Ez duasko iraun Preso politikoak Espainia garaikidean izeneko lanak, ARCO arte garaikidearen Madrilgo azokan. Santiago Sierraren erakusketan 24 argazki ageri dira, pixelatuta. Egileak "preso politiko" jotzen dituen espetxeratuen argazkiak dira. Tartean daude Altsasuko (Nafarroa) gazteak, Errenteriakoak, Itoizko solidarioak, Segiko kideak, Alfredo Remírez @erreharria, Arnaldo Otegi eta berarekin batera Bateragune auzian preso sartu zituztenak, Egin-eko zuzendaritzakoak, Xake operazioa deiturikoan atxilotutako abokatuak, baita Oriol Junqueras Kataluniako lehendakari ohia eta ANC eta Omniumeko lehendakari Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ere.
Ordu gutxi batzuk egin ditu erakusketak ARCO azokan. Izan ere, ordu gutxi behar izan ditu azokaren egoitza den Ifema erakustazokak lana erretiratu dezatela eskatzeko. Lana ikusgai jarri duen Helga de Alvear galeriari eskatu dio Ifemak Sierraren lana ken dezala. Ifemak argudiatu du lanak "hedabideetan eragin duen polemikak" kalte egin diola "Arcoren eduki multzoaren ikusgarritasunari", "arreta desbideratu" duelako. "Adierazpen eskubidearekiko errespetu osoz", adierazpen askea bertan behera uztea erabaki du.
Helga de Alvear 83 urteko galeristak onartu egin du Ifemaren eskaria, erakusketa haren egoitzan dagoelako erretiratzen duela argituta. "Ez nago nire etxean, eta Ifemak [artelana] hor eduki nahi ez badu, kendu egingo dut. Nire etxean inork ez dit ezer ere kentzen". Galeriak erretiratu egin du obra ordu batzuetan ikusgai egon ostean. 80.000 euroko balioa du, eta kendu dutenerako salduta zegoen.
Sierra artista madrildarrak Facebook bidez azaldu du bere iritzia. Haren esanetan, lana erretiratzeko erabakiak "serioski kalte egin dio" Arcoren eta Espainiako Estatuaren irudiari. "Horrelako gertakariek zentzua eta arrazoia ematen diote lanari, azkenaldian kultur arloko langileok bizi dugun jazarpen giroa salatzen baitu". Sierrak gaineratu du Ifemaren jarrera galeriarekiko eta ikuslearen heldutasunarekiko "errespetu falta" dela.
Erabakiaren kontra agertu da Madrilgo Udala ere, eta hala jakinarazi dio Ifemari. Atzera egiteko eskatu dio. Hura kudeatzen duen partzuergoko kide da Udala, eta erabakia zuzentzeko, urgentziaz zuzendaritza batzordeko kideen bilera birtuala egiteko eskatu du. Ifemaren kapitalaren %93 Udalaren, Madrilgo Erkidegoaren eta Merkataritza Ganberaren artean banatuta dago, eta gainerako %7 Montemradid fundazioarena da.
Macba Bartzelonako Arte Garaikideko museoko zuzendari Ferran Barenblit ere neurriaren kontra agertu da. "Gisa honetako azokek adierazpen askerako espazio izan beharko lukete, ez hura mugatzeko esparru".
24 argazkirekin osatutako obra da Santiago Sierrak osatutakoa. Pixelatutako argazkiak daude, eta ez dute izenik. Hala ere, argazki bakoitzaren alboan testu bat dago, pertsona hori zergatik dagoen preso azalduz. Kataluniako prozesu subiranistako presoen irudiak daude, besteak beste; baita Altsasuko gazteenak eta M-15 mugimendukoak ere. Bideoan dioenez, "indarkeria erabili gabe" beren ideia politikoak "publiko eta eraginkor" egiten saiatu den jendearen lagina bildu dute. "Seguruenera ez dira guztiak egongo". Lana bideo batean ere jasota dago:
[youtube]https://youtu.be/GRMATMihNJY[/youtube]
Gaur hasi eta igandera arte egongo da irekita Arco arte azoka. Euskal galeria bakarra egongo da, Carreras Mujika.
"Esku hartze politikoa" salatu dute
Ifemaren erabakia publiko egin eta berehala iritsi dira erreakzio politikoak. Espainiako Kongresuko hainbat diputatuk eman dute neurriari buruzko iritzia.
Kataluniako PDECat alderdiak Sierraren lana erretiratzeko erabakia salatu du, "esku hartze politiko" baten ondorio dela eta. Sergi Miquel PDECateko diputatuak ziurtatu du Espainiako Gobernuak gustuko ez dituen kultur adierazpenak eta adierazpen politikoak "jazartzen" dituela. Sierraren lana Arcotik kentzeari buruz zein iritzi duen argitzeko eskatuko dio PDECatek Espainiako Gobernuari. Alderdiak Kongesuan duen taldeak galdera erregistratu du, gaur, horretarako.
ERCko diputatu Joan Tardak Espainiako demokraziaren kalitatea jarri du auzitan gaiari buruz galdetu diotenean. "Ongi etorri Turkiara", erantzun du. Tardak "zentsura" gaitzetsi du, eta nabarmendu du arte garaikidea eta polemika lotuta joan ohi direla. "Horretan datza, hain justu, arte garaikidearen balioa: moldeak hautsi eta bide berriak urratzen dituela".
Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren esanetan, berriz, "ez da demokraziarekin bateragarria" gai batzuei buruz hitz egiteko aukerarik ez izatea, eta adierazpen askatasuna aldarrikatu du.
Hala egin du Ciudadanoseko bozeramaile Juan Carlos Girautak ere. "Artearen esparrua guztiz askea da". Diputatuak azaldu du ez zaizkiola artelanen debekuak gustatzen, "baztertu nahi den lanak askoz arreta handiagoa lortzea" eragiten baitute.
PSOEk, aldiz, babestu egin du Sierraren lana erretiratzeko erabakia. Margarita Robles sozialisten bozeramaileak adierazi duenez, "ontzat eman behar da tentsioa baretzen laguntzen duen erabaki oro".
Donostia 2016an ere bai
Presoei buruzko lana ez, presoek beraiek egindako lanak zentsuratu zituen Donostia 2016k. Dario Malventi Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak erakusketaren zuzendariak salatu zuen ikusi ere egin gabe zentsuratu zituztela lanok.