Txekiar Errepublikara noa jotzera, gaixo nago, sukarra, mukiak…
Alberto, teknikaria, iritsi da dagoeneko, eta gogoz itxaroten dit Pragan, han lanean egon zelako hilabete batzuk aspaldi. Tour bat egiteko geratuta geunden, baina, zoritxarrez, nahiko gaizki nagoela eta afaldu eta hotelera joan nahiko dudala esaten diot. Iritsi eta hotela dagoen auzoan, taberna tradizional batera eramaten nau. Gazta frijitua, zopa, berak Pilsnerra... gustura afaltzen dugu, baina lehertuta iristen naiz hotelera. Hurrengo goizean, okerrago nago. Hala ere, zentrora jaisten gara tranbian eta hiria apur bat erakusten dit. Oso lasaia iruditzen zait, nahiz eta turismoa egon. Kalean jan, hotelean deskantsatu eta soinu-frogara goaz. Antzoki-eraikin xelebre bat da, areto txiki ezberdinak ditu barruan. Kontzertu asko daude, bata bestearen atzetik. Nire txanda denean, hotzikara artean ateratzen naiz, eszenatokia txikia da, beteta dago lekua, beraz, oso gertu daukat jendea. Horrela dira nire kontzertu gogokoenak. Ke asko dago, argiak intimoak dira, politak iruditzen zaizkit barrutik, eta argi-teknikariari begiratzen diodanean, irribarretsu, dantzatzen ikusten dut bere kabinan.
Pozik bukatzen dut kontzertua, gaixotasuna adrenalinarekin desagertu dela dirudi. Albertori eskerrak eman eta agurtzen dut, ez dator hurrengo hirira.
Usti Nad Labem. Hurrengo goizean eramaten nau autoan mutil batek. Hiri industriala dela esaten dit, bigarren gudu ostean herrialdean langabezian edo kalean zegoen jendez bete zutela kontatzen dit, fabriketan lan egin zezaten. Horrek hiritarren izaerari buruz informazioa ematen duela esaten dit. Nik gaixo jarraitzen dut eta jatorra izaten saiatzen naiz nire mukizapia eskuan dudala.
Joko dudan lekura eramaten nau. Banderillak, Despacito bafleetatik. Spanish Party bat egin dutela esaten dit. Ni nagoela eta dantza flamenko bat. «Ea norbait datorren», egiten du barre. Jabetzen naiz haientzat Luis Fonsi, flamenko-dantza eta ni zaku berdineko zerbait garela.
Kontzertua iristen denean, eszenatoki altutik, areto handia hutsik ikusten dut, hondoan dauden lau mahaietan eserita dauden hamar bat txekiar izan ezik. Gutxi txalotzen dute, eta ingelesez zerbait esaten dudanean barrez hitz egiten diote elkarri. Ez dut egoera ulertzen, eta ahotsa joaten hasia zait. Bost minutu lehenago bukatzen dut, nahita. Oraingoan ez zait gaixotasuna ahaztu.