Rembrandten urrezko urtea

Gaur 350 urte hil zen Rembrandt margolaria. Erakustaldi anitz antolatu dituzte Herbehereetan horren harira. Orduko Urrezko Aroa ere oroituko dute herrialdean.

Margolariaren heriotzaren urteurrena dela eta, Luzaz bizi bedi Rembrandt erakusketa ikusgai da Amsterdamgo Rijksmuseum museoan. IMANE RACHIDI / EFE.
Nagore Arin.
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Gaur 350 urte bete dira Rembrandt Harmenszoon van Rijn (Leiden, Hego Holanda, 1606) marrazkilari, margolari eta irarlea hil zenetik, eta haren oroitzapena ez da zimurtu; ezta haren artelanak gerizpean gelditu ere. Rembrandten argi-ilunek bizi bezain ozen jarraitzen dute egun. Horren adierazle dira heriotzaren urtemugaren harira urte osoan Herbehereetan antolatu dituzten ekitaldi eta erakusketak. Margolaritzaren arteari egin zion ekarpena gogoratu nahi dute, eta garai hartan Herbehereek bizi izan zuten Urrezko Aroa goratu. Hala, bi mugarri horiek oroituko dituzte, hein batean ezinezkoa delako bereizita ulertzea.

Rembrandt oso gazterik murgildu zen margolaritzaren munduan. 18 urte zituela, Pieter Lastmanentzat egin zuen lan, Amsterdamen, eta, sei hilabeteren ostean, lehen estudioa zabaldu zuen Leidenen, sorterrian. Gerora, 1631. urtean, Amsterdamera joan zen berriro, eta, bere lanek zuten harrera ikusita, bertan gelditu zen.

Ezaugarri anitzengatik izan zen Rembrandt Herbehereetako ikur eta margogintzaren mugarri. Askotariko gaiak jorratzen zituen artelanetan: erretratuak, autorretratuak, paisaiak, iruditeria historikoak eta alegorikoak, gai mitologikoak eta biblikoak, animalien ikerketak... Gai esparru zabalaz gain, margolariak zeresan handia eman zuen teknika aldetik ere. Aitzindari izan zen hainbat teknikaren erabileran, eta sormena ere lagun izan zuen ibilbide oparoan.

Batik bat, margotzean erabili ohi zituen koloreen aberastasuna eta argi-ilunen erabilera izan zituen ezaugarri esanguratsuenak. Hala, argiarekin eta itzalarekin jolastuz, ikuslearen arreta margolan bakoitzean ageri diren gertakari edo figuraren batengana bideratu nahi zuen. Drama ere izan zen Rembrandten lanen beste bereizgarri bat, baina, nerabezaroan indar dramatiko handiko obrak egin zituen arren, emozioari eta misterioari eman zien bide gerora. Ibilbide horretan, errealitatea adierazteko gero eta jarrera sakonagoa hartu zuen, eta, garai hartako korronte artistikoek agintzen zuenetik aldenduz bazen ere, errealitatearenatzealdea eta erroa aztertzeko ahalegina egin zuen.

300 margolan, 300 grabatu eta 2.000 marrazki egin zituen gutxi gorabehera ibilbide profesionalean. Horietako asko, gainera, mundu osoan egin dira ezagunak. Horien artean, dago, esaterako, Gaueko erronda izenekoa. 1640 eta 1642 artean egin zuen maisuak, pigmentuz eta olioz, oihal gainean margotuta. Amsterdamgo Rijksmuseumen dagoen margo nagusietariko bat da, eta artelan hori zaharberritzeko prozesua abiarazi zuten uztailean museoan. Prozesua zuzenean ikusteko eta parte hartzeko aukera eskaintzen zaie ordutik bisitariei. Ez da kasualitatea margolan hori halako proposamen baterako aukeratu izana, Herbehereetako Urrezko Aroko lan eta irudikapen kolektiboen ispilu baita. Eta Herbehereetako Urrezko Aroa ere izango dute hizpide Rembranten omenezko erakustaldietan, aro hura horrela izendatzeko bidean ezinbesteko izan baitzen haren jarduna.

Mugarria

Duela lau mendekoa aro oparoa izan zen, bereziki, Zazpi Herbehere Batuen Errepublikarentzat. Arlo militarrean, merkataritzan, zientzian eta artean —batez ere, margogintzan— nabarmendu zen herrialdea. XVII. mendean, mugarri izan zen hango artea, eta margogintzaren mundu zabalean bide berriak ireki zituen. Rembrandtekin batera, garai oparo horretara batu ziren Hals, Vermeer eta Steen margolariak ere; eta, lau menderen buruan, miretsiak dira oraindik ere Urrezko Aro hartako artistak. Hala, aurtengoa Rembrandten itzala aztertzeko eta haren garaia eta garaikoak ezagutarazteko urte bihurtu dute. Herrialde osoan antolatu dituzte erakusketak. Amsterdam, Delft, Dordrecht, Haarlem, Hoorn eta Enkhuizen, Leiden, Middelburg eta Haga, besteak beste, Rembrandten lanen topagune bihurtu dira. Urte osoa iraungo du proiektuak, eta inoiz ikusi gabeko artelanak ikusi ahal izango dira hainbat tokitan. Amsterdamgo Museo Historiko Juduan, esaterako, Israelgo Museotik ekarriko duten lan bat egongo da ikusgai, lehen aldiz Herbehereetan.

Hala ere, Rijksmuseum da munduan artistaren lan gehien biltzen duen museoa, eta maisuaren bilduma osorik ikusi ahal izango da bertan aurten, lehen aldiz. Guztira, 22 margolan, 60 marrazki eta 300 grabatu egongo dira ikusgai, artistaren inguruko erakusketarik handienean. Halaber, haren etxea bisitatzeko aukera ere eman dute, hiru erakusketa prestatu baitituzte Amsterdamen bizi izan zen tokian; eta horietako erakusketa bat Herbehereetan inoiz ikusi gabeko lanez osatua dago.

Gaur zortzi hasiko da Rijksmuseumen Rembrandti buruzko bigarren erakusketa: Rembrandt-Velazquez. Hala, Madrilgo Prado museoarekin elkarlanean osatu dute erakustaldia, eta, Rembrandtekin batera, Velazquez, Murillo eta Ribera margolarien lanak ere ikusi ahal izango dira, Herbehereetako Vermeer eta Hals artistekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.