«Sustraietatik edaten duen euskal musika berritzailea». Bere ibilbideko zazpigarren diskoa aurkezteko azalpenetan murgilduta zebilela, oharkabean bezala joan zaio esaldia Xabi Aburruzaga musikari eta trikitilariari, baina balio du bere lana definitzeko. Euskal musika tradizioa kontuan hartuta abiatzen da sorkuntzara, eta bide horretan dabilenean maiz bilatzen du munduko bestelako musiken igurtzia, aurrera egiten jarraitu ahal izateko. Bizkaiko trikiti pieza klasikoak izan zituen sorkuntzarako oinarri bere lehen diskoan —Bizkaiko trikitixa—, musika zeltak blaiturik kaleratu zuen Keltik 2006an, eta, oraingoan ere, porrusalda eta sanba doinuak uztartuz edota fandangoaren oinarria eta afrikar perkusioak batuz sortu ditu Bask diskoa osatzen duten hamahiru piezetako batzuk. «Orain arteko nire lanik osatuena eta landuena da».
Sorkuntza modu pertsonal horri buruzko erreferentzia zuzena da diskoaren izenburua, musikariak azaldu duenez. «Alde batetik, ahoz gora esaten badugu, bask, berehala dator ingelesezko basque hitza belarrira, eta horrek lotura du gure herriarekin, gure sustraiarekin eta gure nortasunarekin; baina, beste alde batetik, to bask aditzak gozatu edo plazerean murgildu esan nahi du ingelesez». Eta horregatik jarri du tituluan: nolabait ere horrela sortzen duelako berak ere.
2021eko abenduan aurkeztu zuen Aurrez aurre diskoa musikariak. Bilboko Campos Eliseos antzokian zuzenean jotako kontzertua biltzen zuen lan hark, baina 2019an Bost diskoa argitaratu zuenetik, kanta berridun diskorik argitaratu gabe zegoela gogoratu du musikariak. Presarik gabe aritu nahi izan duela ere gehitu du, halere. «Mimo handiz aritu nahi izan dugu».
Gaur egun, goraldi moduko batean igartzen du folk musika Aburruzagak, baita gazteen artean ere. «Kanta zaharrak berreskuratzen eta soinu berriak sartzen ari dira musikari gazte horiek. Bogan dago, eta pozgarria da hori». Edonola ere, beste nonbait kokatzen du bere proposamena. «Gurea musika minoritarioa da, ze, azkenean, guk folka egiten dugu. Ez popa, ez rocka, ez beste publiko batzuentzako musika ere. Gure instrumentu arraroekin agertzen gara, gaitekin, trikitiarekin, high tension drums izenekoekin eta beste hamaika tresnarekin. Eta gu ere buelta bat ematen ari gara garai bateko koplei eta bestelakoei. Nik 2025eko disko bat atera nahi dut. Tradiziotik edaten dugu, eta horiek ere hor daude: ezpata dantza bat, adibidez, kalejira bat, eta erritmo herrikoiak ere bai, baina moldaketa dinamikoak egiten saiatzen gara, gure musika mundu garaikidean kokatzeko».
«Nik 2025eko disko bat atera nahi dut. Tradiziotik edaten dugu, baina moldaketa dinamikoak egiten saiatzen gara, gure musika mundu garaikidean kokatzeko»
XABI ABURRUZAGA Musikaria
Musikariak Zamudion (Bizkaia) duen Trikileku estudioan grabatu dute diskoa; Unai Mimenza teknikariak egin ditu grabaketa eta edizio lanak, eta Berlingo Manmade Masteringen egin dute masterizazioa. Aburruzagak ez ezik, Eriz Perezek eta Ruben Isasik ere egin dituzte ekoizle lanak. Gitarra akustikoa ere jo du diskoan Perezek, eta, Isasik, berriz, flauta, danbor eskoziarra eta txalaparta, besteak beste. Jon Cañaveras baxu jotzaileak, Koldo Uriarte pianistak eta Iñigo Olazabal perkusionistak ere hartu dute parte grabazioan.
Hainbat kolaborazio ere izan ditu diskoa osatzeko. Thais Morell abeslari eta perkusio jotzaileak lagundu du, esaterako, porrusaldaren oinarriak eta sanbaren erritmoak uztartzen dituen Porrusamba izeneko piezan. Kalakan taldeko kideek hartu dute parte Trik it easy kantuan. Mikel Markezek ere kantatu du Beroa amesgai piezan. Xabier Zeberiok ere hartu du parte hainbat abestitan. Eta Jose Urrejolak eta Xabier Diazek ere kolaboratu dute diskoan.
Bakearen aldeko doinu bat
Erabat instrumentalak dira diskoko hamahiru abestietako zazpi, eta kantatutakoak beste sei. Xabi Paiak, Iñaki Aurrekoetxeak eta Xabier Diazek idatzi dituzte kantu horien hitzak.
Palestinari eskainitakoa da Betiko bihotzean kanta, esaterako. Bere seme-alabak gogoan sortu du musikariak Izei eta Izaro pieza. Afrikar perkusioak eta fandangoaren oinarri erritmikoa uztartu ditu Afreekandango abestian. Astor Piazzola musikari argentinarra gogoan hartuta konposatu du Piazzollari, eta bakearen aldeko abesti batekin itxi du, azkenik, diskoa: Doinu bat bakerako deitutakoarekin, hain zuzen.
Abarruzagak Gasteizen emango ditu pieza berriak lehenengoz zuzenean, abenduaren 28an, Aitzinafolk jaialdiaren barruan. Eta zuzenekoetarako bi dantzari ere izango ditu oholtzan: Garazi Egiguren eta Eneko Galdos.