Poesia kaiera bana Brechti eta Benedettiri

Bertolt Brechten poemen antologia bat itzuli du Irati Majuelok, eta Mario Benedettiren beste bat Inma Erreak. Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak sailean eman dituzte

Bertolt Brecht eta Mario Benedetti. BERRIA.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun

«Zer esaten da egiaz komunismoaren aurka?/ Zentzuzkoa da, edonork ulertzen du. Arina da./ Esplotatzailea ez bazara, konpreni dezakezu». Antzerkigile gisa errekonozimendu handiagoa izango zuen beharbada Bertolt Brechtek (Augsburg, Alemania, 1898-Berlin, Alemania, 1956), baina XX. mendeko poemagile nabarmenetako bat ere izan zen. «Esplotatzaileek krimentzat dute. Baina guk badakigu: krimenaren amaiera da». Irati Majuelok ekarri du orain haren poema bilduma bat euskarara, Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumarako, eta, harekin batera, Mario Benedettiren (Tacuarembo, Uruguai, 1920-Montevideo, Uruguai, 2009) antologia bat ere kaleratu dute, Inma Erreak itzulita.

 

Bildumaren zuzendari eta BERRIAko euskara taldeko kide Maialen Berasategi Catalanen hitzetan, bi poeta ezberdin dira, baina gauza batek batzen ditu, nagusiki, biak ala biak: bizi izan zuten garaiari pultsua hartu izanak: «Biek heldu zioten bizitzen ari ziren testuinguru soziopolitikoari euren obran eta idazkuntzan». Gaineratu du, halaber, biek dutela idazkera «soila». «Zuzenean eta itu-ituan jotzen dute gauzen ernamuinera eta jendearen erraietara. Poesia zalea ez denari ere gustagarri eta ulergarri egiteko modukoak dira euren lanak». Hargatik, Munduko Poesia Kaierak sailean toki bat behar zutela esan du Berasategik.

1930eko hamarkadako goraldi faxistak hartaratuta, erbestera jo behar izan zuen Brechtek, eta bertan idatzi zituen bere obrarik ospetsuenetako ugari. Baditu ale oso narratiboak, baditu elegiak, kantuak, odak, ereserkiak, neurtitz errimadunak... Are, 2.000tik gora olerkiren egile da, eta horien lagin bat da Majuelok jasotakoa. «Niretzat ohore bat da Brecht bezalako poeta baten lana itzuli ahal izatea; azken batean, klasiko bat bihurtu delako gaur egun». Ordena kronologikoan jaso ditu olerkiok lanean, haren bizitzaren «zeharkaldi» gisara: «Gaztetan ikuspegi xaloa erabiltzen du, erromantikoa; komunismoari gorazarre egiten dio ondoren, marxismoa modu didaktikoan landuz. Bere etsipenarekin lantzen du poesia soziala, eta erbesteko ezinegonarekin, berriz, poesia adierazgarriagoa. Helduaroan, bizitzaren soiltasunari eta ederrari begiratzen dio gehiago».

Haren obraren garrantzia nabarmendu du Majuelok; izan ere, bere hitzetan, ez dira gutxi izan Brechten eragina jaso dutenak: «Arlo politiko zein artistikoan eragina izan du haren obrak; bai mundu zabalean, bai eta gure herri txiki honetan ere».

Benedettiren gaurkotasuna

Brechtenaren antzera, inguruan duen errealitatea irakurri eta injustiziak salatzen ditu Benedettiren poesiak. «Aberriari begiratzen dio gehienbat», zehaztu du Inma Erreak. Nolanahi ere, aberriaz hitz egiteko «marka propio bat» duela azaldu du: «Asko hitz egiten du maitasunaz bere olerkietan, baina aberriarekiko maitasunaz ari da gehienetan; oso modu zintzo eta xaloan».

Itzultzaileak kontatu du orain 40 urte ezagutu zuela Benedettiren lana, eta ordutik duela gustuko. Hura itzuli bitartean, baina, ohartu da hark kontatzen zuenak baduela gaur egungo egoera soziopolitikoarekin antzekotasunik: «40 urteren ondotik, zoritxarrez, hark idatzitakoek ez dute galdu gaurkotasunik. Badirudi mundua aldatu dela ordutik, baina ez da hainbeste aldatu».

Jatorrizko lanetik askorik ez aldentzea; horixe zuen helburu Erreak. Horrek zaildu dio, hain justu, itzulpena. «Benedettik ez zuen komarik erabiltzen, eta ni oso komazalea naizela aitortu behar dut». Nolanahi ere, jatorrizkoaren dohainak mantentzearen alde egin du, eta bere horretan itzuli ditu; puntuazio ikurrik erabili gabe. Hartara, jatorrizkoaren esentziara ahalik eta gehien hurbiltzea lortu duela dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.