Radiohead indartsuena eta gozoena

BBK Live-k inoiz bildu duen jendetzarik handienaren aurrean, kontzertu borobila egin zuen Radiohead-ek. 39.000 ikuslek gogotik kantatu zituzten taldearen ereserki ezagunenak.

Thom Yorke Radioheadeko abeslaria, herenegun Bibon emandako kontzertuan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko uztailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da erraza 39.000 arima asebetetzeko moduko kontzertu bat egitea. Radioheadek, ordea, horixe lortu zuten ostiralean. Kontzertu txukuna, indartsua, eta ereserkiz jositakoa eskaini zuten britainiarrek, eta zaleek (eta ez horren zaleek) emanaldi borobil batez gozatzeko aukera izan zuten.

Taldekideentzat, ordea, ez zen erraza izan taula gainera igotzea. Are gutxiago, eurekin biran ibiltzen den teknikarietako bat Torontoko (Kanada) agertoki batean soinu probak egiten ari zela burdinezko estruktura behera jausita harrapatu eta bertan hil ondoren. Ordutik, hilabete eskas igaro da, eta, birako hainbat kontzertu bertan behera utzi eta gero,agertokietara itzuli direnetik bigarrena izan da Bilboko ikuskizuna. Oraindik dolu aldian dauden arren, zeukaten guztia eman zuten emanaldian.

Ikuskizunak, ordea, ez zituen aurrez espero zituzten elementu guztiak. Istripuan ez baitzuten kide bat bakarrik galdu, baita azken diskoa aurkezteko biran erabiltzen ari ziren pantaila eta argiak ere. Ikuskizunerako espresuki diseinatuta zeuden, eta, behin horiek galduta, beste batzuekin ordezkatu dituzte biran jarraitu ahal izateko. «Testuingurua zein den kontuan edukita, ahal dugun guztia egingo dugu gure jarraitzaileei ahalik eta emanaldirik onena eskaintzeko», zioen joanden ekainaren 21ean taldeak argitaratu zuen oharrak. Ez zituztennahi beste ikuskizun elementuizango, baina ikusleek ez zuten hori eskatzen, nahikoa zuten euren nahiak asebetetzeko kontzertu bat jasotzearekin. Eta horixe izan zuten.

Ordu eta hiru ordu laurdeneko ikuskizuna eskaini zuen Radioheadek, ikusleak gogobetetzeko modukoa. King of Limbs azken diskoa zabaltzen duen Bloom kantu sendoarekin hasi zuten kontzertua, eta ondoren iritsi ziren 15 sSep, Pyramid Song, Morning Mr. Magpie, Lotus Flower, edo Feral abestiak. Rocka, popa, musika elektronikoa edo tribala, denak elkarren nahasian jo zituzten, kantu indartsuen ondoren lasaiagoak emanez, eta alderantziz: The Daily Mail barearen ondoren, esaterako, Myxmatosis indartsu eta sendoa iritsi zen. Radioheadek estilo horiek guztiak trebeziaz tartekatzen baititu, eta horrek haien zuzenekoak gorabehera ugariko bidaiak bihurtzen ditu.

Kobetamendin elkartu zen jendetzak, hala ere, kanturik ezagunenekin jo zuen goia: Karma Police, Kid A, Ideoteque, eta Everything in its Right Place abestiek ikusleak aztoratu zituzten. Horren lekuko ziren sakelakoen argiak. Milaka ipurtargi BBK Live-ko kontzertu nagusietakoa argitzen. Paranoid Android iritsi zen,azkenik, emanaldi on eta txukunari bukaera eder bat eskainiz.

Vetusta Morla, berresten

Radioheaden emanaldiari, Vetusta Morla madrildarrenak jarraitu zion. Kontzertu ederra eskaini zuten; joan den urtean Kobetamendin erakutsi zuten indarra berretsi zuten, eta ikusleen artean sekulako giroa sortu. Talde gaztea den arren, ereserki ugari ditu dagoeneko, eta garbi geratu zen hori milaka pertsonek haien kantuak bata bestearen atzetik kantatu zituztenean. Salvese quien pueda, Maldita locura, Un día en el mundo edo Copenhague dira horren lekuko. Etorkizun oparoko taldea da, eta hori orainaldian erakusten du.

Baina giroa arratsaldetik zetorren. Mumford & Sons inglesen rock, country eta bluegrass doinuek lehen agertokia hartzen zuten milaka lagunak dantzan jarri zituen. Kalean disko bakarra duten arren, sona handia daukate dagoeneko. Hori guztia, banjo, gitarra, biolin eta haizezko instrumentuekin.

The Kooks gazteek ere milaka jarraitzaileren arreta bereganatu zuen. 2005ean hasi zirenetik, estiloz garatu dute, baina azken finean formula berdinarekin jarraitzen dute: abesti melodiko, errepikakor eta motzak. Ongi doakien errezeta dela jakitun, gogotsu jo zuten Kobetamendiko taula gainean, eta ikusleek ere erruz eskertu zioten ahalegin hori.

Ostiraleko kartelburua iritsi aurreko ordu betean, musika elektronikoa egiten duen Four Tet bakarlaria aritu zen agertoki nagusian. Gaizki aukeratutako ordu, eta lekua. Agertoki parean jende andana bazegoen ere, inor gutxik egin baitzion jaramon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.