Literatura

«Propagandistaz inguratuta gaude esparru intelektualean»

Juan Gorostidi Idazlea «Belaunaldi zonbi» baten porrota da Juan Gorostidik ‘Zazpigarren heriotza’ liburuan kontatzen duena; ezkerreko perspektiba eraldatzaile batetik, herri mugimendu autonomo arnasberritu batean sinisten du.

Juan Gorostidi Idazlea. JON URBE / ARGAZKI PRESS
gorka erostarbe leunda
2016ko urriaren 23a
08:18
Entzun

«Idazlari naiz, ez idazle». Berandu hasi zen idazten Juan Gorostidi (Pasaia, Gipuzkoa, 1956). Edo idatzitakoa plazaratzen, behinik-behin. 2011n kaleratu zuen Lau kantari. Beñat Achiary, Mikel Laboa, Imanol Larzabal eta Ruper Ordorika (Pamiela). Ez zen musikarien inguruko ohiko biografia liburu bat. Lau kantarion ibilbidea ardatz harturik, saiakera liburu bat ondu zuen, kantagintzaren kanonaren inguruan gogoeta berriak planteatuz, datu biografikoetatik harantzago joanez. Aurten, uda aurretik kaleratu zuen Zazpigarren heriotza. Autonomiaz eta bortxaz, dolu baterako arrastoak (Erein) eta liburu ezohikoa da hori ere. Biografia pertsonala, memoriak, kronika politikoa, saiakera, gogoeta uztartzen ditu, Euskal Herriko azken 40 urtetako historiaren hainbat gai eta gaitz mahai gainean jarriz, hainbat giltza eta mintz ukituz, betiere ahots kritiko argudiatu eta ilustratuz (ezin konta ahala adibide eta erreferentzia kultural darabiltza, nola bertoko nahiz besteko).

1970eko hamarkadaren amaiera suhar hartan, Errenteriako (Gipuzkoa) herri mugimendu autonomoan
—langile eta herri mugimenduan, zentral nuklearren aurkakoan...— buru-belarri aritua aurrena, «ezkerraren porrotak» eraginda barne erbeste bati ekin zion ondoren. Liburuan agertzen ez den erbesteratzea da — «akaso beste batean idatziko dut horri buruz»—… Ondoren etorri ziren Afrika eta Ekialderako bidaiak, nekazaritzan aritzea, arte martzialen eta Ekialdeko diziplinen ikasketak... Egun, tai-chi irakasle da Donostian. «Lanaldi erdiz aritzen naiz. Nahikoa dut horrekin. Gainerako denbora nahiago dut irakurketara eta idazketara bideratzea».

Asteon bete dira bost urte liburu idazten hasi zenetik. 2011ko urriaren 21ean, ETAk armak uztearekin batera hasi zuen idazketa, bere alabari gutun bat idatziz. Belaunaldi baten porrota da ondoren kontatzen duena; eta porrotarekin batera gogoetarako hamaika ertz azaldu eta beste horrenbeste interpelazio egiten ditu liburuan.

« Ohituegi gaude isil-gordeko joko koldarretan geure buruak babesten. Baina heldu da garaia —inoiz heltzekotan— Oihartzunaren ahotsa adi entzuteko », diozu. Zein da letra larriz idatzitako Oihartzun hori?

