Haizea Barcenilla
Begiz

Proiektu pertsonalak eta gorputz kolektiboak

2026ko apirilaren 7a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste luzea pasatu da Korrika amaitu zenetik baina pentsamendu bat buruan dabilkit oraindik. Oso deigarria egin zitzaidan kolektiboki idatzitako mezuaren eta Zetak taldeak amaiera egunean hartu zuen protagonismoaren arteko kontrastea. Izan ere, Korrikan parte hartzen dugunok, antolatuz, musika joz edo korri eginez, amankomuna eta kolektiboa den zerbaiti egiten diogu ekarpena, gorputz politiko bilakatuz. Horrek egiten du hain hunkigarria Korrika: herri elkartu sentiarazten gaituela, gorputz beraren atal. Horregatik ere berezia izan da zazpi gaztek idaztea azken mezua, euskal (kolektibo) gazteriak (kolektibo) euskararen iraupenean duen rolari balioa eman diolako. 

Kolektibotasunaren alde egin den egun berean, Zetak taldeak, eta bere buru ikusgarria den Pello Reparazek, kontrako bidea egin dute. Harritzekoa ez den bidea, bestalde, Reparazen proiektuak luze daramalako kolektiboak diren jaiak proiektu oso indibiduala bideratzeko baliatzen. Oraingo honetan, Korrikaren amaierako emanaldia marketin estrategia gisa hartu zuten: Arranoaren hegaldia izena agertzen zen egitarauan, eta ez Zetak taldea bera, aurtengo Korrikako abestia ondu duen arren. Ondorioz, zaleak jakin-minak jota zeuden, taldea agertuko ote. Azken egunera arte ez zuten sareen bidez baieztatu ekitaldian egongo zirela, Korrikaren abestia egin duen taldea ospakizunean izatea ezustea edo pribilegioa balitz bezala, eta ez gauzarik jakinena, edizio guztietan egin dena. Ohikoa den kontzertua Zetak-en opari berezi bezala saldu zuen, estrategia publizitario gisa erabilita. 

Okerrena da bikain atera zela estrategia, Zetak-en onerako eta kolektibotasunaren kalterako. Izan ere, Korrika kolektibo eta partekatuena izan den honetan, komunikabideek arreta ikaragarria eskaini zioten Zetak-en ezusteko kontzertuari; Zetak Korrika amaierako protagonista indibidual bakarra bilakatu zen, euskaldun guztion festa ederki kapitalizatuz. Hain zuzen, Zetak-ek izan zuen bere arreta unea abestia aurkeztu zenean; ez dut uste igande horretan protagonista izan behar zuenik. Ikusi besterik ez dago nola utzi zituen ilunpetan amaiera egunean jo zuten beste musikari guztiak; praktikan, bere telonero bihurtu zituen. 

Zetak-ek gaitasun harrigarria du jendetza erakartzeko, argi geratu zen hori San Mameseko kontzertuekin. Horregatik egin zait oraindik saminagoa Korrikan egindako jokaldia, behar ez duelako. Ezin zen egitarauan agertu, beste talde guztiak bezala, eta Korrikaren omenezko eta ez bere buruaren omenezko kontzertu bat eskaini? Gorputz politikoa ez al da ahultzen talde baten onuraren mesedetan erabiltzen denean? Batzuetan ez dugu argi non dagoen kultura bultzatzearen ala hura kapitalizatzearen eta monopolizatzearen arteko muga.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA