Rachel Willis-Sorensen sopranoa Euskadiko Orkestrarekin arituko da urteko lehen programan

Estatu Batuetako sopranoak debuta egingo du Euskal Herrian. Bihar izango da programako lehen kontzertua, Donostiako Kursaalean; hilaren 16ra bitarte egingo dituzte gainerako saioak. Arriagaren, Straussen eta Brahmsen hainbat piezak osatuko dute egitaraua.

Rachel Willis-Sorensen sopranoa. OLIVIA KAHLER
Rachel Willis-Sorensen sopranoa. OLIVIA KAHLER
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko urtarrilaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Rachel Willis-Sorensen sopranoa lehen aldiz arituko da bakarlari gisa Euskal Herrian. Euskadiko Orkestrarekin batera arituko da, bihar hasi eta ostiralera bitarte. Orkestraren denboraldiko bosgarren programako protagonista izango da. Munduko opera antzoki garrantzitsuenetan aritutakoa da, hala nola New Yorkeko Metropolitane, eta Municheko Bayerische Staatsoperen. Frantziako Le Monde egunkariaren arabera, «operaren munduko ahotsik hunkigarrienetakoa» da harena. Beverly Sills sari entzutetsua eskuratu zuen iaz. Datozen egunetako kontzertuetan, Richard Straussen Azken lau liderrak obra interpretatuko du.

Euskadiko Orkestraren programa berria bihar bertan abiatuko da, Donostiako Kursaalean. Etzi Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan izango dira musikariak, asteazkenean Iruñeko Baluarten, ostegunean Kursaalean berriro, eta ostiralean Bilboko Euskalduna Jauregian. Emanaldi guztiak 19:30ean izango dira. Sarrerak orkestraren webgunean daude eskuragarri —Gasteizko kontzerturako izan ezik, ez baitaude salgai—.

Saioak Jaime Martin flauta jotzaile eta zuzendariak gidatuko ditu. Zuzendari ezaguna da Euskadiko Orkestrakoentzat; izan ere, behin baino gehiagotan egin dute lan harekin. Egun Melbourneko Orkestra Sinfonikoko eta Los Angelesko Ganbera Orkestrako zuzendari titularra da.

Suntsitutakoari idatziak

Bi ataletan banatuta dago kontzertuetako egitaraua. Lehenengoa Juan Crisostomo Arriaga konpositorearen omenezkoa izango da, hil zeneko bigarren mendeurrena dela eta. Esklabo zoriontsuak obrako Obertura pieza interpretatuko dute, Arriagak 14 urte besterik ez zuela idatzi zuena. Misterioz betetako lana da, Obertura-z bestelako piezen zirriborroak baino ez baitaude jasota. Konpositoreak erruz egin zituen sorkuntzak nerabetan, eta Esklabo zoriontsuak izan zen ezagunenetako bat.

Arriagaren gaztetasunak Richard Straussen heldutasuna izango du kontrapuntu gisa. Izan ere, lehenengo atala amaitzeko, Straussen Azken lau liderrak interpretatuko du orkestrak, Willis-Sorensenen ahotsak lagunduta. Konpositoreak 84 urte zituela idatzi zuen obra hori. Bigarren Mundu Gerraren ostean lur jota gelditu zen, Alemaniaren suntsituta gelditu zelako, tartean bere ibilbidearekin lotutako hainbat antzoki.

Hori dela eta, haren seme Franzek berriro ere konposatzera animatu zuen, aldartea hobetuko zitzaiolakoan. Gaztetan gustuko zuen poesia irakurtzen hasi zen Strauss, eta hori izan zuen konposatzeari berriro ekiteko abiapuntua. FrĂ¼hling (udaberria), September (iraila), Beim Schlafengehen (loaren ordua) eta Im Abendrot (iluntzean) sortu zituen, Azken lau liderrak obra osatzen duten lanak.

Egitarauaren bigarren erdian, Johannes Brahms izango da protagonista; zehazki, haren laugarren sinfonia. Brahmsek udak aprobetxatzen zituen konposatzeko, eta lan hori 1884ko eta 1885eko udako oporretan sortu zuen. Haren ziklorik konplexuenetako bat da, ordura arte egindakoetatik gehien aldentzen dena baita. Hala ere, adituen ustetan, konpositorearen sinfoniarik onena da Euskadiko Orkestrak interpretatuko duena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.