Bernardo Atxagaren aipu bat da Oihartzun horrena. Kortaturen liburu bat aurkezten ari zen, eta Fermin Muguruzari buruz ari zen. Askotan, gazte garaian gehiago, eta mikrofono bat eskuetan jartzen digutenean are gehiago, handitu egiten gara, eta botatzen ditugu botatzen ditugunak, eta handik denbora batera igual lotsatu gaitezke esan edo egindakoaz. Hortik dator kontua. Bizi izan dugu egoera bat, non identifikatu den jarrera erresistente bat, jarrera askatzaile bat, erradikaltasuna ulertzeko oso modu sinple eta askotan erreakzionario batekin. Erreakzionarioa, erreakzioz egiten genuelako, besteak beste. Noski, kalea poliziaz josita ikusten baduzu, zuk erreakzio bat daukazu, suminarena. Eta norbait ostiatzen badute zu oldartu egingo zara, horretarako grina badaukazu, baina erreakzioz ari zara. Hori momentu batean egin liteke, baina gero, perspektiba askatzaile batetik, erradikaltasunaz ari garenean, egon behar da gogoeta bat, egon behar da balantze bat, pentsatu behar da zerk eraman gaituen egoera horretara.

Ez da egin Oihartzunaren inguruko gogoeta hori oraindik?

Isiltasunaren aro bat bizi izan dugu: nola liteke hain gai potoloen inguruan, hainbeste urtetan hain gutxi gogoeta egin eta hitz egin izana. Nik uste dut gurean, euskal munduan, oso markatuak gaudela isiltasunaren zama horrekin: kontuz ibili esango duzunarekin, ze horrek izango du eraginik, izango du oihartzunik. Orduan, edo oihuka goaz, edo isilik mantentzen gara. Gertatzen da, denbora gehiegi pasatzen denean, oihartzun hori distortsio hutsa dela. Eta ezin duzu ulertu ere, ez mezua bakarrik, baizik eta zein testuingurutan, zein girotan gertatu zen, zein musika zeukan zarata horrek. Pentsa, ari naiz orain 35-40 urteko kontuez... hori historiaurrea da. Pentsa zer-nolako desfasea daukagun.

Isiltasunaren istorio hori belaunaldi baten porrotaren istorioa da: 1970eko hamarkadatik aurrera mundua eraldatu asmo zuenarena.

Gure belaunaldiak ez du porrota onartu; hala ere, ñabardura bat egin behar da. Ez da gure belaunaldia. Gure belaunaldian nabarmendu ginen minoria bat da. Borrokan, asanbleatan eta militantzia hartan, gutxi batzuk ginen, nahiz eta zarata handia egin, eta benetan irudia eman indar eraldatzaile baten abangoardia edo motorra ginela. Sentsazio hori genuen; iraultza hurrengo eguneko kontu bat zen. Zer gertatzen da, egun batetik bestera, ia supituki, hori ia desagertzen denean? Edo asumitzen duzu zerbait gertatu dela eta ez zarela enteratu, eta behar duzu hori lantzea, edo «aurrera, mutilak» esan, eta zurean gotortu. Pankartaren atzean 100.000 zeuden, eta orain lau daude, baina segi aurrera...

Eta zer gertatu zen, zure irudiko?

Harrokeria hor dago, eta ezin onartu zuk asko jarri duzunean, eta beste asko inplikatu dituzunean ondorio latzekin. Porrotaren dolua bizi beharra dago, eta hura bizitzeko, lehenik, gertatu zaizuna onartu behar duzu, galera edo porrota onartu behar duzu. Ez baduzu porrota onartzen, ez duzu dolua biziko. Eta ez baduzu dolua bizitzen, sartzen zara eldarnio hutsean. Distortsio bat sortzen da, eta eraikitzen dituzu fetitxeak, onartu ezin den galera baten ordezkoak. Perspektiba eraldatzaile batetik sekulako arazoa daukagu hor, ondorio zehatz batekin: zonbi politiko bihurtzea. Perspektiba kontserbadore batetik ikusten dute espektakulua, eta txoratzen daude: «Hauekin lasai egon gaitezke, noizean behin montatuko digute istilu bat, baina hain daude errealitatetik kanpo».

Belaunaldi horren porrota ezker abertzalean fokalizatu duzu, batez ere. Suplantazio eta usurpazio terminoak darabiltzazu.

