«Fikzioa sortzeko, publizitatea da kapitalismoaren erremintarik indartsuena». Jon Ander Urresti sortzailearen hitzak dira, eta, hain zuzen, horixe bera izan du ardatz Kolapsoa antzezlana sortzeko garaian. Publizitatea egiteko moduari kritika zuzena egin nahi izan dio, baina umoreaz baliatutako elkarrizketen bitartez. Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan egindako lana da, eta Matxalen de Pedrorekin batera landu du. Bihar estreinatuko dute, Usurbilgo Sutegiko auditoriumean, 18:00etan.Â
Ursula (Maite Mugerza), Jota (Jon Ander Urresti) eta Txomin (Txubio Fernandez de Jauregi) publizitate agentzia bateko langileak dira. Ursula enpresako burua da, «martxa eramaten duena», Urrestiren hitzetan. Hark esandako «guztia» egiten du Jotak, eta irudimen handikoa da, harenak dira ideia gehienak: «Zinemaren mundutik dator, eta bideo artistikoagoak egin nahi ditu. Agentzian, baina, horrek ez du garrantzirik, gauza praktikoak egin nahi baitituzte, eta ez politak». Txomin, berriz, hiruretatik zaharrena da, eta laster hartuko du erretiroa.Â
Edozer sal dezakete hirurek, baita «behar ez dena» ere, egilearen esanetan. «Publizitate kanpainak grabatzen igarotzen dute eguna. Estrategiak sortu nahi dituzte, produktuak, zerbitzuak edota etorkizunerako planak ahalik eta azkarren saltzeko». Fikzioa errealitatera ekarri du egileak, eta publizitatearen sistemarekiko kritiko agertu da: «Fikzioak sortzeko makina bat da, eta zera esaten digute: bidaia hau erosten baduzu, zoriontsuago izango zara; edo galtzaile bat izango zara ez baduzu iPhone bat erosten». Istorioan, mugarri bat izango dute protagonistek: «Publizitatea zuritzen hasiko dira une horretatik aurrera, baina betiko publizitate kutsu bera izango dute haien iragarkiek; ez dute iraultza bat egiteko tarterik».
«Publizitate engainagarriaren gaia bera nahiko zabala eta sistematikoa da, eta guk pertsonaia umoretsu eta tuntun batzuen bitartez landu nahi izan dugu»
JON ANDER URRESTI Sortzailea
Zuriketa berdea kontzeptua ere jorratu dute antzezlanean —enpresek erabiltzen duten marketin estrategia bat da, eta ingurunearekiko jasangarriak direla erakusteko erabiltzen dute—. Adibide batzuen bitartez azaldu du hori zertan datzan: «Sorgailu eolikoak, esate baterako, gauza onak dira, eta energetikoak, baina ekosistema hondatzen dute. Edo biodiesela, adibidez. CO2 isuriak edo kotxeak murriztu eta garraio publiko gehiago jarri beharrean, politikan zuriketa berdea egiten dute: petrolioa biodegradagarri bihurtu». Adierazi du istorioan ikusiko dela pertsonaiak ez direla gai diskurtso jasangarriaren eta errealitatearen arteko «zubia» eraikitzeko.
Komedia kritiko gisa definitu du bere obra Urrestik, eta oinarri «indartsua» duela gehitu. «Publizitate engainagarriaren gaia bera nahiko zabala eta sistematikoa da, eta guk pertsonaia umoretsu eta tuntun batzuen bitartez landu nahi izan dugu». Haren iritziz, umorerako bide «asko» ematen du kontzeptuak, eta hala heldu nahi izan dio, gaiari «arintasuna eta distantzia apur bat» emateko.Â
Obra «bizia»
Egileak aitortu du «urduri» dagoela biharko. Azken orduko aldaketek eragin diote ezinegona: «Aldaketak egiten gabiltza une oro; izan ere, iragarkien sistemak eszenografian aldaketak egitera eramaten gaitu. Azken finean, obra bizia da, inoiz ez baita finko geratuko nobela bat bezala». Edonola ere, bi hilabetean ondutako lana erakusteko gogotsu daude protagonistak. «Publikoaren erantzuna zein den jakin nahi dugu; izan ere, horren arabera, agian, gauza batzuk aldatuko ditugu. Askotan zu ez zara jabetzen esaldi batek edo eszena batek indarra eduki dezakeela, baina publikoaren erreakzioak erakusten du baduela».Â
Dramaturgiaren atalean Nerea Ibarzabalen ekarpena izan dute, eta aste honetan bertan izan da Ibarzabal antzezlanaren entsegu batean. Urrestik asko eskertu du bisita: «Ondo dago egunero bertan ez dagoen norbait ikustera etortzea, eta iritzia ematea; izan ere, aktoreok jada ikusmena kutsatuta daukagu, eta ez ditugu akatsak edo aldatu beharreko kontuak ikusten». Onartu du hasieran txiste batzuek grazia egiten ziotela, baina hainbeste errepikatu ostean, jada ez diotela «grazia izpirik ere» egiten.Â
Obrak irauten duen 75 minutuetan, Urrestik uste du ikusleak hainbat galdera egingo dizkiola bere buruari. «Ez dugu ezer berriaz hitz egiten, denok baitakigu publizitatea basatia eta engainagarria dela. Momentu batetik aurrera, baina, publizitatearen eta artearen arteko harremanari tira egingo diogu. Jorratuko dugu ea zer den saltzeko modukoa, eta zenbat saltzen den, besteak beste. Horrek eramango du publikoa barne hausnarketa bat egitera».Â