Jakitun zen Nerea Elustondo igandean Idiazabalen jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken-aurreko final-laurdenean: «Jokoan daude finalerdiak / ta Euskal Herriko txartela / baina ia ez zaigun ahazten / bertsotara gatozela / ta holako plazan kantatze hutsa / pribilejio bat dela». Plaza jendetsuak eta giro berezikoak dira, eta igandekoa izan zen orain arteko bereziena: 750 lagundik gora batu zituen Igarondo pilotalekuak, eta ase ziren txaloka, animoka eta kantuka lehertzeko gogotsu zirenak. Txartelak lortzeaz gainera, entzuleak irabazteko ere balio dute txapelketetako plazek, eta horretan garaile Felix Zubia izan zen. Txartelak lortzeko, ordea, epaileek emandako puntuek balio dute, eta horretan garailea Jon Martin izan zen. Martinekin batera, Zubia eta Elustondo ere sailkatu dira dagoeneko; Ainhoa Agirreazaldegik azken final-laurdenaren arabera egingo du aurrera; eta Uxue Alberdi eta Oier Aizpurua txartel gabe geratu dira.
Punturik gehien
Martinek eta Zubiak lortu zuten puntu gehien ariketa guztietan: Martinenak izan ziren puntuaketarik onenak sei puntuko motzean, zortziko handian eta bakarka; eta Zubiarenak koplatan eta kartzelakoan.
Sei puntuko motzean, ez zen motz geratu Martin. Saioan ariketa hark eskuratu zuen puntu gehien, Zubiaren kartzelakoarekin batera. Inaxio Usarraldek bere duen jario gatzdunez aurkeztu zien gaia: «Gaixotasun terminala duzue biok. Zuk, Oier, ingurukoei garbi azaldu diezu zure hileta nolakoa izatea nahi duzun; Jon, zuk ez duzu horretan pentsatu nahi». Puntutan goia jotzear ekin zion ariketari: «Gure begien suizida / heriotza despedida; / zure burua noiz eta nola / mamitzen ari da. / Heriotzari begira / zenbat minutu guztira? / Zure bizitzai lapurtutako / minutuak dira».
Orain arteko final-laurdenetan lortu duten puntuaketarik altuena lortu zuen Zubiak koplatako ariketan. Ezkontza bateko musikariak izango ziren Elustondo eta biak parean dantzan ari zirenei begira. Eztenez ezten kantatu zuten; lehenengo adindunak gai, eta gero gazteak: «Ni nazkatu naiz ikusten / nola hau normala ez den / gaztedi guztia dago / zer eta barrari eusten», bota lehenengo Elustondok; eta «Bada nahiko kategori / edaten dute bai lori / barrari eutsi nahiean / eta hala're erori», jarraian Zubiak.
Martinek eskuratu zuen hurrengo bi ariketatan puntu gehien. Zortziko handian Elustondorekin batera pediatren roletik abestu zuten: «Osakidetzako bi pediatra erdaldun zarete. Umeekin komunikatzeko dauzkazuen arazoak direla-eta Jonek euskaltegian eman duzu izena; Nerea, zuk ez duzu pausorik ematen». Beste behin abiatzea, hau da, elkarrizketan hasi aurrekoa izan zuen onena Martinek. «Orain euskaraz ikastea da / zure erantzukizuna / nekez sendatu baitezakezu / konprenitzen ez duzuna».
«Gurasoen ezkontza eguneko bideoa ikusten ari zara; ezin izan diozu negarrari eutsi», jarri zuen Martin begi umeletan Usarraldek. Epaileak bakarrik ez, entzuleak ere bereganatu zituzten Martinen bertsoek eta bertsokerak, puntu errepikapenetan pilotalekua gozo-gozo kantuan entzun arte; bigarren bertsoan esate baterako:
Jon Martin:
Amatxok zenbat negar antsia
maiz kolpatua eta ahantzia
Zorionean aitarekiko
hartu zuen distantzia
maitasunetik hasia
hausteak ez du grazia
ondo daukat ikasia
basamortuan erdian nola
agertzen den oasia
gorrotoan e' erne liteke
maitasunaren hazia.
Bukaeretan entzulea ezustean hartzen nabarmendu zen Zubia. Sorpresa politak utzi zituen azkenerako, eta hala izan zen kartzelan, hamarreko txikian ere. «Presoak zarete; espetxetik ihes egiteko zuloa prest duzue. Egoera politiko berriak zalantza sortu dizue», izan zuten denek gaia. Lehen bi sailkatuak aritu ziren elkarrekin. «Tunel txikitik nekez / joango gara gu / tunelik ederrena / bidean daukagu», bota zion lehenengoan Martinek, eta Zubia konbentzitu gisan hasi bazen ere, azken bi lerroetan eman zion buelta bertsoari: «40 urtez ia / zartua kartzela. / Egun hau iristerik / ez nun nahi ospela; / ez det ihes egin nahi / lapurrek bezela / neure herrira libre / ekar nazatela / baina badaezpada / ez itxi tunela».
Puntu gutxien
Alberdik saio hasieran zortziko handian egin zuen lanak eskuratu zuen puntu gutxien, bigarren bertsoan egindako potoa zela medio. Hasiera traketsa egokitu zitzaion Alberdiri. Aizpuruarekin aritzeko kopletarako egokitu zitzaion gaia bera umoretsuagoa izan zuten harengandik ekar zitekeena baino: «Etxeko sofan daude bakarrik garbitzen duen xurgagailu robotari begira». Hasiera traketsari kartzelakoan eman zion buelta, bakarkakoan gaian asko zentratu gabe ibili ondoren.
Azken agurren tartean, ordura arteko txaloen, animoen eta kantuen eroari emozioarena gehitu zitzaien: Aizpuruari txaloz lagundu zioten kantuan, Zubia malkoei eutsi ezinda, eta Alberdi esker oneko bertso eder batekin:
Uxue Alberdi:
Txikitan hitzak jartzen nizkion
nire irudimenari;
gazteagotan, maiteminei
grinari, Bilbo zarrari.
Hitzen atzetik beiratzen diot
errealitateari.
Kantatze hutsak poztu egiten nau
milaka hitz hegalari;
hargatik naiz bertsolari.
Mila esker hegoak jartzearren
gure ilusioari.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Laugarren final-laurdena
Puntuek dakartzate txartelak
Dagoeneko bertsolari batzuk jaitsi dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren trenetik. Trenetik jaitsi behar izan dutenek ez dute Txapelketa Nagusian parte hartzerik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu