Musika

Kneecap: 'rave' bat matxinadarako

Memoriari, identitateari eta hizkuntzari gorazarre egiten dion lan bat eman du argitara Kneecap Belfasteko hip-hop taldeak: 'Fenian'. Bihar Bilbon emango duen kontzerturako sarrera guziak saldu dituzte jadanik.

Kneecap taldea iaz Londresen, kontzertu batean. ANDY RAIN/ EFE
Kneecap taldea iaz Londresen, kontzertu batean. ANDY RAIN/ EFE
edurne begiristain
2026ko ekainaren 7a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Belfasteko (Irlanda) belaunaldi berri baten erretratua da Kneecap hip-hop taldea. Kolonialismo britaniarraren arrastoak presente izanik gaelikoaren alde egiten duen gazteria batena. Irrati kateek zentsuratutako, komunikabide kontserbadoreek jopuntuan jarritako eta Palestinaren aldeko keinuengatik «terrorismoaz» akusatutako —eta gerora absolbitutako— hirukoteak festa, droga kultura eta umorea uztartzen ditu, hizkuntza bera erresistentzia politikorako arma bilakatuz.

Ipar Irlandako gatazka politikoaren erdian hazitako hiru gaztek sortu zuten Kneecap, 2017an. Mo Chara eta Moglai Bap auzo bereko lagunak ziren, eta DJ Provai — gaur egun hiru koloreko bere balaklava edo buru berokiagatik ia taldearen ikur bihurtu dena— irlandera irakaslea zen. Kasualitatez ezagutu zuten elkar: lagun baten autoan droga kantitate txiki bat aurkitu ostean, Poliziaren txosten batean agertutako esaldi bat hartu zuten lehen abestiaren oinarri gisa. Horrela sortu zen C.E.A.R.T.A., eta Poliziaren aurkako jarrera ironikoa hartuta gaelikoz abestutako rapak berehala piztu zuen mundu osoaren arreta.

Baina taldearen arrakasta ezin da ulertu bere kideen historiaren berri izan gabe. Moglai Bap abeslariaren aita irlanderaren aldeko aktibista zen — duela bi urte zendu zen—, eta, musikariak hainbat elkarrizketatan kontatu duenez, haren bitartez ikasi zuen hizkuntza ez dela soilik komunikatzeko tresna bat, komunitatea eraikitzeko modua ere badela. «1991ra arte ez zegoen irlanderazko bigarren hezkuntzako eskolarik, eta nire aita asko borrokatu zen hori aldatzeko». Ideia horren bueltan eraikia du diskurtso osoa taldeak: hizkuntzak esremu sozialak —musika, zinema, irratia, kalea— hartu behar ditu.

Eta, hala, gaelikoa museotik atera eta rave batera eraman du Kneecapek, matxinada egiteko. Taldeko kideek gogora ekarri dutenez, urtez luzez, gaelikoa folklorera edo tradiziora mugatua egon zen, hirietatik ia desagertua, baina orain gazte askok harrotasunez erabiltzen dute berriro. «Zure hizkuntzarekiko lotsa edukitzea kolonialismoaren ondorioetako bat da», esan du Bapek.

Protestatik harago

Lehen kanta ezagutarazi zutenetik, taldearen arrakastak gora egin du etengabe. 2018an 3Cag estudioko lehen diskoa eman zuten; 2024an, berriz, Fine Art lanarekin jauzia eman zuten, eta urte berean Rich Peppiatt zinemagile ingelesak taldearen jatorriari eta ospeari buruzko film luze bat eman zuen —Kneecap izenekoa—, eta horrek hirukotearen ospea are gehiago zabaldu zuen. Aurtengo maiatz hasieran hirugarren lana kaleratu dute: Fenian.

Diskoaren izenburuak berak argiki adierazten du nondik datorren Kneecapen proposamena. Fenian hitza historikoki irlandar errepublikanoei modu iraingarrian deitzeko erabili izan da, kolonialismo britainiarraren testuinguruan. Kneecapek, ordea, hitza bereganatu eta berrinterpretatu du: botereari egia esaten dion ororen sinonimo bilakatu du. Bapek azaldu izan duenez, fenian hitza erabiltzea ez da iraganari begirako keinua, gaur egungo «deshumanizazio mekanismoez hitz egiteko modua baizik».

Musika kritikari askok diote Fenian protesta disko bat baino gehiago dela; badela ere memoriaren, identitatearen eta hizkuntzaren inguruko lan bat. Hamalau kanta ditu diskoak, eta, besteak beste, Palestinako gatazka da gai nagusietako bat. Palestine abestian —Fawzi rap abeslari palestinarrak parte hartu du—, Kneecapek zuzenean lotu ditu kolonialismo britainiarraren historia eta gaur egun Gazan gertatzen ari dena. «Ezin gara egunero oholtzara igo gure inguruan ezer gertatuko ez balitz bezala», esan du Charak.

«Ezin gara egunero oholtzara igo gure inguruan ezer gertatuko ez balitz bezala»

MO CHARAKneecap taldeko kidea

Musikalki, taldeak jauzia egin du hirugarren lanarekin. Aurreko diskoetako ekoizpen etxea alde batera utzi, eta Dan Careyren esku utzi dute lan berria. Fontaines D.C., Wet Leg edo Kae Tempest bezalako artisten soinuaren atzean dagoen ekoizleak taldearen kaosa moldatu du, haren energia apaldu gabe. Grabazio prozesua ere zeharo ezberdina izan da, Mo Charak kontatu duenez: «Danek modu analogikoan egiten du dena. Sintetizadoreekin eraiki ditu piezak, eta gu haren atzean egon gara hitzak idazten, dena momentuan sortzen zen bitartean».

Emaitza entzunda, argi dago ekoizlearen ekarpenak Kneecapen unibertsoa zabaldu duela. Acid house, trip-hop, techno iluna eta punk-ravearen intentsitatea nahasten dira hamalau abestietan. Massive Attacken atmosfera ilunak, The Prodigyren oldarkortasuna edo Rage Against The Machineren haserre politikoa sumatzen dira tarteka, baina taldeak duen nortasuna galdu gabe. Big Bag Mo pieza indartsuak rave baten trazak ditu; Liar's Tale kantak kale manifestazio baten oihu kolektiboa dirudi; Carnival-ek Massive Attacken Karmacona abestia ekartzen du gogora...

Iaz, zuzenekoa eman zuten BBK Liven, eta bihar berriro ere zapalduko dute Euskal Herria azken lana aurkezteko biran: Bilboko Santana 27 aretoan izango da hirukotea, 21:00etan. Aspaldi saldu zituzten kontzertu horretarako sarrera guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA