Praileaitzen atzeko atearen bila

Hilabete honetan, Aranzadiko ikerlariek indusketen hirugarren kanpaina hasi dute Deba inguruko mendi magalean.Kobazuloaren beste sarrera harrobiak suntsitu duen susmoa dute

Hasiak dituzte hirugarren faseko indusketa lanak Praileaitzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Deba
2014ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Oraindik ikertzeko asko dago Praileaitzen. Deba ibaiaren inguruko koba multzoen barruan zer aurkitu daitekeen ez da asmatzen erraza, baina Paleolito garaiko aztarnak etengabe azaleratu dira indusketak hasi zirenetik. Aranzadiko ikerlari taldeak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, indusketen hirugarren faseari ekin dio hilabete honetan, Erdi Paleolitoko aztarna gehiago aurkitzeko helburuarekin. Hamar urte daramate mendi magalean erdi ezkutatuta dauden kobak ikertzen; Praileaitz I da nagusia, eta han sakondu dute gehien. Horiekin batera, inguruan beste hamar haitzulo daude: Praileaitz II—harrobiak suntsitua—, eta Praileaitz III, IV, V, VI, VIII, IX, X eta XI. Dena den, koba gehienak 50 metroko babes eremutik kanpo daude, Zeleta enpresaren Sasiolako harrobiaren esku.

Hara iristea zaila da —kobak ezin dira baimenik gabe bisitatu, eta sarrera belarrek eta basoak ezkutatzen dute oraingoz—, baina ikusgarria da Praileaitz I-en atea. Tximinia naturala dauka, eta, piramide baten moduan, paretak estutu egiten dira goialdean. Argia atetik eta goiko zirrikitutik igaro daiteke, besterik ez. Han, Aranzadikoek Goi Paleolitoko aztarnak aurkitu zituzten lehenik; 15.500 urteko azti baten tresnak, hain zuzen ere. Horrekin batera, Epipaleolitoko eta 18.000 eta 25.000 urteko aztarnak aurkitu zituzten. Praileaitzen ez zen inor bizi, baina aurkikuntzek adierazten dute errituak egiteko leku sakratua zela: Venusen eskulturak, helburu erlijiosoekin landutako koilareak... Praileaitzeko indusketen arduradun Xabier Peñalverren esanetan, ustekabean utzi zuen aztiak koba, eta horregatik aurkitu zituzten haren tresnak: «Harri bat erori zen sarreran, eta aztiaren tresnak eta janaria zanpatu. Ziur asko, handik joatea erabaki zuen, kobazuloan dena zegoen bezala utzita». Dena den, ondorengo indusketetan aurkitutako margoek egin zuten ezagun Praileaitz: «Margo horiei esker, koba oraindik zutik dago; oraingoz, behintzat». Azken indusketetan, aurkikuntza geroz eta harrigarriagoak egin dituzte ikerlariek, eta, zuloan sartu ahala, Cro-Magnongo gizakiaren garaitik neandertalarenera igaro dira. Peñalverren esanetan, aurkikuntza hori oso garrantzitsua da, aurkitutako fauna arrastoak duela 35.000 eta 75.000 urte bitartekoak direlako. Azken hamar urteetan egindako aurkikuntzak laburbildu ditu Praileaitz I haitzuloa dibulgazio liburuan: «Aurkikuntzaren datu garrantzitsuena arrastoen kokalekua da. Izan ere, aztarna horiek ez daude beheko mailetan, goikoetan baizik; horrek, inolako duda izpirik gabe, adierazten digu Praileaitzek beste ate bat zuela eta, beraz, erdian galeria bat ezkutatzen dela».

Babeserako irtenbiderik ez

Beste atearen teoria indartsua den arren, Peñalverrek uste du zaila dela aurkikuntza egitea, harrobiaren lanek eta indusketarako denbora eskasak aukerak murrizten dituelako. «50 metroko babes eremuan dago Praileaitz I, baina horrek ez du esan nahi koba arriskuan ez dagoenik. Egia bada lur azpiko galeria bat dagoela, ziurrenik eremutik kanpo egongo da, harrobiaren eskuetan». Hain zuzen ere, azkeneko indusketetan aurkitutako Erdi Paleolitoko aztarnak geroz eta gehiago aldentzen dira babes eremutik. «Bitartean, harrobiak egunero jaten du mendi magalaren zati bat; pixkanaka, baina etengabe, aurrera egiten jarraitzen du». Beste atea aurkitzeak babes eremua mantentzeko eta, beharbada, zabaltzeko aukera emango luke, Peñalverren ustetan: «Zoritxarrez, litekeena da dagoeneko harrobiak ate hori jan izana, Praileaitz II desagerrarazi zuen moduan. Dena den, ikertzen jarraitzeko asmoa daukagu, eta hilabete honetan buru-belarri ibiliko gara lanean, aurkitutako aztarna guztiak sailkatu eta babesteko».

Praileaitz babestea ez da erraza; kobak ez daude giza ondare moduan babestuta, eta, horren ordez, Kosta Legeak dauka babes eremua jartzeko ahalmena. Eusko Jaurlaritzak 65 metroko perimetroa adostu zuen 2010ean, baina, ondoren, Espainiako Gobernuak txikitu egin zuen eremua. Mendi magalak ez du bestelako babesik, eta, kobaren inguruko perimetroa babestu ezean, Zeleta enpresaren Sasiolako harrobiak ingurua ustiatzeko askatasuna eduki dezake. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak behin baino gehiagotan eskatu du perimetroa handitzea eta babestutako inguruan mendi magala sartzea, kobaren kultur paisaiari eusteko helburuarekin. Horrekin batera, Aranzadik eta Praileaitzen Lagunak elkarteak eskatu dute ingurua Ondare Legearen bitartez babestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.