Donostiako Zinemaldiko 60. edizioak Arbitrage filma aurkeztuko du, Europan, inaugurazio ekitaldian; hots, irailaren 21ean. Film estatubatuarra Sail Ofizialean lehiatuko da, eta Richard Gere eta Susan Sarandon ditu protagonista. Hala, bi aktoreak Donostiara itzuliko dira. Biek Donostia saria jasota daukate aurretik; aktoreen ibilbidea omentzen duen saria. Richard Gerek 2007. urtean jaso zuen eta, Susan Sarandonek 1995ean.
Arbitrage finantzen munduari buruzko thrillerra da. Gere eta Sarandonez gain, Laetitia Casta, Tim Roth, Brit Marling eta Nate Parker aktoreak ageri dira filmean. Nicholas Jareckik idatzi eta zuzendu duen lehenengo fikziozko film luzea da.