erakusketa

Remigio Mendibururen 120 artelan bildu ditu Arte Ederren Museoak

Artista hondarribiarraren hiru hamarkadako ibilbidea islatu dute ‘Mendiburu. Materia eta memoria’ atzera begirakoan. Irailaren 5era bitarte bisitatu ahalko da

Mendibururen 'Txori libreentzako kaiola' eskultura, berriki zaharberritutakoa. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko apirilaren 13a
16:50
Entzun

«Atzera begirakoa baino gehiago, barrura begirakoa da erakusketa hau». Remigio Mendibururen ibilbide artistiko osoa islatzeko xedea izan du Juan Pablo Huercanos Oteiza Museoko zuzendariordeak, komisariatu duen Mendiburu. Materia eta memoria erakusketan; hala ere, haren hitzak ez dira kontraesanezkoak. Izan ere, bada atzera begirako bat, bertan bildutako 120 bat artelanek artista hondarribiarraren 30 urteko ildo espresiboak laburbiltzen baitituzte –1960ko eta 1980ko hamarkaden artean garatu zuen bere karrera–; baina, horrez gain, bada artistak artearen eta, batik bat, eskulturaren inguruan izandako ideien isla ere. Bilboko Arte Ederren Museoan bisitatu ahal izango da, irailaren 5era bitarte.

Mendiburuk beti izan zuen «eskulturaren zentzuari buruzko ardura», Huercanosen hitzetan: «Eskultura pentsatzeko modu berriak garatu zituen, eta bere lanek haren esanahia zabaldu zuten: eskultura ez da soilik kontenplaziorako, esperientziaren emaitza baita». Komisarioak azaldu duenez, Henri Bergson filosofoaren denborari eta esperientziari buruzko teoriek eragina izan zuten Mendibururen praktikan, eta, horiei jarraituz, bi indar batu zituen bere adierazpen artistikoetan: batetik, materia, «mineralizatutako denbora» gisa ulertua; bestetik, denbora «kulturala, biografikoa». Alegia, erakusketaren izenburuak dioen bezala, materia eta memoria, eta, zehazki, «memoria bilakatzen den materia», komisarioaren arabera: «Ideia hori oinarrizkoa da Mendibururen obran».

Huercanosek adierazi du Mendibururi buruzko «berrikuspen nabarmena» antolatu dutela: «Hil ondoko lehen berrikuspen integrala da. Beharrezkoa zen, bai artista bere testuinguruan kokatzeko, eta baita gaur egunetik begiratzeko ere». Bere lanik ezagunenak ez ezik, obra «ez hain konbentzionalak» ere jasotzen ditu hautaketak, baina orobat materiaren eta memoriaren arteko loturak zeharkatuta daudenak; hala, lan eskultorikoaz gain, mihise edo paper gainean ondutako konposizioak ere bildu dituzte erakusketan.

Miguel Zugaza Arte Ederren Museoko zuzendariak uste du Mendiburuk «bere garaiko obra originalenetako bat» erdietsi zuela. «Erakusketak eskultorearen figura berreskuratzen du bere garaiko panorama artistikoan errotutako sortzaile gisa. Lengoaia propioaren bilaketan konbentzionalismo eta formalismo artistikoak desafiatu zituen, espazio eskultorikoaren mugak eta haren materialtasuna hautsi arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.