Kritika. Musika

Punka ez dago (batere) hilik

Ezezez musika taldeko kideak, artxiboko irudi batean.
Ezezez musika taldeko kideak, artxiboko irudi batean.
Daniel Gomez-Cortazar Romero
2026ko martxoaren 3a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

ezezez eta biznaga

Non. Bilboko Santana aretoan. Noiz. Otsailaren 27an.

Joan den ostiralean, otsailaren 27ean, Bilboko Santana 27 aretora joan ginen Biznaga taldearen biraren amaieraz disfrutatzera. Hasierako gonbidatuak ikusteko gogo handia geneukan: Ezezez izeneko talde bilbotarra. Bi taldeak punkaren osasun-egoera aparta dela erakusten duten erreferenteak dira. Bizkaitarrek 2023an argitaratutako Katuzaldia gainditu nahi izan dute 2025eko albumarekin, eta arrakasta handiz lortu dutela esan dezakegu. Diskoaren izenak jada —Kabakriba (Katuzaldia Baino Kriatura Bakanagoak)— adierazten du asmo hori: art-punka, esperimentazioa eta hitz surrealistak aurki ditzakegu lan honetan.

Kontzertua Dariokdio kantarekin hasi zuten, tronpetari batek lagunduta. Eszenaratzean sormen handia eta estetika artistikoa nabarmentzen dira. Ez bakarrik egiten duten punka koloretsua delako; hala dira baita beraien jantziak eta Unai Madariaga abeslariaren makillajea ere. Madariaga Jacob Elordiren antzeko dotoretasunarekin mugitzen da eszenatokian. Berak eta beste gitarra jotzaileak, Enekok, gizontasun berriari buruzko klaseak eman ditzakete. Izan ere, bi alkandoraz egindako gona bat jantzita ageri zen Eneko. Harritzekoa ere iruditu zitzaigun, eskuina izanik, gitarra jotzailea ezkerrekoentzat den gitarra bat alderantziz jotzen ikustea. Dena oso artistikoa, baita postmodernista ere: Tatxers taldeari buruz abesten dute Laberinto club abestian, eta Enekoren kamisetan I love Silitia irakurtzen zen —Silitia Bizkaiko beste talde bat da—. Haien musika eragin askoren gurutzaketa da: Negu Gorriak (Kalekume kantan)  edo PIL (Monster abestian). EZEZEZen energiak eta teatralitateak Delirium Tremensek utzitako arrastoa gogorarazten dute. Hamabi kantu jo zituzten publiko liluratuaren aurrean, eta lehenengo ilaretan Unairen siluetak Michelangeloren Daviden antza zuela komentatu zen.

Jarraian, Biznaga taldea atera zen oholtzara, ¡Ahora! albuma agurtzeko. El futuro sobre plano abestiarekin hasi ziren eta euren letra zuzen eta politikoak bota zituzten bateria erritmo handiaren gainean. Ikusleak ere hasieratik hasi ziren abesten, eta 2K20 abestitik aurrera mosh pit egiteari ekin zioten askok. Orain dela hamabi-hamahiru urte etorri ziren lehenengo aldiz Euskal Herrira euren punk-rock energikoa jotzera, eta behin eta berriro egon dira gurean giroa berotzen. Azken diskoa errepasatu zuten (ImaginaciĂ³n polĂ­tica eta Okupar el ahora, besteak beste), baita aurrekoak ere, Bremen no existe bereziki: Contra mi generaciĂ³n, Domingo especialmente triste edota EspĂ­ritu del 92 abestietan punk-rockera eramaten dute The Cure-ren eragina. Gazteak zein ez hain gazteok etengabe egin genuen dantza, izerdia bota eta salto. Viva Palestina libre (Gora Palestina askatuta) oihuaren ondoren, El entusiasmo-rekin amaiera baikorra eman zioten euren ikuskizun aldarrikatzaileari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.