Aurtengo Musika Hamabostaldiak hainbat omenaldi egin dizkio Maurice Raveli, haren jaiotzaren 150. urteurrena dela eta. Jaialdiaren azken txanpa gerturatzen ari den honetan, gaur beste emanaldi bat egingo dute Ziburuko konpositorearen omenez: 20:30ean izango da, Kursaaleko auditoriumean. Parisko Opera Nazionaleko Orkestrak joko du emanaldi horretan, Thomas Adesen zuzendaritzapean eta Kirill Gerstein pianista bakarlari dela.
Parisko orkestra hori 1672an sortu zen, eta Europako lehenengo orkestra sinfonikoetako bat izan zen. XX. mendearen amaieratik, Garnier Opera eta Opera Bastille aretoetan egiten ditu emanaldiak. Haren errepertorioak barne hartzen ditu askotariko piezak, barrokoko klasikoetatik hasi eta konposizio garaikideetaraino.
Zuzendaria, Thomas Ades, oso gaztetik hasi zen konpositore gisa. 24 urte zituela, arrakasta nabarmena lortu zuen Powder Her Face operarekin. Estreinaldi egunean, konpositorearen heldutasun musikalak harritu egin zuen publikoa, eta ordutik, berrehun alditan baino gehiagotan interpretatu dute opera hori. Halaber, gaur egungo konpositorerik garrantzitsuenetako bat da, baina zuzendari lanetan ere ibilbide luzea du: erregularki aritzen da Los Angeles (AEB), San Frantzisko (AEB) eta Londresko orkestrekin, esate baterako.
Adesen lanen artean, Pianorako eta orkestrarako kontzertua da entzutetsuenetakoa. Bostongo Orkestra Sinfonikoak estreinatu zuen, 2019an. Gerstein izan zen bakarlaria estreinaldi horretan, eta gaurko emanaldian ere hala arituko da. Txiki-txikitatik nabarmendu zen piano jolea. 1979an jaio zen, Sobietar Batasuneko hiri batean, eta gaitasun handiko haurrentzako musika eskola berezi batera eraman zuten. 14 urte zituela, Gary Burton jazzaren arloko mitoak Bostonera gonbidatu zuen jazz pianoko eta piano klasikoko ikasketak egitera. Bada, 16 urte zituenean, piano klasikoaren aldeko hautua egin zuen. Hainbat herrialdetan egin ditu ikasketak, eta pianista malgu eta polifazetikoa izateagatik nabarmendu da. Haren errepertorioaren parte dira hala Bachen musika nola sorkuntza garaikideak, besteak beste.
Emanaldia Ravelen Couperin-en hilobia piezarekin hasiko dute. Konpositoreak Lehen Mundu Gerran galdu zituen hainbat lagunen omenez sortu zuen pieza hura. Frantziako barrokoaren begirada nostalgikoa du. Emanaldiaren lehen zatia amaitzeko, Ades zuzendariak Bostonen estreinatutako pieza joko dute: Pianorako eta orkestrarako kontzertua.
Bigarren zatia Raveli eskainitakoa izango da erabat. Orduan joko du Gersteinek Ezker eskurako kontzertua, Ravellek Paul Wittgenstein piano jole austriarrarentzat espresuki idatzia. Wittgensteinek eskuin besoa galdu zuen Lehen Mundu Gerran. Halere, piano jole gisa aurrera egiteko asmoa zuen, eta hainbat musikariri eskatu zien soilik ezker besoa erabiliz jo zitezkeen lanak sortzeko, besteak beste Raveli. Kontzertu solemnearen tradiziora hurbildu zen konposizio horretan, entzuleek ez zezaten suma esku bakarrarentzat egina zela.
Emanaldia Balsa olerki koreografikoarekin amaituko dute. Konposizio horrek 1906an du jatorria, Ravel eta Errusiako Balletak Johann Straussi eta Vienako dantza moldeari omenaldi bat egitekoak ziren garaian. Handik gutxira, Lehen Mundu Gerra hasi zen, eta Raveli erabat aldatu zitzaion balsaren inguruko ikuspegia. Errusiako Balletentzat «dantzaezina» zela iritzitza, uko egin zion lana estreinatzeari, eta pieza sinfoniko moduan estreinatu zuten, 1920an. Goi mailako pieza izanik, bizkor zabaldu zen nazioartean.