Poesia ez den poesia

Ironiaz blaitutako iruzkinak bildu ditu Unai Maleskik bere lehen poema liburuan.'Hau ez da poesia' jarri dio izenburu, «zintzo jokatu» nahian

Ander Perez Argote
Donostia
2016ko otsailaren 25a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Aitorpen bat eraman du Unai Maleskik (Iruñea, 1972) bere lehen liburuaren izenburura. «Zintzo jokatzeko» baliabide bat, haren hitzetan, «poesia irakurle tipikoak agian ez duelako poesiarik aurkituko» bere obran. «Edo agian bai», dena irekita uzte aldera. Duda hori airean aurkeztu zuen atzo Donostian Hau ez da poesia lana, Xabier Mendiguren Elkarreko editorea aldamenean zuela.

Izenburuak aurreratzen du liburuaren nolakotasuna. Titulutik harago, «ironiaren erabilerak blaitzen» baitu liburu osoa, Mendigurenen hitzetan. «Idazkera zorrotza, begirada ernea eta komentario biziak» erabiltzeagatik ezaguna da Maleskiren profila Twitterren. «Naturalki» baliatzen du ironia, autoreak berak dioenez, baina badu hura justifikatzeko modurik ere: «Ironia erabiltzeak aurrean duzunari inteligentzia aitortzea da, aldez aurretik ezartzen duzulako hark badakiela esango ez dudanarekin zer esan nahi dudan. Konplizitate bat sortzen da hor, komunikazioa aberasten duena».

Orain, poesia formara ekarri duMaleskik sare sozialetako iruzkinetan ondutako estiloa. Baina berean ekiten du autoreak: «Izenburu hori jarri diot, hain zuzen ere uste dudalako hau ez dela poesia. Nire helburua ez da poetikotasuna bilatzea».

Kontuak kontu, poesiaren «aurkikuntzak» eraman zuen egilea poesia ez den poesia idaztera. Komunikazio enpresa batean dihardu Maleskik, Unai Abarzuza benetako izenez. Alde horretatik, Mendigurenen esanetan, «ideiak, kontzeptuak eta burutazio azkarrak ditu». Enpresako lanen artean egokitu zitzaion Castillo Suarezen Bala hutsak liburuaren azala diseinatzeko erronka, orain dela hamar bat urte. Behin eta berriro irakurri zuen liburua, eta txundituta utzi zuen generoaren botereak: «Poema batek nola hain elementu gutxirekin hain emozio sakonak eragin ditzakeen, nola eragiten ahal dizun klak bat hain gauza gutxi baina ongi ordenatuekin... horrek liluratu ninduen». Eta berarengan sortutako efektu hura berak beste batzuengan eragin nahi izateko desirak jota, heldu zion orain aurkeztutako liburua osatzeko lanari. «Tontamentian» idazten hasi zen, «Twitterren sartzen ez ziren ideiak» paperera jaurtiz. Behin horiek ordenatuta, behin Castillo Suarez beraren zein Mendiguneren galbaheak pasata, behin «puzzlea armatuta» iritsi da liburua. Eta aitortu du blog eta sare sozialetan argitaratzera ohitutako egileak: «Euskarri fisikoan publikatzeak, objektu bat sortzeak, beste gauza bat du».

Iraganarekin konexioa

«Oso modu intuitiboan» osatu du Maleskik bere lehen liburua, kontraesanak eta ironia baliatuz, gai ezberdinak lantzeko. Ahalegina egin du, etengabe, «iraganeko gauzekin konexioa egiteko». Bizipen propioak erabiliz ondu du lana, eta maitasunak pisu berezia hartu du iraganerako begiradan. Modu «pudorosoan» landua da gaia, Mendigurenen hitzetan, eta ez du ukatzen egileak: «Halako poemak zailak dira, erraza izaten delako topikoetan edo gauza pinpirinetan erortzea. Baina maitasuna beti egon da presente nire bizitzan, ez agian modu agerian, ez naizelako horretarako oso trebe. Birkonexio horretan aurkitu dut, eta garrantzitsua da, gauzak egitera mugitzen gaituelako».

Maitasunarekin batera, gai politiko eta sozialek leku berezia dute liburuan, Maleskiren lupatik igarota. Kezka bat baitu autoreak, eta birkokatu beharra: «Mundua alde batetik doa, eta gure Euskal Zera hau munduak hartu duen bidearekin geroz eta deskonektatuago dago. Betiko eskemak errepikatzen ditugu, iraganera begira gaude etorkizunera bainoago, eta horrek kezkatzen nau. Ezintasuna ikusten dut, mundua azelerazio izugarria ematen ari delako, eta gu ez garelako abiadura horretara egokitzen».

Halere, «sentsazio» bat da Maleskirena. Ez tesi bat, ez argudioz jositako iritzia. Bestela, idatziko luke akaso beste edozein motatako euskarri edo generotan. Baina «abantaila» bat du poesiak, egilearen hitzetan, «ez baita iritzia argudiatu behar». Eta Maleskik, Mendigurenen arabera, «poesia idazten ere badaki». Idazten duena dena delakoa izanda ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE