Aktorea, idazlea, kasik 5.000 jarraitzaile dituen Donostia kobazulo hartu duen gazte Bilbokoa. Ekoizpen elektronikoa duen Kiko Venenoren Precisamente runba eta Queens of the Stone Age taldearen Perfecth diskoa gustuko dituen luxuzko rockaren intelektual erradikala. Neu ere bai.
Hirurok, Nahia Sillero, Jerry Corral, neu, juntatu ginen kultur kritika abiapuntu, erdigune eta helmuga zuen irratsaio batean.
Ez ginen, ezta pentsatu/nahi ere, ondorio zehatz eta puru batera iritsi, baina, behintzat, esaldi biribil pare bat osatzeko kapazak izan ginen. Esaterako, «algoritmoa gu geu gara». Esaterako, «algoritmoa seko erotzea ez da bakarrik erraza oso, baizik eta gozada izugarria». Esaterako, «Algoritmoak ederki ezagutzen gaitu, askotan guk geuk geure burua bainoago». Esaterako, «edukia nork sortzen duen jakin behar duzu beti. Ez dira gauza bera zale porrokatu baina leialak edo itxurati hutsak».
Irratsaio hori aitzakia harturik, eta dagoeneko udan zehar ikusi ezinbestekoak ziren pelikula guztiak (The Odyssey, Backrooms, Mother Mary, Magalhaes, El Diablo fuma (y guarda las cabezas de los cerillos quemados en la misma caja), The Unknown/ L'Inconnue, Salvation, Rebuilding, La città de la pianura, Días de caza, Fjord, Erupcja…) ikusi dituzuelako esperantzetan —beraz gomendioen beharrik ez duzue—, Pauline Kael andere txit estimatu eta estimagarriarekin pentsatzen jarri naiz, berak idatzitako zinema kritikak eta kritikaren inguruko gogoetak errepasatzen ere bai.
Pauline daukat nik maistra, inspirazio eta eredu (lorrezina). Azpikoz gora, hankaz gora, jarri zuen zinema kritika XX. mendeko 60ko hamarkadatik aurrera. Ameriketako Estatu Batuetan. Poloniatik ihes, Kalifornian kokatu eta oilasko haztegi bat zuten aita-ama juduen alaba, jostun eta sukaldari jardun zuen bizitzeko sos txikiak eskuratu ahal izateko —ez al dizue horrek burura ekartzen A Manual for Cleaning Women: Selected Stories idatzi zuen Lucia Berlin?—. Urteak pasa, bizipozak eta bizipenak bizi, 1953an idatzi zuen bere estreinako zinema kritika, Chaplinen Limelight-en inguruan. Antz-azturak sehaskatik, pelikula zeharo melenga zela aldarrikatu zuen, jendea (baita jefeak ere) ahoa bete hortz utziz.

Kontratatzaileak ahalegindu ziren irakurleek zuzen eta egokitzat zuten bidera sartzen, baina, imajinatzen duzuen bezala eta azeriari larrua edeki, baina azturak ez esaera zaharrak polit-polit adierazten duen legez, alferrik ahalegindu ere. 1967an egun mito ezeztaezina dugun Arthur Pennen Bonnie &Clyde sutsu, hortzez eta haginez, tintaz eta berbaz defendatu zuen. The New Republic aldizkariak errefusatu zuen kritika baino saiakera zen artikulu dentso, trinko, konparaezin hura argitaratzea. Izan ere, beste kritikari guztiak film sexy, oldartsu, bortitz, odolti, mokofier horren kontra agertu ziren, esanoneko, manaerraz. Zergatik? Gustu oneko ikusleek gustu txarrekotzat jo izan baitzuten. Jakin gabe, usnatu egin barik, modan ere izango zuen eragina. Estreinatu orduko, emakume guztiek Bonniek jantzen zuen txapela aukeratu zuten buruko.
Paulinek bai. Paulinek, jakin, jakin zuen. Aldarrikatu ere bai. Pelikulak bazuen ikaragarrizko ahalmena pasa garai bat, eta orduko ohiturak islatzeko. Abilezia menderaezina legerik, araurik, gizarte sailkatu motarik onartzen ez zuen bikote hori eredu, mito bihurtzeko. Gai izanak ziren gidoigilea, zuzendaria eta aktoreak jendaia hori desiragarri bilakatzeko. Eta aretoetan bazen maitatuko, desiratuko zuen ikusle saldoa.
Paulinek besteek errefusatutako artikulua The New Yorker-i eskaini, eta Hannah Arendt, J.D. Salinger, Dorothy Paker, Joan Didion, Susan Sontang, Iker Ayestaran, Ana Juanen artikulu eta ilustrazioak argitaratu izan dituen aldizkari gorenak onartu. Orduan eta orrialde horietan hasi zen ordurako kritika ofizialistaren deskalabrua. Orduan, Paulineren ahalduntze prozesua.
1953an idatzi zuen bere estreinako zinema kritika, Chaplinen ‘Limelight’-en inguruan. Antz-azturak sehaskatik, pelikula zeharo melenga zela aldarrikatu zuen, jendea (baita jefeak ere) ahoa bete hortz utziz
Sekula ez zuen atzerapausorik eman. Ez zituen Vertigo, The Sound of Music, 2001 A Space Odyssey gogoko izan, eta, haren ustez, Jaws-ek pikutara bidali zuen zinema benetakoa, izan baitzelako egungo garunik gabeko blockbuster guztietarako sarbidea. Maite-maite laztandu zituen, ordea, Mean Streets, Last Tango in Paris, Bringing up Baby...
Pauline ekarri zidan burura eta bihotzera irratsaio hark. Berak esanda: «In the arts, the critic is the only independent source of information. The rest is advertising». «Artean, arteetan, ez dago argibiderik, argitasunik emango duen modu independenterik kritika baino. Beste guztia publizitatea da».
Ziur naiz, gaur eskura ditugun tresna eta baliabide paperezko, irudizko, digital guztiak aise eta presto erabiliko zituen Kael andereak, bazterrak harrotzen beti.
Lepoa ere jokatu nuke nahita, seguru Huo Mengen Sheng xi zhi di /Living the Land/Viviendo la tierra plazerez hartuko zuela.