Politikari ohia desesperatuta

Bederen 1-ek 'Aktibo toxikoa' bakarrizketa «katartikoa» estreinatuko du gaur Zarauzko gaztetxean

Igor Susaeta.
2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
«Barre baino gehiago» egin nahi diote krisi «nazkagarriari» Aktibo toxikoa antzezlanarekin Bederen1 konpainiakoek. «Satira politiko bat da; komedia bat nahi baldin baduzue, drama ere ikusten den arren», argitu du Inazio Tolosa zuzendariak. Mikel Elorzarena da testua, eta Patxi Santamariak antzeztuko du bakarrizketa. Zarauzko Putzuzulo gaztetxean egingo dute areto barrurako egokitzapenaren estreinaldia, gaur, 22:30ean. Bat Jauregi da antzezlaneko protagonista. Erretiratuta dago jada, eta kale gorrian bizi da desesperatuta, sasoi batean politikaria izan zena. Obrak «katartikoa» izan nahi duela aitortu du Tolosak.

Munduari begiratu bat emango dio Jauregik, honako egoera honetatik abiatuta: «68 bat urte izango ditu. Etxe bat zeukan, baina semeari eman zion. Semea dibortziatu egin zen, eta orain erraina zena bizi da bertan seme-alabekin eta bikotekide berriarekin». Politikaria izan zela gogoratuko du Jauregik. Baina, Tolosaren iritziz, «beste garai bateko» politikaria. «Orduan konpromisoak ez ziren sinatzen, gauzak egiten ziren gutxi gorabehera...». Herri txiki bateko zinegotzi normal bat izan zen, konpromiso bategatik hasi zena. «Gauzetan beti aurrera egitea lortzen duen horietako bat zen, herrian norbait zela uste zuena». Ez zen, ordea, politikari «garrantzitsu» bat. «Ehunka daude bera bezalakoak».

Baina orain kalean dabil munduak bizi duen «desastreari» buruz bakarrizketan. «Oso amorratuta» dago, berak bizi duena azaldu nahi du. Halako desesperazio egoera batean egonda prest dago pailazoarena egiteko, are «show pixka bat egiteko ere». Alternatiba guztiak bilatuko ditu bere egunerokoa azaltzeko, «eta publikoaren aurrean bere buruaz beste egiteko gauza da».

Tolosari iruditzen zaio «ahal duena» egiten duela Jauregik. Ez da, ordea, bakartuta bizi. «Sumindu bat gehiago da. Haserre dago, eta oso ondo ulertzen du besteen amorrua ere». Zuzendariak uste du gisa honetako pertsonaiek elkartasun handia piztu dutela gizartean, jendearentzako ulergarria dela haien egoera. Asteon komunikabidetan azalduriko Iñaki Gonzalezen kasua aipatu du, adibide gisa.

Horregatik, publikoak «konplizitate handiarekin» hartuko duela pentsatzen du. Hala gertatu zen, behintzat, joan den uztailean kalerako egokitzapena Zarautzen estreinatu zutenean. «Gainera, ez da bakarrizketa konbentzional bat. Ez du denbora guztian hitz egiten. Bai eta ez. Gauza asko gertatzen dira tartean, eta oso parte hartzailea da. Gaiak ematen du eta oso erraz jarraitzen da haria». Oraingoz, beste emanaldi bat egingo dute Zumaian, eta «baita Orion ere ziurrenik».

Ordubeteko iraupena dauka antzezlanak, eta «gauza gutxi» behar ditu gauzatzeko: fondo beltz bat, eta terrazetako mahaitxo eta aulki bana. «Teatro pobrea da gurea. Irudikatu nahi dugu pertsona batek egoera horretan bere baliabideekin ikuskizun bat sortzen duela». Aktibo toxikoa deiturikoa. «Probokatu» egin nahi izan dute izen hori jarrita. «Ekonomia guztia kutsatu duten maileguak dira aktibo toxikoak. Esaten da pasiboak garela. Ba pentsatzen dugu toxikoak bezala aktiboak izan behar dugula. Baina toxikoak izan behar dugula sistema honen aurka; gure eskubideak babesteko horrekin kutsatu behar dugu».

Tolosaren iritziz, ez da nahikoa ekonomiak «bultzatzen gaituen» toki «ozpinetara» egokitzearekin. «Antzerkiaren zereginetako bat da gaur-gaurko gaiak islatzea. Gu saiatuko gara errudunak zeintzuk diren erakusten». Politikari ohi desesperatu baten bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.