Praileaitz Ondare Legearen bidez babesteko galdegingo du Diputazioak

Eusko Jaurlaritzaren espedienteari alegazioak jarri, eta babes eremua 100 metrotara zabaltzeko eskatuko du

Praileaitz Ondare Legearen bidez babesteko galdegingo du Diputazioak.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Praileaitzeko kobaren inguruko babes perimetroa 65 metrotik 100 metrora handitzea eta haren ingurunea Ondare Legearen bidez babestea, eta ez, egun gertatzen den bezala, Kosta Legearen bidez soilik egitea. Horiek dira Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen egunotan Eusko Jaurlaritzak Praileaitzeko aztarnategia(Deba, Gipuzkoa) babesteko abian jarritako espedienteari jarriko dizkion alegazioen bi puntu nagusiak. «Praileaitzen eta haren ingurunean aurkikuntza garrantzitsuak egin dira. Horregatik, bizimodu baten aztarnak jasotzen dituen kultur paisaia, orain arte ukitu ez dena, bere osotasunean babestea nahi dugu», adierazi zuen Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuak, atzo, Donostian.

Ez da Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzak Praileaitzeko aztarnategia (Deba, Gipuzkoa) eta haren ingurunea babesteko abian jarritako espedienteari alegazioak egingo dizkion lehen aldia. Eusko Jaurlaritzak espediente bat jarri zuen martxan 2010ean Praileaitzeko aztarnategia (Deba, Gipuzkoa) eta haren ingurunea babesteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak alegazioak egin zituen orduan, baina Jaurlaritzak espedientea artxibatzea erabaki zuen. Ekainean, espedientea artxibatu zuen egun berean, beste bat jarri zuen abian, «oso antzekoa», Ikerne Badiola Kultura diputatuak atzoko agerraldian azaldu zuenez. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak berriz ere alegazioak egingo ditu, Eusko Jaurlaritzaren espedienteak Praileaitz eta haren inguruneari ematen dion babes maila «ez delako nahikoa, inondik ere».

Foru Aldundiak proposatzen dituen aldaketa nagusiak bi dira. Lehenengoa, kobaren inguruko babes perimetroa 65 metrotik 100 metrora handitzea eta babes handiko zona horretan Deba ibaiaren ondoan dagoen mendi magala sartzea da, kobaren kultur paisaiari, «gelditzen den gutxia», eusteko. Bigarrena, zona hori Ondare Legearen bidez babestea, eta ez soilik Kosta Legearen bidez, egun gertatzen den bezala.

Diputazioak datozen egunetan aurkeztuko ditu alegazioak, eta Eusko Jaurlaritzak urtebeteko epea izango du, gehienera ere, onartzen dituen ala ez jakinarazteko. Badiolak Jaurlaritzari «ausart» jokatzeko eskatu zion. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Sasiolako harrobia (Praileaitzeko leize-zuloaren ondoan dagoena) ustiatzen duen Amenabar taldeko Zeleta SL enpresaren aldeko epaia eman zuen duela hilabete batzuk. Haren arabera, Jaurlaritzak 50 milioi euro inguru ordaindu beharko lizkioke enpresari, eta, babes eremua handituko balitz, kalte-ordaina proportzio berean handituko litzateke.

Xabier Peñalver Praileaitzeko indusketa zuzendaria «oso gustura» agertu zen Gipuzkoako diputazioak hartu duen jarrerarekin. «Lehengo aldia da erakunde batek proposatzen dituen neurriekin erabat ados gatozela Praileaitzen gabiltzan ikerlariok, eta bertako ondarea babesteko sortu diren kultur eta natur mugimenduko kideok. Guk aspaldi eskatu duguna berretsi baino ez dute egiten Aldundiaren alegazioek».

Indusketa berriak bi fasetan

Uda bukatu ostean Praileaitzen berriro indusketak egiten hasiko dira. Hala jakinarazi zuen atzo Peñalverrek berak. «Indusketak bi fasetan gauzatuko dira iraileko eta azaroko lehen hamabostaldian. Helburua aurreko interbentzioetan erantzunik gabe geratu diren puntuak aztertu eta Solutrense eta Gravetiense garaiko mailek duten garrantzia zehaztea izango da. Horretarako, besteak beste, karbono 14aren probak egingo dira».

Behe Madelein aldiko (K.a. 15.500 urte) geruzetan Praileaitzeko koba errituetarako erabiltzen zela baieztatzen duten hainbat aurkikuntza egin dira azken urte hauetan. Orain beheragoko geruzetan egingo da lan Solutrealdia (K.a. 17000-19000) eta Gravette aldia (K.a. 25000) aztertzeko eta koban garai hartan egiten ziren jardueren berri izateko. Interbentzioak hiru espaziotan egingo dira: atarian, mendebaldeko galerian eta barneko bigarren gelan. Orotara, 33.203 euro jarriko dira indusketa eta laborategi lanak egiteko. «Hilabeteko epea laburra da, baina, gure azterketetan ahalik eta gehien sakontzen saiatuko gara», azaldu zuen Peñalverrek. 2000tik 2009ra hainbat indusketa kanpaina egin izan dira Praileaitzen eta paleolito garaiko aurkikuntza garrantzitsuak egin izan dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.