Ezker abertzaleaz zintzoki ari bagara, ETAz hitz egin behar dugu. ETA izan da, 2011ra arte behintzat, erreferente ukiezina eta bakarra ia-ia. Hortik apartatzen zena, eta gehienak apartatu ziren, madarikatu bihurtzen ziren automatikoki. Berdin zait ETA-Berrikoak, troskoak, poli-miliak edo Aralarkoak... Gehiengo bat zen ETAren barruan ere esaten zuena “hemendik ez goaz ondo”, baina nahikoak ziren lau potrodun ekintza espektakular bat egiteko eta nolabaiteko sinpatia eta kapital sinbolikoa berreskuratu eta erreferente gisa jarraitzeko. Diskurtsoen edo analisien, edo gauza arrazionalen azpian, baina askoz ere indar handiagoarekin, inertzia batzuk daude. Inertzia horien motorra ezkutuan dago eta ez ginen jabetu ze inertzia zeuden azpitik. Horregatik izan du arrakasta ETAk hainbeste denboran, arrakasta kakotx artean ulertuta. Zera pentsatzen zuen bere burua goratzen zuen jende askok: «Egin dezatela haiek lana, eta guk bakoitzak bere modura babes pasibo edo babes aktibo, edo boto bat emango dugu». Horren ondorioak etorri dira gaur arte. Eta larria da.

Iraultzaren mitoaz ere ari zara...

Eta sekulako distortsioa egon da. Pentsatzen zen zenbat eta gogorrago jo, erradikalago izatea zela. Armak erabiltzea, biolentziaren erabilera, berez iraultzaile izan litekeela. Nola liteke hori pentsatzea historia pixka bat begiratuta? Baldin badago zerbait botere sistemak asimilagarri duena, hori bortxa da. Haiek dute monopolioa, nola ez dute hori ondo maneiatuko? Orain gaude inoren lurraldea deitzen dudan horretan, ez garela jabetzen zer arraio gertatu den, hainbeste atzendu ditugunez gauzak...

Suplantatu izan zen herri mugimendu autonomo horri bainarik jarriko zenioke?

Bai, noski, eta oso kritikoa naiz. Hasteko, liburuan esaten dut, autonomoak ginen? Mugimendu autonomorik bazen? Benetan zen autonomoa, bere buruaz jabetzen zuen autonomia batekin? Bada, ez. Heldutasun gabezia izugarria zegoen. Ez zegoen gaitasunik ulertzeko gauza bat zela hutsune bat betetzea, ez zegoelako alderdirik, ez zegoelako sindikaturik, edo hauteskunderik... Ezker abertzalea, zentzu zabalean ulertuta, ez zegoen antolatua. Baina mugimendu horrek gehiago zuen erreaktibotik eraikitzailetik baino. Porrot hura gertatu zenean, gu ere,—autonomiaren izenean ari naiz orain, nahiz eta ez zaidan gu-a erabiltzea gustatzen—, lekuz kanpo geratu ginen. Autonomiaren inguruan zegoen jende gehienak jo zuen ezker abertzale instituzionalaren babesera, Herri Batasunaren babesera, erradikaltasun faltsu bati jarraituz. Nire ustez, ez zegoen benetako heldutasunik autonomia planteatzeko. Ez genuen baliabiderik, ez eta gaitasunik ere. Korronte sakon horiek aztertu behar ditugu, bestela ez gara ezertaz enteratuko. Ez du balio esateak «zu gaizki egin zenuen eta nik ondo». Ez da kontu garbiketa bat. Azterketa sakona behar da. Eta non daude azterketa horiek propagandistaz beteta gaudenean....

Hala ere, herri mugimendu autonomoaren balizko berrindartze batean legoke argia, inon egotekotan?

