Kritika-Musika

Poparen urgentzia

Sharp Pins
mikel lizarralde
2026ko urtarrilaren 18a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

SHARP PINS

'Balloon Balloon Balloon'

 

Diskoetxea: Perennial.

Kai Slaterrek ez du atsedenik hartzen. 2023an Sharp Pins bere proiektu pertsonalaren lehenengo diskoa atera ondoren (Turtle Rock), amaitu berri den urtean Radio DDR 2024ko diskoa berrargitaratu zuen —sei kantu gehituta—, eta urtearen amaieran iritsi da Balloon Balloon Balloon, bere hirugarren lan luzea. Gainera, Lifeguard punk proiektu paraleloaren lehenengo diskoa ere kaleratu du 2025ean (Ripped and Torn), eta EP bat ere bada argitaratzekoa berehala.

Musikari oparoa da Slater, pop kantuen artisaua, eta Sharp Pinsen azken diskoak filtrorik gabe erakusten du hori. Balloon Balloon Balloon-ek hemezortzi pieza labur biltzen ditu —gehi kantuen arteko zubi lanak egiten dituzten beste hiru pasarte labur—, eta argi erakusten dute musikari estatubatuarrak zer-nolako gaitasuna duen melodia gogoangarriak egiteko. Lemon Twigsek bezala, Sharp Pinsek 1960ko hamarkadako poparen altxorrean bilatzen du material jatorrizkoa, hiru B handiek, The Beatlesek, The Beach Boysek eta The Byrdsek, bakoitzak bere erara, eraiki zuten kanon hartan sakonduta. 

Hau da, Sharp Pinsen kantuetara jotzen duenak berehala aurkituko ditu jangle gitarrak, ahots harmonia loriatsuak, ametsezko konponketak, eta batik bat, berehala buruan iltzatzen diren leloak. Lerro hauek irakurtzean, norbaitek pentsa dezake tribute band horietako bat dela Kai Slaterrena, edo pastiche hutsera mugatzen dela, baina ez da horrela inondik ere. Izan ere, elementu bereizgarri ugari ditu Sharp Pinsek, eta baita —bere erara— garaikide bilakatzen duten ñabardurak ere.

Hain zuzen ere, taldearen soinuari darion lo-fi espirituak ezaugarritzen du, neurri handi batean, Sharp Pinsen proposamena. Horrela, batzuetan, gogora ekar dezake Guided by Voices taldeak 1990eko hamarkadan garatu zuen pop energiko eta zikina, nahiz eta Robert Pollardek gidatzen zuen taldearen musika askotarikoagoa zen, baita eroagoa ere.

Nolanahi ere, Balloon Balloon Balloon-ek kantuen bidez irabazten du loria. Popafangout nostalgiaz blai eginda dago, I Don’t Have the Heart-ek 1964ko Liverpoolera eramaten zaitu —ezin hemen baino beatle-ago aritu—, eta hala I Could Find Out-ek nola Queen of Globes and Mirrors-ek eredu gisa hartzen dute Roger McGuinnek The Byrdesen lehenengo diskoetan idatzi zuen estilo liburua. Diskoko lehenengo lau kantuek —bikainak laurak— bidea markatu ostean, Balloon Balloon Balloon-ek ez du maila jaisten, eta melodia gogoangarriak (I Wanna Be Your Girl), haustear diren baladak (Gonna Learn to Crawl) eta The Clash nahiz Billy Braggen izpiritu erreboltaria daramaten pieza biziak (Takes So Long) biltzen ditu, besteak beste.  

Sharp Pinsen proposamena zuzenean dastatzeko aukera ere izango dugu aurki. Otsailaren 3an, taldeak Donostiako Dabadaba aretoan joko du, eta, 12an, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza salan ariko da. Slaterren gazte-zahar izpirituaz gozatzeko bi aukera ezinbesteko.

Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.