Rockari lotuta, barren-barrenean

Jazz eta swing ukituak gehitu dizkio ohiko rockari Jexuxmai Lopetegik 'Errekan gora' diskoko abestiei

Jexuxmai Lopetegi Errekan gora diskoaren aurkezpenean gitarra jotzen, Donostian, urriaren 29an. A. CANELLADA / ARP.
Donostia
2013ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
«Zer ote dago errekaren goikour-jauziaren beste aldean?». Jakin-min horretatik abiatu du Jexuxmai Lopetegik bere azken eta seigarren bakarkako diskoa: Errekan gora (Baga-biga), eta bilaketa baten emaitza dela kontatu du. Bakarkakoa, dena den, esateko modu bat da, ohi bezala lagunez inguratuta aritu baita lanean musikaria.

Hamalau abesti berri bildu ditu Lopetegik Errekan gora-n. Rockada nagusi, ohi bezala, baina hainbat estilorekin ausartu da, eta aurreko lanean jada agertzen ziren jazz ukituak ere nabaritu daitezke honetan ere. Harkaitz Canoren poema bat swing estiloan musikatu du, esaterako, eta bere «ohiko esparrutik kanpo» dagoela aitortu arren, diskoan mota guztietako kantuak sartzeko askatasuna izan duela nabarmendu du. Musikari onez inguratuta egoteak tentazioan erortzera eraman duela aitortu du. «Nik hasieran eginiko eskema batetik nora eboluzionatu dezakeen abesti batek, horixe aurkitu nahi izan dut lan honetan». Dena den, argi dauka rocka dela bere oinarria. «Rocka da nire lengoaia, nik hala nahi ez banu ere. Hain daukat barrenean sartuta, ezin dut rocketik gehiegi urrundu. Esperimentu txikiak egiten ditut, baina barren-barrenean rockari lotuta nago».

Abesti gehienak berak idatzi ditu, baina, aurreko alditan egin bezala, Joseba Sarrionandiaren bi testu ere musikatu ditu. Horrez gain, Jon Benitoren Bulkada liburuko poema bat, Pako Aristiren testu bat, Mitxel Muruak Harkaitz Canoren poema batetik abiatutako beste bat eta Canoren beraren kantu bat ere gehitu ditu diskoan.

Abesti gehienek natura dute hizpide, zarauztarrak azaldu duenez. «Bada abesti urbano bat, baina gainontzekoek naturako elementuei buruz hitz egiten dute». Izan ere, inspirazio iturri nagusia horixe duela aitortu du. Literaturari hainbat keinu ere agertzen dira diskoan. Esaterako, Pessoa 2 abestian Fernando Pessoaren azken poemetatik abiatuta, bere egiten ditu idazle portugaldarraren kezkak. Hamalau abesti berrietatik, baina, badauka faboritoa Lopetegik: «Ibaia da politena, melodia ederrena duena».

Lehendik ere elkarrekin lanean arituak dira Lopetegi eta Cano. Musikariaren literaturarekiko eta hitzarekiko kezka berezia goraipatu ditu Canok, «hitz bakoitza murtxikatzeko eta mastekatzeko kontu handi hori». «Iturburu bila dabil, baina bera bada iturburu, ur ezberdinak biltzen ditu: rocka eta literatura», esan du Canok.

Lopetegirekin abesti bat sortzeko prozesua ere luzea dela kontatu du idazleak. Testua pasa eta hark lehen melodia egiten duenetik abestia amaitu arteko trukea etengabea dela, eta biak gustura sentitu arte lan egiten duela.

Mitxel Murua idazleak, berriz, diskoaren oreka goraipatu du. «Disko honetan gauza askotaz gogoratzen da [Lopetegi]; izan ere, ezin dugu ahaztu. Baina gehiegi gogoratzea ere arriskutsua da, adin batetik aurrera, batik bat». Kezka horretatik abiatuta Lopetegik proportzio egokia aurkitu duela uste du.

Etxekoak eta gonbidatuak

Urteetan berarekin lanean aritu diren «etxekoek» tokia izan dute Jexuxmai Lopetegiren azken disko honetan ere: David Etura (bateria), Satxa Soriazu (teklatuak), Aitor Arozena (baxua) eta Xanet Arozena (gitarra). Baina horiez gain, hamaika gonbidatu izan ditu, besteak beste, Spring Onions jazz hirukoteko kideak eta Julen Izarra (saxoarekin).

Antton Olariagak egin du azala, eta diskoko abestiak entzunda «zipriztinak harrapatzen» ahalegindu dela kontatu du. Errekaren erdian enbor bat, «erreferente bat», kokatu du, «zalantzak eta kezkak dituena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.