Bistan da. Gaur autonomiaz hitz egiten denean, sikiera, ez da egiten arrotza. Ezker abertzalean ere, orain kritika hasi den honetan, erreibindikatzen da autonomia: Mugimenduek autonomoak izan behar dute, burujabeak izan behar dute, errespetatu behar da haien dinamika. Diskurtso hori dago, baina orain dela hamar urte, militante bati galdetuta ere ez zukeen jakingo zer zen: «Zer dira, komando autonomokoak?» galdetuko zuten, gehienez ere. Kontzeptua bera ere arrotza zen. Azken belaunaldia —azken krisiari nolabaiteko erantzuna planteatu diona, 30 urtetik beherakoena— hor ahotsa hartzen ari den hori ari da berriro berreskuratzen gai hau, ezinbestean. Politizazio prozesu guztien eztabaidaren erdian dago antolaketa eredua. Orain hirurogei urte gainditu beharra zegoen eredu insurrekzional baten menpe bizi izan dira beren buruak iraultzaile edo askatzailetzat zituztenak. Eta nago ez garela jabetu ere egin dominazio sistemaren baitan gertatu eraldaketaz eta horren ondorioez. 1960ko hamarkadatik aurrera ez da soilik eredu ekonomiko soziala aldatzen, baizik eta Guy Deborden kritika dator hor, Espektakuluaren gizartearena; eta denok gaude sistema horren barruan. Nola irudikatuko duzu espazio liberatu bat, zu baldin bazara sistemaren eredu hori. Autonomiak jarri zuen debate hori mahai gainean 1960-1970eko hamarkadan. Historiak gainetik pasatu gaitu, baina gaurkotasun erabatekoa duten auziak dira.

Liburuan kultur erreferentzia asko darabilzu: The Act of Killing filma edota Asteburua nobela. Aipatu dituzun fetitxeen deseraikitzean zein leku du sorkuntzak gurean?

Sorkuntza ezinbestekoa da, eta erabateko lehentasuna behar du izan. Sorkuntzaren abiapuntua da galdera eta ez-lekua. Sorkuntza ezin duzu egin ez bazaude kinka batean. Benetako sorkuntzak beti egiten du talka dominazio sistemarekin. Kultura instituzionala gaur egun da aginte sistemaren eta gizarte egituraren elementu dekoratiboa eta diskurtsiboa aldi berean. Hor ere «espazio liberatuak» gero eta zailagoak dira. Baina, hala ere, bizirik gauden artean, eta zonbi bihurtzen ez bagara, galdetzen diogu geure buruari zein den geure lekua, eta geure txikian zer ekarpen egin dezakegun. Sorkuntza, berez, dominazio sistemaren kuestionamendua da. Kuestionamendu horrek erradikala izan behar du; bestela, propagandista bihurtzen zara. Eta, gurean, kulturaren eskaparatean ageri den ekarpen gehienak funtzio propagandistiko-dekoratibo hori du. Nola laxo polit bat jarri «hauxe daukagu, ez dago besterik» lelo horri. Hori da diskurtso neoliberaralaren gakoa: «Zertaz ari zara kexatzen, zu ederki bizi zara-eta», esaten digu. Sorkuntzak hartu behar du leku deseroso hori esateko «ez»: Hala ere, «ez» esateko gai gara, baina hortik aurrera zer? Sortzaile bakoitzak, pertsona bakoitzak birplanteatu behar du zein leku hartzen duen...

Eta hartzen al du sorkuntzak gune hori?

Hemen pentsamendua oso gaizki ikusia dago. Nik nire belaunaldia belaunaldi zonbi bat izango balitz bezala ikusten dut. Ez bazara gai gertatu zaizunarekin aurrera egiteko, dolu bat bizi eta ondorioak ateratzeko, historiatik kanpo geratzen zara zure eldarnioan. Sorkuntza da zezenari adarretatik heltzea. Sorkuntza ez da gauza polita: Horregatik, esaten denean, musikan adibidez, «zer gauza polita, eta zer sentimendu, eta... » Nora goaz horrekin? Noiztik dago edertasuna, horren zentzu arruntean, lotuta artearekin?

