PORCELAIN HEARTS
'Rosemary'
Argitalpena: Egilea editore.
Talde batzuen izenak izana ere definitzen du. Edo alderantziz. Portzelanazko bihotzak izenpean aritzen den talde estatubatuar honek ez du, jakina, musika bortitza egiten; aitzitik, bere proposamena delikatua da, ia hauskorra. Lehen diskoa du Rosemary labur hau —ordu erdia besterik ez—, hari, txirula, eta rockari atxikitzen ez zaizkion beste tresna ugariz josita datorrena. Ganberako poparen eta folkaren artean mugitzen da, eta gutxitan zapaltzen du azeleragailua (Asteria). Gainerakoan, musika zerutarra da nagusi Porcelain Heartsen proposamenean, eta horren barruan kokatzen da Roy Orbisonen In Dreams zoragarriaren bertsio dirdiratsua.