Pop eta rock zuria irauli zuen ekoizle beltza

Bob Dylan, Jon Coltrane, Frank Zappa eta The Velvet Undergrounden disko mugarrien ekoizle izan zen Tom Wilson. Hala ere, haren izena eta jarduna ahanzturan erori dira azken urteetan.

Tom Wilson eta Bob Dylan, estudioan.
Tom Wilson eta Bob Dylan, estudioan.
2025eko urriaren 19a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bob Dylan, Frank Zappa eta The Velvet Undergrounden disko esanguratsuen ekoizlea izan arren, Tom Wilsonen izena musikaren historiatik ezabatu dute. Wilson Columbiako lehen ekoizle beltza izan zen, mundua jan eta zaratarik egin gabe musikatik alde egin zuen Harvardeko mutila».
(Alfonso Cardenal, Vidas Perras. Cuentos musicales del Sofá Sonoro —Bizitza Latzak. Soinu-sofako musika-ipuinak—).

Hala da, Tom Wilson estatubatuarrak (Waco, 1931-Los Angeles, 1978) ekoitzitako diskoen artean 60ko urteetan eraikitako pop-rock disko esanguratsuenetako batzuk azaleratzen dira, hala nola Bob Dylan elektrifikatu zuen diskoa, Bringing It All Back Home; The Velvet Undergrounden estreinako eta bigarren lan urratzaileak; Frank Zappa abangoardiako musikariak zuzendutako Mothers Of Invention taldearen Freak Out; Simon and Garfunkel bikotearen doinurik ezagunena, The Sound of Silence, edo hainbat adituren aburuz musika garaikideak eman duen kanturik onena, Dylanen Like A Rolling Stone, zeinak folk-rock estiloa abiatu zuen, The Byrds taldeak egindako bertsioaren bitartez.

Wilsonen itzala, baina, pop-rockaz harago hedatzen da, jazzeko ordezkari nagusi izango ziren Sun Ra eta Cecil Taylor musikarien lehendabiziko lanak berak plazaratu baitzituen, Jazz by Sun Ra eta Jazz Advance hurrenez hurren. Bi lan horiek Wilsonek eratutako Transition zigiluaren bidez kaleratu ziren, ekoizlea unibertsitatean zegoela. Gerora, Savoy diskoetxean ziharduela, bi musikarien ibilbidean zeharo garrantzitsu bilakatuko ziren beste bi disko ekoitzi zituen: The Futuristic Sound of Sun Ra eta Taylorren Hard Driving Jazz; bi grabazio horien bitartez entzuleria zabalagoetara irtsi ziren biak ala biak.

Wilsonen ibilbidearen lagin (adierazgarri) bat baino ez da, baina nola liteke estatubatuarrak ez izatea herrikide dituen beste ekoizle klasiko eta ospetsuen aitortza bera? Esaterako, Brian Wilson edo Phil Spector ekoizleen izen bertsua?

Batetik, Tom Wilson beltza zelako eta 60ko hamarkadako pop-rockaren industria erabat zuria zelako; bestetik, hura ez zelako ekoizle klasiko bat. Haren manerak oso bestelakoak ziren; izan ere, ez zen ekoizle interbentzionista bat, eta alde teknikoaz, produktuaz arduratzen zen gehienbat, soinuan utz zezakeen marka pertsonala erabat baztertuz. Hala, agindu ordez iradoki egiten zuen, batez ere hobekuntzei eta aukerei erreparatuz. Antzera aritu zen bere egunerokoan ere, malgu eta heterodoxo: ogibidez ekonomialaria, andrezalea eta tenisaren zalea zen, bai eta alderdi errepublikanoaren aldekoa ere, beltzak haien eskubide zibilen alde borrokatzen ari ziren bitartean.

«Nire grabazio filosofiaren arabera, ekoizlearen lana da artistaren helburua zein den deskubritzea, eta ahalik eta modurik errazenean lortzen laguntzea, lan egiteko baldintza egokiak eta orientazio objektiboa eskaintzea, saio baten beroan, hasierako helburua bistatik galtzen denean. Eta uste dut ekoizlea, nire ekoizpenaren estiloan, norabideari eusten saiatzen dela, besterik gabe», azaldu zuen Wilsonek Pop Chronicles irratsaioan, 1967an.

Wilson ez zen ekoizle interbentzionista bat, eta alde teknikoaz, produktuaz arduratzen zen gehienbat, soinuan utz zezakeen marka pertsonala erabat baztertuz

Bada, Wilsoni buruzko ezagutzarik eza hain izan da handia, orain arte ez baita haren obraren eta nortasunaren inguruko libururik ere idatzi. Hala, hutsune hori betetzera etorri da Frantziako Editions 1989 argitaletxeak plazaratu eta Anais Ngbanzok editatu duen Everybody’s Head is Open to Sound: Writings on Tom Wilson (Guztion buruak daude soinuari zabalik. Tom Wilsoni buruzko idazkiak), zeinak hainbat adituren testuak biltzen dituen. 

Ekoizlearen ibilbideko hiru atal jakinen inguruan ardazten da liburua: 1954-62 urteak, non Wilson jazzarekin bereziki zaletu zen garaia azaleratzen den, hala nola Wilsonek berak abiatutako Transition Records zigiluko urteak; 1963-65 urteak, folk-rockera jauzi egin zuenekoak, hau da, Columbia Recordsen Dylanekin aritu zenekoak; eta, azkenik, 1965-68 urteak, Mothers of Invention eta The Velvet Underground & Nico taldeekin jardun zenekoak Verve/MGM diskoetxean.