Eta horretan baloratzen duzu Itxaro Bordaren diskurtsoa, adibidez.

Nire garaikidea da, hainbat nobela eta lan idatzi ditu. Poeta handienetakoa da, nire ustez, eta bazterrean dago. Euskal Herrian ere bazterretan daude mugimendu interesanteenak. Ipar Euskal Herria eta Nafarroa bazterra dira. Bai, ematen diote etiketa, bat, ematen diote Euskadi saria, uzten diote bere zutabetxoa egunkarian... baina irakurri? «Uff, oso zaila da, ez dugu ulertzen, oso arraroa da». Hor dago frankotiratzaile baten historia, eta hori da sortzailea. Gu hain harro gaudenok gure kontuekin, pixka bat hobeto tratatu beharko genituzke haustaile direnak. Boga Boga nobela ETAri buruz egin den onenetakoa da. Urteak daramatza gogoeta egiten, ia inork kontsideratu ez duena, literatur munduko bakarren baten salbuespenarekin. Baina guztiz marjinazioan dagoen pertsona bat da. Hark bizi izan du suplantazio eta usurpazioa mugimendu feministan, kulturan eta abarretan iparraldean, modu nabarmenean. Nork hitz egiten du horren gainean?

Eta, aldiz, besteak beste, Joseba Zulaikaren konbertsioa kritikatzen duzu liburuan.

Bai, Joseba Zulaikak esan du bere buruaz konbertsoa dela, ez dut nik esan; hainbatek hartu duen bidea da. EAJ desiratzen dago konbertsoak berriro besarkatzeko. Zulaikak aitortzen du gure belaunaldia markatua dagoela ETArekin, eta abarrekin, eta dio gutxi-asko: «Konturatu naiz, nire distantziatik, AEBetatik, Bilboko mirakuluaz. New York Times-ek esan du». Jakina, hark esan badu, egia izango da. Nik ez daukat ezer modu pertsonalean edo moralki konbertso baten kontra. Baina argumentazioan pisu pixka bat eskatuko nuke. Jauzi mortal horretan, Oteizarekin eta euskal kultura banpirizatzen ari den sukurtsal baten kontra egotetik, bat-batean liluratua geratzen zara Bilboko mirariarekin! Gaur egun, oraindik, Estatu sekretua da Guggenheimeko kontratua; hogei urteren ondoren, ez dakigu zenbat kostatzen zaigun; zertaz ari gara? Groteskoa da asuntua.

Eta bestelako diskurtso erakargarririk ikusten duzu frontismoa gainditzen duenik, edo, topikoak dioenari kasu eginez, kritikaren maila zerora amildu da?

Nire inpresioa da akademizismoa gailentzen ari dela, eta, akademizismo horretan, postmodernismoa gailentzen ari dela. Nola dena likidoa den, eta dena erlatiboa den, eta dena eztabaidagarria den... ea nori okurritzen zaizkion xelebrekeria handienak. Formazioa eta gaitasun bat duen jendea da, baina azpian ikusten dudana da kokapen mugimendu bat, akademia eta botere sistema horren barruan, hitz bat eta izen bat edukitzeko sekulako ahaleginak eta estrategiak. Bere burua nabarmentzeko ahalegin hori, baina eduki aldetik... desertua ikusten dut.

Zergatik dago halako gabezia eduki aldetik?

Daukagun aginte sistema horretan gauzak oso gotortuta daude. Disidentzia minimoa ere zigortu egiten dela esan nahi du horrek. Jende intelektuala, bere burua horretara postulatzen dutenak, gehiago daude beren ibilbidea eta postutxoa ziurtatzera, benetako ekarpen eraikitzaile bat egiten baino. Gaur egun nabarmentzen ari diren intelektual gehienak, intelektual organikoak dira. Hau da, mugimendu, joera, alderdi baten morrontzan direnak. Esparru akademiko-intelektualean propagandistaz inguratuta gaude. Eta, hortik ateratzen direnak, ilunpera zokoratuak dira sistematikoki.

