Hilberria

Rob Reiner zinemagilea eta Michele Singer argazkilaria hilik aurkitu dituzte

Los Angelesko beren etxean topatu dituzte senar-emazteak, hilotz. Polizia hilketa gisa aztertzen ari da kasua.

Michele Singer eta Rob Reiner, artxiboko irudi batean. RON SACHS / EFE
Michele Singer eta Rob Reiner, artxiboko irudi batean. RON SACHS / EFE
Ainhoa Sarasola.
2025eko abenduaren 15a
11:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Rob Reiner aktore, zuzendari eta ekoizlea eta Michele Singer argazkilari, kamerari eta ekoizlea hilik aurkitu dituzte goizaldean, Brentwoodeko beren etxean (Los Angeles, AEB). Hainbat hedabidek zabaldu eta Los Angelesko Polizia Departamentuak baieztatu duenez, hilketa gisa ari dira aztertzen senar-emazteen heriotza.

New Yorken sortu zen Reiner, 1947an —Carl Reiner zinemagile eta aktorea eta Estelle Reiner aktorea zituen gurasoak—, eta 50 urte zeramatzan zinemagintzan eta telebistan lanean, aktore, zuzendari, ekoizle eta gidoilari gisa. 1960ko urteetan hasi zuen ibilbidea, hainbat telesailetako antzezle eta gidoilari gisa, eta All in the Family telesailagatik egin zen ezagun, 70eko urteetan.

Telebista utzi gabe, zinemagintzara jauzi egin zuen hurrengo hamarkadan, eta besteak beste, This Is Spinal Tap (1984), The Sure Thing (1985), Stand by Me (1986), The Princess Bride (1987), When Harry Met Sally... (1989), eta Misery (1990) zuzendu zituen urte haietan. 1992an A Few Good Men filmatu zuen, eta zuzendaririk onenaren Oscar sarirako izendapena lortu hari esker —Urrezko Globoetarako ere hainbatetan izan zen hautagai, beste lan batzuengatik—.

Ondorengo urteetan beste hainbat film zuzendu zituen, hala nola North (1994), The American President (1995), Ghosts of Mississippi (1996), The Story of Us (1999), Alex & Emma (2003), Rumor Has It... (2005), The Bucket List (2007), Flipped (2010), The Magic of Belle Isle (2012), And So It Goes ( 2014), Being Charlie (2015), LBJ (2016) eta Shock and Awe (2017).

Aktore gisa ere nabarmendu zen, film hauetan egindako interpretazio lanagatik: Throw Momma from the Train (1987), Postcards from the Edge (1990), Sleepless in Seattle (1993), Bullets over Broadway (1994), The First Wives Club (1996) Primary Colors (1998) eta The Wolf of Wall Street (2013).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.