau gaineratu du: «Gizarteak errukirik gutxi eta garbitu gabeko asun eta sasirik gehiegi du, baina gaixotasun honekin begietara sartu zaizkit asun eta sasi horiek guztiak».
Estruktura
Eri den gorputzaz harago, gaixo dagoen gizarteaz ere ari da Azkargorta. Minez dagoen norbanakoa eta minari lekurik egiten ez dion ingurua talkan ageri dira, baina, era berean, gainjarrita: «Organismo urbano bat edo urbanismo organiko bat eraikiz teilakatu ditut poemak».
Lau ataletan banatu du liburua, atal bakoitzak hiri organiko bana osatzen duela: Lo hiria «bihotzeko lau gelekin» dago eraikita; Hiri satelitea atalak garunera darama irakurlea, eta bi hemisferio ageri ditu, hark bezala; Lorategi hiria «biriketako albeoloetan hazi ahal izan duten loreez» bete du; eta Hiri santua atala «aorta arteria bihurgunetsuan kapera bat» duen tokia litzateke.
Lau hirietan barrena egindako bidean hainbat puntutako deklarazio bat egin du egileak. Gaur egun, poztasuna ez den guztia «satanizatuta» dagoela dio, besteak beste; eta «gizarteak, burokraziak, instituzioak, tramiteak, osasun sistemak, guzti-guztiak bertikalak» direla; halaber, gizarteak ez duela permititzen tristezia, negarra edota bakardadea, ezta gaixotzea ere.
Poesia, berriz, arrunki esan ezin eta entzun nahi ez direnak adierazi ahal izateko bidea dela esan du Azkargortak: «Liburu honek eman dit aukera nire kaxa torazikoa bisturi batekin ireki eta nire baitako zakura sartzeko, lo-zaku batean sartzen dena bezala». Ez omen da, ordea, lo egiteko planean sartu, «esnatzeko asmoz» baizik.
«Liburu honek eman dit aukera nire kaxa torazikoa bisturi batekin ireki eta nire baitako zakura sartzeko, lo-zaku batean sartzen dena bezala»
LIERNI AZKARGORTAIdazlea
Bere erorketak ere bertikalak izan direla aitortu du: «Gogoratzen dut behin baino gehiagotan jo dudala lurra, baina deskubritu dut lur azpitik behera ere badirela erorketak, eta erorketa horiek ere bertikalak izaten direla, beste lur bat jo arte».
Esandakoak esan ondoren, Anatomia bertikalak iluna izan daitekeen ustea uxatu, eta argira jo du: «Bost urte hauetan, minaren eta gaixotasunaren zentzuaren bila aritu naizen honetan, filosofiatik eta espiritualtasunetik edan dut».
Hain zuzen, ostraren minaren ondorioz sortzen den perlaren edertasunera iristeraino egin du bidea. Rainer Maria Rilkek eman zion abiaburua. «Edertasuna beldurgarria denaren hasiera baino ez da, oraindik ere jasan dezakegun hura», esan zuen XX. mende hasierako poetak, eta esaldiari ordena aldatuta egin du bere Azkargortak: «Beldurgarria dena edertasunaren hasiera baino ez dela pentsatu nahi dut».
Gomendio bat egin die irakurleari: «Ahal badu, ozen errezita ditzala, [Federico Garcia] Lorcak zioen bezala, poema errezitatzen den artean bakarrik bizi delako. Eta deiadar egin dezala, zein hiri organiko esploratzen ari den, zein duen igo beharreko horma bertikala. Beldurgarria izango da, bai, baina soka berarekin loturik egongo gara».