«Utzidazu gertatutakoa kontatzen». Hori esan, eta errenkan datoz hamazazpi abesti. «Utzidazu gertatutakoa kontatzen», dio Raye musikari londrestarrak bere ibilbideko bigarren albumaren sarreran, eta, segidan, Parisko gau euritsu batean kokatzen du bere burua, gauez, 02:27an: «Hogeitaka urteko neska bat taberna batetik hotelera bidean da./ Ez du aterkirik, zazpi Negroni edan ditu jada,/ eta etsi-etsian bete nahi duen zuloa elikatzen ari da». Neska horixe da Rachel Keen Raye, «hodei grisaren azpian» dagoen neska —diskoaren azalean ageri bezala—. Baina luiziak irentsi beharrean, katalizatzaile bihurtu ditu barneko zuloa handitzen dioten elementu horiek denak, eta, musikaren bidez, etsipenetik esperantzara iritsiko da. Hain zuzen, This Music May Contain Hope izena du kaleratu berri duen albumak, eta popa, soula, jazza eta rhythm and blues musika estiloak uztartu ditu. Albumak ilunetik argira doan lau ataleko ziklo bat osatzen du: udazkenetik negura, eta udaberritik udarara.
Azken urteotan bizkar gainean zeraman estigma bat hautsi behar izan du Rayek. Izan ere, hau bigarren albuma badu ere, 2014an hasi zuen ibilbide artistikoa. Orduan kaleratu zuen lehenengo disko txikia, 17 urte zituela: Welcome to the Winter. 2016an heldu zen bigarrena: Second. Eta orain arteko bitarte horretan zer? Bada, 2015ean Polydor zigilu diskografikoarekin sinatutako kontratu batek mugatu egin zuen artistaren sorkuntza, eta beste artistentzat konposatzera edo besteekin kolaboratzera kondenatu. Bitarte horretan, hainbat artista britainiarrekin egin zuen lan, bai eta nazioartean ezagunak diren bestelako artistekin ere: esaterako, abesten azaldu zen David Guetta ekoizlearen Stay (Don't Go Away) singlean, eta berak idatzia da Beyonceren Bigger abestia. Baina Rayek «artista» izan nahi zuen, oso-osorik: «Dagoeneko ez dut pop izar adeitsu bat izan nahi». Eta horrek, derrigor, album bat eskatzen zuen.
«Enpresa ikuspegi batetik, ni horixe nintzela erabaki zuten, eta hori besterik ez nintzela izango». Baina ez: 2021ean txiki-txiki egin zuen diskoetxearekin sinatutako kontratua, eta, azkenean, 2023an, bere lehen albuma kaleratu zuen: My 21st Century Blues. Oso gai pertsonalak jorratu zituen: alkoholarekin eta drogekin izandako adikzioa, bere gorputzarekin izandako arazoak, maitasun harreman konplexuak, harremanen hausturak eta beste. Album horretan ere bazegoen rhythm and blues estiloa, baina baziren musika elektronikoa, bluesa, housea eta dance estiloak ere. Zurrunbilo horretan guztian, berebiziko arrakasta izan zuen Escapism abestiak. Errealitatetik ihes egiteari buruz dihardu, eta honela dio: «Ez dut sentitu nahi nire bihotza nola ari den urratzen./ Berez, ez dut ezer ere sentitu nahi; beraz, soilik edan egingo dut». Bada, abestiak Tiktok plataforma osoa zeharkatu zuen, baita Erresuma Batuko salmenta zerrenden lehenengo postua lortu ere. Horren ondotik, areagotuz joan da artista britainiarraren ospea.
Izan ez diren senargaiak
«Album on» bat egiteko kapaz ote zen zalantza egiten bazuen ere, 2024an Brit sariketa britainiarrean jasotako sei sariek emango zioten lana ondo egin izanaren ziurtapena. Izan ere, besteak beste, Rayek albumik onenaren saria jaso zuen My 21st Century Blues lanagatik. Hiru izendapen jaso zituen Grammy sariketan ere, baina ez zuen saririk irabazi. Dena den, lehenengo albumaren arrakastak bidea ireki zion bigarrena gogoz sortzeko.
Erritmo biziko Where is my Husband! abestiarekin aurkeztu zuen Rayek This Music May Contain Hope albuma —abestiak 100 milioi ikustaldi baino gehiago ditu Youtuben—. Gero, single erabat desberdin bat kaleratu zuen: Nightingale Lane, orkestra balada nostalgiko bat. Eta albuma oraindik ere osorik aurkeztu gabe, hirugarren abesti bat ere zabaldu zuen: Click Clack Symphony, emakumeen ahalduntzeari erreferentzia egiten diona —click-clack hotsak takoiek egiten duten hotsa sinbolizatzen dute—. Kasu horretan, depresioaren aurrean eragiteko beste irtenbide bat proposatzen du, orain artekoarekin kontrakarrean: lagunekin —neskekin— elkartzea. Dagoeneko entzungai dago album osoa, eta, agindu bezala, itxaropen mezu batekin amaitzen da. Dena den, abeslariak gomendio bat ematen du, albuma hasieratik bukaerara entzun eta baten batek esperantzaren arrastorik ez topatzekotan: «Entzun diskoa beste behin».