'moon poem'
Artista: Oscar Tuazon. Lekua: Cibrian galeria (Donostia). Noiz arte: urtarrilaren 31ra arte.Â
Behin baino gehiagotan esan izan dut galeria eta erakusketa areto txikietara joatea geroz eta gustukoagoa dudala; deskantsu txikitxoak hartzearen modukoak direlako; tarte batean airez aldatzeko aitzakia perfektuak; buruko pentsamenduak beste esfera batera mugitzeko aukera eskaintzen dutenak, ia meditazio baten antzera. Eta tartean behin gustura joaten naizen espazio horietako bat da Donostiako Cibrian galeria. Normalean, bertaratu aurretik webgunean begirada bat botatzen dut, unean duten erakusketa zein artistari eskainitakoa den ikusteko: ideia bat egiteko balio du, besteak beste, oso argazki onak izaten dituztelako. Oraingoan, ordea, halakorik egin gabe joan ginen, Donostian ginelako, eta tartetxo bat libre geratu zitzaigulako, hura aprobetxatuz.
Sartzerakoan ikusi genuen martxan dagoen erakusketa Oscar Tuazon artista iparramerikarrarena dela, Moon Poem izenekoa. Badirudi bertan egiten duen lehen banakako erakusketa dela, nahiz eta galeriak Tuazonekin elkarlanean urteak daramatzan.Â
Nik, haren berri lehen aldiz Artiumen izan nuen; museoak artistaren lanetako bat erakusgai duelako. Ez dago erakusketa areto batean, ordea, baizik eta Artiumeko bi eraikinak elkartzen dituen lorategira irteteko atearen alboan: ura edateko iturri bat da. Eskulturaren eta diseinuaren arteko hibridazio interesgarria da pieza, Markina-Xemeingo marmolarekin egina, eta metalezko bidoi itxurakoa. Hura zen, beraz, artistaren lanekiko nuen erreferentzia bakarra; eta erakusketan ere halako zerbait topatzea espero nuen, haren mostra zela jakin ordurako.
Baina sorpresa eraman nuen. Eskultura batzuk badira, aretoaren erdian daudenak, eta hauek marmolez eginak daude; izatez, batzuk Markina-Xemeingo marmolarekin. Baina horiek direla esango nuke Artiumeko piezarekiko mostrak partekatzen dituen antzekotasun bakarrenetarikoak. Izan ere, erakusketako protagonista nagusiak, eta hain zuzen ere mostrari izena ematen diotenak, eskultura hauek inguratzen dituzten pinturak dira, hormetan esekita daudenak. Batzuk mihise gainekoak dira, eta besteak berrerabilitako oholekin gauzatutako egituretan burutuak: gainazal irregularretakoak dira azken hauek, oraindik ere iltze zaharrak sartuta dituztenak. Ehundura interesgarriagoa dute, materikoagoa, haptikoagoa, hurbilekoagoa. Irudikapenei dagokienez, berriz, zirkuluak gailentzen dira; ilargiaren gainazal bidimentsionalaren gaineko bariazioak dirudite, irudimenezko fase ezberdinak balira bezala ia; formaz aldatu ordez, kolorez aldatzen dira. Guztiak, unibertsoari keinu egiten dion hondo beltzaren gainean. Tira.
Interes handiagoa dute, zalantzarik gabe, aurrez aipatutako eskulturek eta eskultura multzoaren instalazioak. Bata bestearen atzean, ilaran jarriak daude, aretoko eskuin hormarekiko paraleloan, sartzean segida guztia osoki ikusten delarik. Pieza bakoitza erakusketarako propio egindako idulki berezi batzuen gainean dago: zilindrikoak dira, eta industrian objektuak biltzeko erabiltzen diren plastiko zuriz eta zeloz estaliak daude goitik beheraino. Badute beste berezitasun bat ere: oso altuak dira, eta, ondorioz, ni bezala, txikiak garenontzat oso deseroso egiten dute gainean ipinitako pieza behar bezala ikustea. Soilik alboetatik ikus nitzakeen, eta gainetik zuten itxura nolakoa ote zen jakiteko, mugikorrarekin argazkiak ateratzera kondenaturik nengoen.Â
Formaz, pieza guztiak berdin-berdinak dira; baita tamainaz eta materialez ere —guztiak marmolezkoak—, eta modu berean kokaturik daude, ia bata bestearen kopiak balira bezala. Duten aldagarri bakarra kolorea da; marmolak izanik klase ezberdinetakoak direlako. Hiru, Markina-Xemeingo kolore beltzezkoak dira; besteak, berriz, marroitik zurirantz doaz, hala nolako degradazio kromatikoa osatuz espazioan. Puskak dirudite, proba industrialak agian, edo hezurrak. Izaera mekaniko eta organikoaren artean kokatzen dira. Eta horrek, idulkien antzera, deserosoak bilakatzen ditu. Perfektuegiak dirudite, gizatiarra denarekiko urrunegi kokatuz.
Erakusketak osotasuna falta duen sentsazioa izan dut: pinturak alde batetik doazela dirudi, eta pieza eskultorikoak bestetik. Eta aretoko testuak ere gako argirik ez du ematen proposamenaren osotasunera nola hurbil daitekeen ulertzeko. Ilargiaren poemarik behintzat ez da han.