5 urte besterik ez zituela sartu zen Michael Jackson bere lehen musika bandan, 1964an. Bandari Jackson Brothers izena jarri zion aitak —berak sortu baitzuen—, eta hamar anai-arrebetatik bostek osatu zuten: bandaren sortzetik zeuden Jackie, Tito eta Jermaine, eta 1964an batu ziren Michael eta Marlon. Bandan sartu eta urtebetera, Michael ahots nagusi bilakatu zen, Jermaine anaiarekin batera. Aldaketa horrek hasiera eman zion mundu osoan ezaguna den The Jackson 5 musika bandari, eta, hain zuzen, horixe da poparen erregeari buruzko biopic berriaren abiapuntua.
Michael izena darama Antoine Fuquak zuzendu duen filmak, eta Michael Jacksonen ilobak hartu du osaba gorpuzteko ardura: Jafaar Jacksonek. Jermaine Jacksonen semea da, eta debuta egingo du osabari buruzko filmarekin. Aldiz, Juliano Valdik bete du Michael Jackson gaztearen papera.
Anaiekin batera hasi zenetik bakarlari moduan egindako lehen urteetara bitarteko ibilbidea kontatzen du filmak. 1965etik 1968ra arte, The Jackson 5 banda afro-amerikarren klubetan eta gaueko klubetan kantatzen aritu zen, batik bat. 1968an kaleratu zuten lehen singlea, Big boy, eta izugarrizko ospea izan zuten horren ondotik etorri ziren beste abestiek ere. Blues, soul, funk eta disco estiloak landu zituzten, bai eta musika zerrendetako markak gainditzerainoko ospea izan ere.
Aldiz, 1972an hasi zen Michael Jackson bakarlari moduan musika egiten, eta lau album kaleratu zituen zigilu diskografiko berarekin: Got to Be There (1972), Ben (1972), Music & Me (1973) eta Forever, Michael (1975). Bere ibilbide propioa lehenesten hasi zen arren, ez zuen anaiekin osatzen zuen banda utzi 1984ra arte. Hain zuzen, bi kontzertuk ematen diote amaiera filmari: Los Angelesen 1984an anaiekin batera egin zuen azken kontzertuak, eta Michael Jacksonek Bad albumarekin egindako bira zela-eta Londresen 1988an emandako kontzertuak.
Hamahiru abesti
Hasieran asmoa bazuten ere, filmak ez ditu Michael Jacksonen aurkako salaketen nondik norakoak kontatzen. Izan ere, filmaren lehen bertsio batean, abeslariaren aurka egindako lehen salaketari buruz hitz egiten zen —zehazki, 1993an jarritako salaketa bati buruz—; filmaren ekoizleak esan zuenez, ahalik eta istoriorik «sinesgarriena» eta «inpartzialena» kontatzeko. Baina lege kontuengatik berriz grabatu behar izan zuten filmaren amaiera. Dena den, ekoizleek ez dute baztertu bigarren zatia egitea, filmari jarraipena emateko.
Musikak, noski, garrantzi nabarmena du filmean: Michael Jacksonen hamahiru abesti jasotzen ditu soinu bandak, eta estreinaldiarekin batera jarriko dute salgai albuma.
'MICHAEL'
Beste estreinaldi batzuk:

À voix basse filmaren fotograma bat. BERRIA
'À voix basse'
Osabaren hiletarako Tunisiara itzuliko dia Lilia. Parisen bizi da protagonista, eta ohartu da familiak ez dakiela ezer bere bizitzari buruz, ezta bere sexu orientazioari buruz ere. Osabaren bat-bateko heriotzaren misterioa argitzen saiatuko da, baina etxean belaunaldi desberdinetako hiru emakume bizi dira, eta isiltasuna eta tradizioa gailenduko dira.
‘Casi todo bien’
Hilario idazle frustratua da; argitaletxeek ez dute haren eleberria nahi, eta, beraz, liburu denda batean egiten du lan, eta Internet bidezko idazketa ikastaroak ere ematen ditu. Gau batean neska bat ezagutuko du, eta ordura arteko monotonia hautsiko zaio, inoiz egin gabekoak egiteraino.
‘Harà Watan’ (‘Lost Land’)
Sakabanatua dago familia, baina haiekin elkartzen ahaleginduko dira protagonistak. Shafik 4 urte ditu, eta arrebak, Somirak, 9. Atzean utziko dute rohingya etniako errefuxiatuen esparru bat, Bangladeshen, eta arriskuz beteriko bidaia bat abiatuko dute Malaysiara.