Musika

Robe Iniesta Extremoduro taldeko abeslari eta gitarrista hil da

Musikari espainiarra 63 urterekin zendu da. 1987an sortu zuen Extremoduro, eta arrakasta handia lortu zuen nortasun handi eta bereziko musika eginez. Euskal Herrian ere hainbatetan jo zuen.

Robe Iniesta, joan den urteko uztailean, Kordoban. RAFA ALCAIDE / EFE
Robe Iniesta, joan den urteko uztailean, Kordoban. RAFA ALCAIDE / EFE
mikel lizarralde
2025eko abenduaren 10a
08:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Robe Iniesta Extremoduro Espainiako taldeko abeslari, gitarrista eta batik bat burua gaur hil da, 63 urte zituela, El Dromedario haren komunikazio agentziak jakinarazi duenez. «Gaur, 2025eko abenduaren 10ean, gure bizitzako prentsa oharrik tristeena idatzi behar dugu. Gaur agur esango diogu azken filosofo handiari, espainolezko azken humanista eta idazle garaikide handiari, eta belaunaldiak eta belaunaldiak zirraratzea lortu duten melodiak sortu dituen abeslariari».

Joan den urtean osasun arazoak izan zituen Iniestak, biriketako tronboenbolismo bat hain zuzen ere, eta egiten ari zen birako azken bi kontzertuak bertan behera utzi behar izan zituen.

Iniestak 1987an sortu zuen Extremoduro, bere proiekturik entzutetsu eta garrantzitsuena, eta talde horrekin grabatu zituen diskoek, arrakasta ez ezik, oihartzun handia ere izan zuten komunikabideetan. Izan ere, Iniestari aitortzen zioten poesia eta kritika soziala ironiaz eta ahobizarrik gabe uztartzea, baita hizkuntza indartsu eta pertsonal bat eraiki izana ere.

Extremodurok hasieratik erakutsi zuen nondik jo nahi zuen, rock gogorretik hain zuzen —«rock transgresiboa» deitzen zioten taldekoek—, baina,1993an, Iñaki Anton Uoho gitarrista eta ekoizle bilbotarra batu zitzaionean —Platero y Tu taldeko kidea— lortu zuen bere soinua definitzea. Hain zuzen ere, hurrengo urteetan egin zituen taldeak bere diskorik sonatuenak, Agila (1996) arrakastatsuarekin hasita. Ordura arte Extremoduro talde ezaguna zen gazteen artean eta sarritan azaltzen zen prentsa espezializatuan, baina disko horrekin komunikabide handietara salto egin zuen.

Taldeak 11 disko argitaratu zituen 2013ra bitartean, eta, gero, Iniestak bakarkako bideari heldu zion. Bost disko argitaratu zituen bere izenean, azkena orain dela bi urte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.