Ravel-Echenoz-Pitrau lotura

Ramon Lazkano konpositoreak larunbatean estreinatuko du 'Ohiberritze' obra, Parisko Udazkeneko Jaialdian. Lantzen ari den operaren zati bat izango da. Abenduan Donostian emango dute lana

Ramon Lazkano erdian, alboan Aizpea Goenaga (Etxepare), Pablo Berastegi (D2016), Miren Iñarga (Musikene) eta Jose Antonio Etxenike (Kursaal) dituela. J. C. RUIZ / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Zertan etor daitezke bat Maurice Ravel konpositorea, Jean Echenoz idazlea, Jean Pitrau laboraria, eta Zuberoako kantuak? Bada, besteak beste, guztiak ageri direla Ramon Lazkanoren lan berrian, era batera edo bestera. Tradizioaren eta sorkuntza garaikidearen arteko loturak aztertzen hasi, eta askotariko osagaiak uztartuz osatu du musikagileak Ohiberritze izeneko obra. Larunbatean estreinatuko du Parisko Udazkeneko Jaialdian, festibalak bere monografikoetako bat konpositore donostiarrari eskaini diola eta. Abenduaren 18an, berriz, Donostiako Kursaalean emango dute, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren itxiera ekitaldien barruan.

Lau zati izango ditu Ohiberritze ikuskizunak. Iragan uztailean Atharratze-Sorholüzen (Zuberoa) eman zen Jean Pitrau pastoralaren bertsio laburtu batekin hasiko da emanaldia. 80 lagunek jokatuko dute Parisen laborari eta sindikalista zena omentzen duen trajeria. Haren ondotik, Ravelen Biolinerako, biolontxelorako eta pianorako trioa la minorrean, lana interpretatuko du Trio Dali hirukoteak. Ondoren iritsiko da Lazkanoren lan berriaren estreinaldia: 40 minutuko pieza bat da, bi ahots eta hamabost instrumenturentzat. Emanaldia ixteko, Zuberoako kantak eta dantzak eskainiko dituzte Parisen.

Izatez, Lazkano prestatzen ari den opera oso baten zatietako bat da Ohiberritze emanaldian aurkeztuko duen pieza berria. «Denbora luzez, obra txikiekin lan egin izan dut, piezen bildumekin, zatitxoekin, zeintzuk gero obra handiagoak bilakatzen diren. Hala gertatu zen Igeltsoen Laborategia-rekin ere, 2001. eta 2011. urteen artean landu nuena». Maurice Raveli buruzkoa izango da opera hori, eta 2018. edo 2019. urterako amaitua izango duela aurreikusten du. Haren aurrerapentzat jo daiteke, beraz, pieza berria.

Duela bi urte inguru erabaki zuen Parisko Udazkeneko Jaialdiak bere atal monografikoetako bat Lazkanori eskaintzea. «Erretratua esaten diote haiek, eta aukera paregabea da halako proiekzioa eta prestigioa duen jaialdi batek halakorik egitea, erretratuek artistaren obra osoa esploratzen baitute». Hiru kontzertu biltzen ditu monografikoak, eta horietan lehena da Ohiberritze, «oso berezia», Lazkanoren esanetan. Berau sustatzeko, D2016rekin jarri zen harremanetan jaialdia, eta elkarlanean aritu dira bi erakundeak, baita Kursaal Eszena ere. Parisko emanaldirako Etxepare Institutuaren, Bergarako (Gipuzkoa) Olaso Dorrea Fundazioaren eta EKE Euskal Kultur Erakundearen babesa ere izan du proiektuak.

«Tradizioa eta gaurkotasun handiagoko sorkuntza lotzen dituzten trazuak aurkitzea zen Josephine Markovits jaialdiko zuzendariaren jatorrizko ideia; nola tradizioaren mekanismo horiek busti ditzaketen gaur egungo sorkuntza forma batzuk», azaldu du konpositoreak. Zuberoako pastoraletan aurkitu zuen osagaietako bat. «Sorkuntza lokalak dira, non komunitate bat ados jartzen den, modu amateur batean, hiru ordu inguruko antzezlan bat sortzeko. Obra efimeroa da, uda batean bizpahiru aldiz eman, eta desagertu egiten da, ez da esportatzen, ez biran ateratzen, eta ez du helburu ekonomikorik; ekitaldi erabat oinarrizkoak dira, kolektibo horri bere memoria kolektiboko gertakari edo pertsonalitateak gogora ekartzea ahalbidetzen diotenak».

Ravel zen beste osagai nagusia Lazkanorentzat. Ziburun (Lapurdi) sortutako konpositoreak, Parisen bizi zen arren, euskara eta Euskal Herriarekiko «maitasun sakona» mantendu zituela azaldu du Lazkanok. «Ravelen musikan euskal musika tradizionalen edo euskararen askotariko trazuak aurki daitezke». Aspalditik zebilen Lazkano Ravelen figurari buruzko proiektu bati bueltaka; zehazki, Jean Echenozen Ravel eleberria obra batera eramateko asmoari. Ravelen bizitzaren azken urteez dihardu Echenozen lanak. «Interesatzen zitzaidan, ez konpositoreari diodan maitasun sakonagatik, baizik eta batez ere, Ravelen gaixotasunaren bidez, hitzaren desagertzearen paradigma moduko bat delako. Gaitz lazgarria jasan zuen, progresiboki hitzen bidez adierazteko gaitasuna galarazi ziona, eta hala, Ravel bere buruaren preso bihurtu zen, munduarekin komunikatzeko gai ez zela; munduarekiko banaketa prozesu motela jasan zuen bere bizitzako azken hamar urteetan».

Zuberoako tradizioa, Ravelen musika, haren izaera eta hitzaren galera uztartu ditu, beraz, Lazkanok proiektuan.

Markovitsen konpromisoa

Jaialdiko musika zuzendari Josephine Markovitsek proiektuarekiko agertutako konpromisoa nabarmendu dute bai Lazkanok, baita Jose Antonio Etxenike Kursaal Eszenako musika klasikoko programazio arduradunak ere: «Harekin Zuberoan kantari eta dantzariekin biltzeko aukera izan dut, eta benetan arreta eman dit agertu duen jarrera: entseguetara joan da, programaren aukeraketan parte hartu...». Lazkanoren esanetan, «forma erritualetan» interes handia du Markovitsek, eta pastoralak ezagutzean «asko harritu zen, eta maitemindu».

Pariskoaren aldean, bi ezberdintasun izango ditu Donostiako emanaldiak: batetik, ez da pastoralik izango, eta, bestetik, Ravelen obra Trio Prometeok eskainiko du —Marta Zabaleta, Asier Polo eta Massimo Spadanok osatutakoa—. Etxenikeren ustez, Kursaalen «ibilbide luzean proiekturik anbiziotsu eta garrantzitsuena» da Lazkanorena, eta urtea ixteko «urrezko aukera bat» izango da.

Parisen, Lazkanori eskainitako monografikoaren barruan, beste bi kontzertu izango dira: urriaren 10ean, Diotima laukoteak Lurralde interpretatuko du, baita Ezkil gitarrarako pieza ere. Azaroaren 15ean, berriz, Matthias Pintscherren zuzendaritzapean, Lazkanoren lau pieza interpretatuko ditu Ensemble intercontemporainek: Igeltsoen Laborategiko hiru pieza —Egan-3, Egan-4 eta Errobi-2—, eta Izarren hautsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.