Zigilu politikoa

Unibertsitatean, Wilson jazzean murgildu zen, eta, besteak beste, New Jazz Society elkartea eratu zuen; hitzaldiak, emanaldiak eta bestelako jarduerak antolatu zituen, betiere jazzaren ingurukoak. Hain zuzen, ikaskide baten neska lagunak utziko zizkion 940 dolarrekin abiatuko zuen Transition Record diskoetxea, eta haren hazia bilakatuko ziren 1950eko hamarkada erdialdean kontzertuetan ezagututako musikariak. Horiek horrela, AEBetako hainbat hiritako jazz eszenatako musikariak ezagutzea lortu zuen, bai eta haietariko asko bere zigilura ekarri ere, hala nola free-jazzaren askatasuna ereingo zuten Sun Ra eta Cecil Taylor, baina baita Donald Byrd tronpeta jotzailea ere. Folk musika ere jorratu zuen, baina neurri askoz txikiagoan. Wilsonentzat, jazza une oro eraldatzen den musika mota bat zen, aukeraz jositako eremu askea.

Unibertsitatean, Wilson jazzean murgildu zen, eta besteak beste, New Jazz Society elkartea eratu zuen; hitzaldiak, emanaldiak eta bestelako jarduerak antolatu zituen, betiere jazzaren ingurukoak

«Wilsonek musika grabatzen zuenean Transitionentzat, komunitateak dokumentatzen zituen, banan-banan. Bere lagunak eta musika grabatua erakusteko zuen ikuspegia aurkezten du album bakoitzak. Ekoizle gisa, albumak ez ezik, entzuleek sentitzen zuten atmosfera, musikak kontatzen zuen istorioa eta narratiba zabalagoa ere moldatu zituen. Wilsonek bere burua diskoetxe politiko bateko zuzendaritzat ez bazeukan ere, Transitioneko albumek bere gizarteaz kontziente den ekoizle bat erakusten dute», azaltzen du Wolfram Knauer musikologo eta jazz ikertzaile alemaniarrak Everybody’s Head is Open… liburuan.

Ergelen kontua

1963an, Columbia konpainia handiak kontratatu zuen Wilson, talentu bilatzaileen saileko buru jarduteko. Laster estudiora eraman zuten Bob Dylan ezagutu zezan, ekoizleari folka askorik gustatzen ez zitzaion arren. «Sun Ra eta [John] Coltranerekin grabatu berria nintzen, eta uste nuen folka lerdoen kontua zela. Tipo horrek (Dylanek) baboen gisara jotzen zuen. Baina haren hitzak entzun nituen. Harri eta zur gelditu nintzen», esan zuen Wilsonek Melody Maker argitalpenean, 1976an.

Azkenik, hiru disko grabatu zituen Dylanekin: The Times They Are A-Changing (1964), Another Side of Bob Dylan (1964) eta Bringing It All Back Home txinpartatsua (1965). Areago, Like A Rolling Stone ere grabatu zuen Dylanek Wilsonekin. «Albert Grossmani —Dylanen managerrari— esan nion estudioan zegoela: 'Atzealdean zeozer jartzen badiogu, Ray Charles zuri bat izan genezake mezuarekin'», azaldu zuen Wilsonek Melody Maker-eko elkarrizketa berean, Dylani lagunduko zion banda oso bat jartzeko aukeraz. «Gauza bakarra esan nion neure buruari: Tipo hau inguruan gertatzen denaz ohartzen den banda batekin grabatzen baduzu, superizar bat izango duzu esku artean…». 

Gauza bera egin zuen Simon & Garfunkelen The Sound of Silence kantuarekin: musikari bikoteari ezer jakinarazi gabe, berriro grabatu zuen Dylanen bandarekin, eta kantua zerrendetako lehen postura iritsi zen.

Tom Wilson
Tom Wilson, 1967an egindako argazki batean.

Igande goiza

MGM Records diskoetxean lanean hasi zenean lotu zitzaion Wilson abangoardiako rockari, eta lehenengo bi tiroetan bete-betean asmatu zuen, Frank Zapparen The Mothers Of Invention eta The Velvet Underground fitxatu baitzituen MGMko jazz azpizigilua zen Verven grabatu zezaten. Zapparen aburuz, Wilson «liluragarria» zen musikaren asmoa interpretatzeko orduan, eta Velvet Undergroundeko musikari aurreratuenak, John Calek, esan zuen Velvetekin lan egin zuen «ekoizlerik onena» izan zela.

Zapparen Freak Out diskoaren grabazioaz ezer gutxi dakigu, baina Velvet Undegroundekin Wilsonek egindako lanaren gaineko zehaztapen asko daude, gehienak Ignacio Julia kazetari eta musika-kritikari katalanak Everybody’s Head is Open… bilduman jasoak. Lehen diskoko —Warholek egindako platanoa azalean dakarrena—, lau kantu berriro grabatu zituen, I´m Waiting for the Man, Heroin, Venus in Furs eta All Tomorrow´s Party. Azken orduan, baina, eta zigiluak hala eskatuta, agintariek kantu komertzial bat sartu nahi zutelako, ekoizleak Sunday Morning eztia grabatu zuen. Nico alemaniarraren ahotsarekin maitemindu zen Wilson, eta haren bakarkako estreinako lana ere zuzendu zuen, pop barrokoan bustitako Chelsea Girl.

Amaitzeko, azken etapa honetako Wilsonen obrarik handiena White Light / White Heat Velveten bigarren lana goitik behera grabatzea izan zen, zeinak hamazazpi minutu irauten duen Sister Ray etorkizuneko labirinto burrunbatsua gordetzen duen. Melody Maker argitalpenak 1976an plazaratutako elkarrizketa batean mintzatu zen ekoizlea grabazio horretaz, dotore eta apal: «Astebetean egin genuen, baita nahasketak ere. Horretan asko lagundu zuen Louk (Reed) bere egiturekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.