Adibidez?

Bekatua esaten dela, ez bekataria… baina, tira, nire liburuan izen asko aipatzen ditut, ez liskar pertsonalen bila, obra publiko baten inguruko gogoetan baizik. Erreferentziazko zenbait egilerekin konfrontazio ahalegin bat dago –Zulaika bera, Sarrionandia…–; eta maila apalago batez Odriozola, Olariaga, Uranga… Lopez-Romo historialaria, edo tratatzen ditudan gaietan nabarmendu diren beste batzuk: Elberdin, Txelis edo Otegi bera. Denok betetzen dugu ahoa komunikazioa edo kritika ezinbestekoa dela esanez, baina etiketekin eta ahopeko deskalifikazioekin nahikoa dugu. Arriskuak hartzen dituen konfrontazio zintzoa sumatzen dudanean, orduan aldatuko dut iritzia.

Intelektualtasun organikotik edo akademiatik baino gehiago kaletik elikatuko da mugimendu autonomoa?

Bai, bistan da. Politikak berez du usurpazio eta suplantaziorako joera. Zure parte bat unibertsal gisa nahi duzu tratatu. Santiago Lopez Petit Bartzelonako filosofoak esaten zuen egungo politikan posible dena ez da eraldatzailea, eta eraldatzaile dena ez da posible. Badirudi diskurtso horrekin zoazenean ezkortasunarekin ilusioak zapuztera zoazela. Baina, ez. Beti dago gertakizunaren kontu hori. Historiak baditu une batzuk aurreikusi gabeak, eta hor dago legamia bat. Inoiz baino momentu ezegonkorragoan gaude; denok onartzen dugu hori. Denok dakigu planeta bera inbiablea dela ekologiatik hasita; krisi ekonomikoak ez duela irtenbiderik, eta krisi sozial eta politikoaren barruan gaudela. Eredu guztiak zalantzan jartzen ari direla. Beti egongo da belaunaldi gazteago bat, birziklatze hori... Eta birziklatze horretan korronte nagusiak oso sendo egon arren, beti dago sorpresarako tarte bat. Hor badago errebeldia posible bat edozein botere jokotan ibili nahi duenarekiko, berdin parlamentuan, alderi batean, unibertsitatean edo instituzio literarioan, berdin zait. «Utz nazazue bakean. Zuek segi hor, baina ez ito dagoen apur hori» aitzakiarekin norberaren botere kuota ukitu nahi ez dutenen aurrean. Nik ikusten ditudanean 30 urtetik beherakoak, iruditzen zait badagoela legamia bat, eta begiratu zorrotza, ez dagoena prest dena irensteko... Sorpresak izango ditugu, zorionez.

Mugimendu eraldatzailean ekarpenik handienak feminismotik datoz?

Inongo zalantzarik gabe, feminismoa jarri behar dugu mugimendu eta indar eraldatzaile potentzial nagusi gisa. Hor dago erronka milenario bat, ez da bi belaunalditako kontua. Emakumeek arrazoi osoa dute aski da esateko, eta, printzipioz, arrazoi eman behar diegu haien erreibindikazio guztiei. [Hor ere badago] Baina feminismoaz baino feminismoez aritu behar dugu, mugimendu plurala denez, barne hegemoniarako borrokan ere dagoena. Gaur egun oihartzun handiena lortzen duena ezker abertzaleari oso atxikia dagoena da, baina ahots propioa ere izan nahi duena. Ahots propioa izan nahi duen heinean oso interesantea, baina erabat patriarkala, zapaltzailea duen egituran zure kuota eskatzen hasten bazara... egitura horrek ez dizu balio. Hor dago nola eraiki beste hori. Oso problematikoa da hori, baina zerbait etortzekotan, hortik etorriko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.