Riken Yamamoto arkitektoak irabazi du aurtengo Pritzker saria

Sari hori lortu duen bederatzigarren japoniarra da. «Espazioak herriarentzat sortzeagatik» erabaki du epaimahaiak Yamamoto saritzea.

(ID_17096500304655) Riken Yamamoto
Riken Yamamoto arkitektoa. TOM WELSH
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko martxoaren 5a
15:45
Entzun

Arkitekturan ematen den saririk garrantzitsuena da Pritzker saria. 1979az geroztik banatzen dira sariok, euren proiektuen bitartez gizakien ongizatea lortu duten eta bizirik dauden arkitektoen artean. Aurten, Riken Yamamoto japoniarrak eskuratu du, epaimahaiak jakinarazi duenez. 53. sariduna da Yamamoto, eta, halaber, japoniar batek sari hori lortzen duen bederatzigarren aldia da. Iaz, David Chipperfieldentzat izan zen.

Yamamotoren ustez, komunitate bateko kideek elkar zaindu behar dute, eta horixe lortu nahi izaten du bere proiektuen bidez: komunitatea sendotzea. Epaimahaiaren esanetan, «Askotariko identitateak, ekonomiak, politikak, etxebizitza sistemak eta azpiegiturak egonda ere, gizarte harmoniatsuak sortzeko gaitasuna» du arkitektoak.

Japoniako machiya eta Greziako oikos-en –tokian tokiko bi etxebizitza tradizional dira– eragin handia izan du bere proiektuak sortzeko orduan. Bie eredu horietan, garrantzi handia du familiek merkataritzarekin eta bizilagunekin duten konexioak. Jendea elkartu ahal izateko guneak eraiki zalea da Yamamoto, baita gardentasuna helarazi zalea ere.

Proiektu garrantzitsuak

Dozenaka eraikin sortu ditu Yamamotok bere ibilbidean. Esate baterako, Ishii etxea (Kawasaki, Japonia), bi artistarentzat eraikitakoa. Bere etxea ere eraiki zuen, Yokohaman (Japonia): Gazebo. Azken horrek bizilagunen arteko interakzioari bide ematen dion terraza handi bat du teilatuan. Bestalde, 1991n, gizarte laguntzako etxebizitzen bere lehen proiektua eraiki zuen, Kumamoto hirian; Hotakubo izena jarri zion. Iwadeyamako (Japonia) bigarren hezkuntzako ikastetxea, Saitamako Unibertsitatearen eta Hiroshimako suhiltzaileen parkearen eraikinen proiektuak ere egin zituen. Japoniatik kanpo ere egin ditu proiektuak, tartean Zuricheko (Suitza) aireportukoa. The Circle (zirkulua) izena jarri zion.

(ID_13671011) EEUU PREMIO PRITZKER
Zuricheko aireportua, Suitzan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.