Teju Cole idazle nigeriar-iparramerikarrak dio Tomas Transtromer (Stockholm, 1931-2015) poetaren lana bere babesleku dela aspaldidanik. Irakurle orok dauzka behin eta berriz berrirakurtzen dituen idazle itsasargiak. Colerentzat idazlerik kuttunenak bi poeta dira: Seamus Heaney ipar-irlandarra eta Tomas Transtromer suediarra, biak Nobel saria jasotakoak. Transtromerri 2011. urtean egin zioten aitortza hori, eta haren poemek «irudi trinkoen eta gardenen bitartez errealitaterako bide berri bat» zabaltzen dutela zehaztu zuen Suediar Akademiak. Juan Mari Agirreurreta itzultzaileak ekarri zuen euskarara Bizientzat eta hilentzat: poema guztiak, 1954-2004 bilduma ederrean (Elkar, 2012).
Eskurik gabe egitea
Ez da harritzekoa Colek Transtromer bidelagun izatea; gauez irakurri eta mesanotxean gordetzeko moduko poesia da harena. Bizitzaren misterioaz —eta, horrekin hertsiki loturik, esanezina denaz— idazten du. Munduari behatuz, arretaz begiratuz eta astiro pentsatuz egiten du hori. Erabat azaltzen ez den misterio hori norbere eginez irakurri behar da.
Coleren interpretazioaren arabera, haren poemen irudiek acheiropoieta kontzeptua dakarkiote gogora. Acheiropoieta hitzak «eskurik gabe egitea» esan nahi du; esate baterako, Turineko maindire santua edota Veronicaren beloa. Coleren iritziz, Transtromerren irudiek ez dute egituratze konplexurik, errealitatean dagoenaren bat-bateko irudikapena baizik («Giza hegaztiak. / Sagarrondoak loretan/ Enigma handia»). Magia hori antzematen du Colek, eta Transtromer parafraseatuz dio poemek gogorarazten digutela geure burua ikusteko aukera dugula geldi-geldirik gelditzen bagara. Idazle aparta izateaz gain, Estatu Batuetako Akademiak azken urteotan eman duen kultur eta literatura kritikaririk onenetarikoa da Teju Cole.
Afasia eta hizkuntzaren galera
Transtromer psikologian trebatu zen, eta jende gaztearekin egin zuen lan presondegietan bere ibilbide profesionalaren hastapenetan. 1990ean, hitz egiteko gaitasuna galdu zuen iktus baten ondorioz. Hori dela eta, ez zuen ohiko hitzaldi bat eskaini Nobel saria jasotzerakoan. Horren ordez, bere poemak errezitatu zituzten, eta berak pianoa jo zuen. Paralisiak ez zion ebatsi musika jotzeko gaitasuna, ezta poesia idaztekoa ere. Musika erreferentziaz josita dago bere poesia, batik bat, musika klasikokoez. Esan ezin denaz idazten duen poeta afasiak harrapatzen duenean, estilistikoki minimalistagoa bihurtzen da. Badirudi estilizazio ariketa bat dela eta ez gaixotasunaren albo kaltea. Poesia idazten hasi zenean, haikuak idatzi zituen, eta forma horretara itzultzen da azken garaian. Gorputzaren eskuinaldea zeukan geldirik, beraz, ezkerrarekin ikasi zuen berriz ere pianoa jotzen eta idazten.
Antzekoa eta bestelakoa da Txillida artistaren eskuen erabilera. Nahiz eta eskuinarekin ikaragarrizko abilezia izan, ezkerrarekin marrazten hastea erabaki zuen Txillidak, zailtasunak ekoizpena artistikoagoa egiten zuelakoan; hau da, erabateko kontrola galtzean emaitza gehiago gustatzen zitzaion. Haren eskuz aldatzea hautazkoa izan zen, bere buruari jarri nahi zion erronka artistikoa, eta Transtromerrena gaixotasunak behartua. Haren afasia osteko poesia neurologoek ere aztertu dute, hizkuntzaren galeraren eragina neurtzeko. Bai zientzialariak eta bai literatura kritikariak bat datoz kalitatean galerarik ez dela antzematen.
Afasia ostean, forma egokitu zuen Transtromerrek; sintaktikoki askoz soilagoak dira poemak, baina irudiek indar bera dute, agian are indar handiagoa, soiltasunagatik.
Barne eta kanpoko munduak uztartzen zituen poetikak oihartzun berriak zituen afasia ostean. Forma egokitu zuen; sintaktikoki askoz soilagoak dira poemak, baina irudiek indar bera dute, agian are indar handiagoa, soiltasunagatik. 2004ko Azken enigma bildumak berebiziko sua du, tartean haiku sorta zirraragarri bat: «Azaroko eguzki… / Itzal luzea igerian / ilusio bihurtu zait». Hain zuzen ere, meditazio moduko izaera dute azken poemek. Gurean Aurelia Arkotxa idazlea dago poeta behatzaileen artean. Itsasoa, iparralde hotza, ontziak eta itsasargiak maite ditu, eta Transtromerren estilo minimalista dakarkigu gogora, esaterako, Arkotxaren Septentrio liburuaren azken poemak: «Ontzia / emeki-emeki/ desagertuz doa / itsasoa / bakar / bazterra / huts» (Mare Magnum Fine poema). Bi poetek dute hain zaila den gaitasuna: oso osagai gutxirekin hainbeste irudikatu eta helaraztekoa. Biek dute irudi indartsuekin irakurlea ukitzeko iaiotasuna.
Bizientzat eta hilentzat
2015eko abenduan, Edinburgoko poesia liburutegiak Poema besterik ez irakurle topaketa antolatu zuen Transtromerren inguruan. Poemak elkarri irakurtzeko saioa zen, poeta eskoziar batek gidatua. Pandemia garaian formatu bakan hori galdu egin zen —gaur egun, Azpeitiko Dinamoak molde horri segitzen dio APOA poesia irakurle taldearen saioetan—.
Edinburgoko Transtromerren saio hartan bost partaide elkartu ziren. Poeta ezaguna da mundu anglo-saxoian, eta itzulpen bikainak ditu. Taldean 80 urte inguruko editore ohia zegoen, eta irakurritako poemen artetik, Bizientzat eta hilentzat bildumako Kapitain ahantzia poemak eztabaida sorrarazi zuen. Berak hautatu zuen poema, eta sentimendu handiz irakurri zuen «Ontziak bizitzaren eta heriotzaren ikurrak dira batzuentzat» bertsoa. Saiotik irten ondoren, editore ohia eta atzerritarra elkarrekin abiatu ziren tren geltokiraino. Irakurketan poetaren irudiei buruz esan zuenaz galdetu zion editore ohiari, azpian zegoena ulertu nahian. Bere adinera iristen zenean ulertuko zuela izan zen haren erantzun azkarra. Eta gehitu zuen saioa baino lehen oso gaixo izan zela luzez, eta bizipoza sentitu zuela hainbeste maite zuen poetari buruz hitz egitean. Irakurle taldearen hurrengo saiorako hitzordua egin zuten, baina editore ohia ez zen berriz agertu. Gazteago zen irakurlearen memorian iltzatuta gelditu zen partekatutako irakurketa: «Zerumuga antzemana. Hitz egin nahi digute hildakoek» (Europan barrena poema). Editore ohiak irakurle taldearen saioan eta Colek bere saiakera batean azaldutakoan bibliografiaren eta biografiaren arteko joan-etorriaren ideia dago: bizitza irakurriz bizi gara.